Shostakovitxen haur opera eta “Zu haitz ez” estreinaldia, Haurren Hamabostaldian

Shostakovitxen haur opera eta “Zu haitz ez” obraren estreinaldia, Haurren Hamabostaldian –

Shostakovitxen haur opera bat oinarri duen “Sagutxo Tuntuna” eta “Zu haitz ez” obraren estreinaldia, Haurren Hamabostaldiaren hitzorduak.

Tabakalerako Patioak hartuko ditu bi ikuskizunak abuztuaren 8an eta 22an, 17:00ean.

Shostakovitxen haur opera eta “Zu haitz ez” obraren estreinaldia, Haurren HamabostaldianUrtero legez, Musika Hamabostaldiak zenbait ekimen abiarazten ditu etxeko txikiengan musikarekiko zaletasuna piztu asmoz. Aurtengo edizioan bi proposamen dakartza, hilaren 8an eta 22an, biak ala biak Tabakalerako “Kamaleoiak gara!” jarduera programaren barruan kokatzen direnak. Euskaraz izango dira, eta doakoak; edonola ere, aurretik eman beharko da izena, www.tabakalera.eu webgunean.

Haurren Hamabostaldiaren lehen hitzordua heldu den abuztuaren 8an izango da. “Sagutxo Tuntuna” ganbera musika talde batentzako, dantzari, txotxongilo eta narratzaile batentzako egindako moldaketa da, Shostakovitxen “Sagu txiki eta kaiku baten istorioa” haurrentzako operan oinarritutakoa. 30 minutuko iraupena duen ikuskizun hau 2 eta 6 urte bitarteko umeei dago zuzenduta, eta haur literatura errusiarraren sortzailetzat hartu ohi den Samuil Marshak idazlearen ipuin batetik abiatzen da. “Sagutxo Tuntuna”-ren narrazioa Errusiako etxalde batean gertatzen da, animaliek ilunabarra iritsitakoan lotara joan nahi dutenean. Istorio xumea da, errepikapenaren erritmoan oinarrituta, ume zein helduekin enpatia lortzen duena.

BapoBapo Produkzioak aurkezten duen obrak Maider Lopez eta Elena Bezanilla ditu zuzendari artistiko eta eszena zuzendari lanetan, hurrenez hurren. Juan Kruz Igerabidek sinatzen du gidoia eta Inalvis Pando (koreografia eta dantza), Anita Maravillas (txotxongiloa), Carmen M. Guerra (txirula) eta Aitor Gullo?n (fagota) dira gainontzeko taldekideak.

Bestalde, abuztuaren 22an “Zu haitz ez” proposamenaren erabateko estreinaldiarekin gozatu ahal izango dugu, Easo Eskolania eta Easo Gazte Abesbatza protagonista dituen ikuskizunarekin, alegia. 8 eta 14 urte bitarteko haurrentzat egokia, haur abesbatza, narratzaile eta pianorako jolas poetiko bat bezala aurkezten da, Etienne Daniel-ek konposatutako L’arbre-chanson oinarri duena. Zergatik ez dira etxean zuhaitzak hazten? Zenbat zuhaitz daude munduan? Zuhaitz bat hiltzen denean, zer da gertatzen? “Zu haitz ez” obrak mugimenduan dauden zuhaitzak abestiekin irudikatu nahi ditu: ileak harrotuta, zuhaitz okerrak eta tenkatuak, haizearekin dantzatzeko…

Gorka Mirandak (musika zuzendaria) eta Mafalda Saloiok (zuzendari artistikoa) mamituta, “Zu haitz ez” obran Ainhoa Tabuyo ariko da bakarlari gisa eta David de Oliveira, berriz, pianoan.

Shostakovitxen haur opera eta “Zu haitz ez” obraren estreinaldia, Haurren Hamabostaldian