Xenofoboa eta negatibista
Xenofoboa eta negatibista –
Xenofoboa zer den badakit: Atzerritarrekiko gorrotoa edo arbuioa sentitzen duen pertsona, edo, ezaugarri hori atzerritarrak gorrotatzen dituenarena da. Amen! Nik ez dut neure burua horretan ikusten.
Ez dakidana da negatibista asepzioa egon dagoen gaztelaniaz. Izan ere, neuk asmatutakoa dela esango nuke, hots, negazioaren aldeko aktibista izango litzateke negatibista. Hiztegiari gainbegirada bat eginda, hauxe dio negatibistari buruz: Nahaste oposizionista desafiogilea honela definitzen da: jokabide oposizionista, negatibobista, desafiatzailea, desobeditzailea eta ostikaria. Amen! Desafiatzaile bai, desobeditzailea ere bai. Hortik gora, ni neu ez, behintzat.
Kalifikatibo deskalifikatzaile hauek biak erantsi diote Argiako zenbait kidek jada aspalditxotik dudan termino itsusien kurrikulumari. Milan Kunderaren zirkulu itogarria (Irria eta Ahanzturaren liburuko teoria) gero eta txikiagoa da; biribilketak aurrera darrai zirkuluan, halere, dantzan jarraitzeko eskubide eta monopolio bakarra haiena bailitzan, zirkuluegileena, alegia.
Zergatik uste dute aldizkarikoek ni xenofobo eta negatibista naizela? Ez ote dute ezkutuan izango beste arrazoi eta motiborik azaleratu nahi ez dutena?
Bada, ni xenofobo eta negatibista ei naiz bi artikulu hauengatik, batez ere, aldizkarian argitaratu zirenak aldi desberdinetan: “Agur, Euskal Herria” (2019-09-08) eta “Erria txikota eta euskara batua” (2014-09-30).
Baga. Lehen iritzi artikulu horregatik xenofoboa naizela uste dute eta, bigarrenagatik, negatibista: Agur, Euskal Herria artikuluan hauxe nabarmentzen du aldizkariak letra handiz eta gorriz: “Euskal Herria gizarte mestizoa da, espainiar eta frantziarrez hornituta, gehi egun eta aurrerantzean herriratzen jarraitzen duten emigrante onartu beharrekoekin. Mestizaia geldiezinak eta mendeetan zehar emanak ez digute nahiko genukeen Euskal Herria eratzen laguntzen”. Hauxe idatzi nuen, besterik ez. Euskal Herria mestizoa ez denik ezingo da ukatu, ezta? Baina ez hain zuzen ere arraza kontuagatik, baizik eta ikuspuntu kulturaletik. Eta bestela ere bai. Gure herrian euskaldunak bizi gara, espainiarrak, errumaniarrak, hegoamerikarrak, marokoarrak, palestinarrak, ukraniarrak, moldaviarrak , senegaldarrak. Espainia bat eta bakarra eta hizkuntza bat eta bakarraren aldeko espainiar zaleek , diot artikuluan, deus gutxi aportatzen diote nik nahiko nukeen Euskal Herri, independente, soberano eta euskaldunari. Eta kanpotik, atzerri urrunetik datozen pertsonak, miseriak, goseak, gerrak eta biziraupenak bultzatuta honetaratuak, beso zabalik hartu nahi eta behar ditugunak, haiek ez baitatoz guri ezer kentzera. Gurean integratzen dira Espainiako edozein tokitan integratu egingo balira bezala. Hizkuntza bakarra (gaztelania) eta nazio bakarra (Espainia) ezagutzen dute. Kontuan hartu behar dira, bestalde, Euskal Herrira etorri diren kanpotar batzuk ere era konszientean integratzen direla gurean, interesatu egiten baitira non dauden eta zernolako gatazka bizi duen Euskal Herriak Espainia zein Frantziarekin. Eta euskara ikasi eta erabiltzen dute, seme-alabak ikastolara eramaten dituzte. (Xenofobia)
Biga. “Erria txikota eta euskara batua”. Negatibista izatearen arrazoi da artikulu hau antza. Hauxe diot bertan: “Ez dago amaren seme-alabarik hau ulertuko duenik (Saria hausiya zekarkiñe/marian sartuko omen ditun/eokieran, bi mila baixkiñe,/beatzik alden palota abitu./Etzion guk konpondu ezinik/Baño lanai gor ekiñ aurretik/Saria zabaldu ertza danetik/Eztiñau ber joskura okerrik/MUTILLOYAN AMARRATUTA/ZENBAT LEZAKE KONTA…/AITU, MUXU BOTA/ABITZEA GUAZTIK, ERRIA TXIKOTA!!