Zaintzak zer diren galdetu zuenean

Zaintzak zer diren galdetu zuenean –

Aurtengo martxoaren zortzian, gurekin batera manifestaziora joaten ari zen ezagun batek zaintzak zer ziren galdetu zuen, zaintzak esaten zenean, zaintzak zehazki zer ziren, alegia.

Eta orduan, emozioak jota gogoa berotu eta hor hasi ginen: “zaintzak? Zaintza sistema gure eguneroko bizitza aurrera ateratzeko ezinbesteko den guztia da”.

Eta noski, ez genuen hor bukatu, norbaitek dakizun zerbaitez galdetzen duenean sortzen den zirrara horrek zeharo hartuta gintuen-eta: “Zaintzak historikoki bizitza kolektiboaren zainketa lehentasuna ez den sistema bateko bizitzen euskarriak dira. Horregatik, nahi dugun Euskal Errepublika feministan, bizitzak erdigunean jartzen diren egiazko demokrazian baino ez diegu zaintzei dagokien pisua emango, eta orduan, zaintzak beharrezko eta txandakakoak izango dira!”.

Jakina, adibide mordoa eman genizkion, den-dena ondo uler zezan. Eta zin dagizuet gure bizitzako diskurtso onena bota genuela. Miresten ditugun beste hainbeste idazle eta aditu feminista zitatu genituen. Gure hilabeteetako lana, hau da, ulermen, hausnarketa, kohesio eta sintesi lan paregabea eginez, mugimendu feministak aldarrikatzen duen aldarri esanguratsuenetariko bat azaltzeko. Konturatzerako haserretzen hasita nengoen. Tipo honek ez al zituen gutxienez manifestazio bukaeran irakurtzen diren adierazpenak ere entzuten?

Eta orduan… zera, konturatu nintzen: mutilek, oro har, ez duzuela teoria feministarik irakurtzen. Duela urte batzuk atzera, gustu handiz erantzungo genituzkeen ingurukoen galdera eta zalantza guztiak baina tira, manifestazioko azken ilaran jartzea baino gehiago eskatzen du aliatu izendapenak.

Bada garaia gizon zis heteroek, besteok egin bezala, guztien eskura dagoen material feminista irakurri, entzun eta eztabaidatzekoBada garaia gizon zis heteroek, besteok egin bezala, guztien eskura dagoen material feminista irakurri, entzun eta eztabaidatzeko, eta ulermen eta hausnarketa hori zuek ere egiteko, zuen kuadrillako neskengandik hainbeste interesatzen zaizkizuen prostituzioaren inguruko edo bestelako eztabaidak mamituta eta laburtuta jaso beharrean. Zuen gizontasun oldarkorra berrikusi eta horrela guk-ezer-esan-gabe, zuen jarrerak ulertu eta aldatzeko. Heteroaraua zalantzan jarri eta zuen presentzia eta protagonismoa lanean, festan, kalean eta militantzian birplanteatzeko, eta behingoagatik, modu aktiboago batean zuen artean salatu, eta elkar kargu hartzeko.

Eta horretara nator. Izan ere, Zirgari lantaldearen gidaritzapean, Donostiako Piraton Sare Feministak mugimenduko gizon zisheteroei zuzendutako tailerra eskainiko du hurrengo asteartean. Aisian eta militantzia eremuetan gizontasun hegemonikoaren presentzia eta espazioak landuz, horren gainean lan egiteko oinarri teoriko bateratu bat sortzeko helburuarekin.

Eta hasiera bada ere, gauzak benetan aldatu nahi badira, gauzak aldatzeko erreminta eta ezagutzak hartu egin behar dira.

Zaintzak zer diren galdetu zuenean