/Arrai tokin aberi zikiña/Hogei brazan tarrata garbiya…/MUTILLOYAN AMARRATUTA/ZENBAT LEZAKE KONTA…/AITU, MUXU BOTA/ABITZEA GUAZTIK, ERRIA TXIKOTA!!), Orioko bertako biztanle euskaltzalerik ez bada. …..”Ondorioz, euskara (batua) gero eta zokoratuago ari gara egiten, euskalkiek duten garrantzia eta ezinbestekotasunaren mesedetan, euskararen (batua) elikagai direlakoan. Eta urteak joan eta urteak etorri, belaunaldiak joan eta belaunaldiak etorri, eta normalizazio bidean barik, zabaldu eta ugaritu beharrean, gero eta lokalagoa, baztertuagoa eta aho-mintzotik urrunduago dago euskararen (batua) ibilbide arantzatsua…… Denontzat euskara bat eta mundu guztiak ulertzeko modukoa indartu behar dugu, gizarte maila eta estamentu guztietan. Bestela, “1968ko Arantzazuko bilera hark” ezer gutxirako balio izan duen sentsazioarekin biziko gara beste ehun urtean ere. Eta politikagintzan bezala, hizkuntzan ere aurrera egin beharrean, atzerantz arrapalada bizian egiten ari garen sentsazio mingots garratzak aho-sabaia ustelduko digu…… Badakit: murgiltze linguistikorik ez izateak, euskarari prestigio ez emateak, lege aldetik babesik ez izateak eta beste hainbat faktore exogeno eta endogenok (hedabide erdaldunen eragina; euskaldunok dugun joera amorratua gaztelaniari prestigio emateko) kalte baino ez dio egiten gure hizkuntzari” (Negatibista)
Kasu bi ala bietan, xenofobo barik, negatibista baino, errealista naizela uste dut. Baina jakina, dena da itsasoa ikusten dugun kolorearen araberakoa. Batek botila erdi hutsik ikusiko du eta, besteak, ordea, erdi beterik. Egoeraren analisia egiteak, enpirikoki arrazoitua, gainera,ez du esan nahi zu ukazioaren aktibista zarenik. Eta bai, ordea, zure analisi errealistaren bitartez, zenbaitzuei hausnarketarako gonbidapena egiten diezula egoeraren zehaztasunak emanda.
Nire idatzietan agertu nahi dudan mezua argia delakoan nago. Jendarte pentsalaria nahi dut xaxatu, akuilatu: Euskara maite dutenak nahi ditut limurtu nik ikusten dudan errealitatearen irudiaz jabe daitezen, errealitatearen alde ezkutu hori begien bistan jarriz. Establishment-etik datorrenak ez gaitzala itsutu saltzen duten koipeztatutako urdaiazpikoarekin.
Aldizkarikoek esan beharko dute diru laguntzen bidez sisteman integratuak izateak, asimilatuta egoteak, politikoki zuzen izateak eta ilargiaren alderik argiena baino ez erakusteak merezi duten duintasunez iraunarazteko.
Euskal kulturalen malurak ez datoz soilik establishment-ak euskal kultura folkloretzat hartzeagatik. Kulturgile gutxiagotuek eurek beraiek sortutako sare zirkular itxi eta itsuak, kuadrilakeriak eta txokokeriak badute erantzukizunik ere euskal kulturaren endekapen horretan.
Badira gure artean ondo errotutako ohitura gaizto bezain tristeak. Zentsura sasipolitikoaren usaina dario, txalaparta baino tradizio sendoagoa bilakatuta dagoeneko.
Sinesgaitza gertatzen da oraindik ere halakoak ikusi beharra. Areago Argian, inguruotako hedabide prestigiotssuenetako batean.
Azalpen bat ematea ez legoke batere gaizki. Hain da etsigarria!
Halaxe da JJ
Norbaitek, Mikelez gain (Twuiter) ez baitu inork gehiago ezer esan, erantzungo zidatela esanagatik ere (Letona)
Nire ustez, Karlos, ez zenuen beste munduko argudiorik eman denon begibistan dagoena konstatatzeko. Zenbaiti ez zaiola gustatu hori? Ez da harritzekoa… nolako inguruan gauden jakinda.
Euskal mikrokosmos honen baitan berehala etiketatzen ditugu ondokoak, janzten ditugun betaurrekoen kolorearen arabera.
Bo, ulertzen didazu.
Ni kartzelan nintzelarik, erakundeak eragindako kalte kolateralen aurrean, esaten zuten: ireki aterkia atertu arte.
Gaur egungo aurrerakoiek zentsurara errezegi jotzen dutelakoan nago. Euren ideien monopolioaren menpekotasunetik irteten den oro, -ista atzizkiaz janzten dute, eurena egi bakarra balitz bezala. Zure -ista-tasun hoietan hainbatek aspaldi gure herrian ikusten dugun bilakaera gaiztoaren baieztatzea baino ez dut sentitzen. Eta ez hori bakarrik,ideien monopolioaren jabeak bihurtu diren hauek, gure herriaren suntsiketan eta desagerpen prozesu horretan kolaboratzailetzat hartzen ditut, tamalez.Agian, bere garaian, euskal nazio askepenerako prozesuan egindako ekarpen handiko subjetuak izan daitezke, baina orain gure herriaren desagertzeko lan horretan ezinbesteko kolaboratzaile moduan ikusten ditut. zoritxarrez.
ETAk borroka armatua bertan behera utzi (zer erremedio) zuen.
Alderdien legearen mehatxupean eta bozken behin-behinekotasunari men eginez, Sortuk ezker abertzalearen hainbat oinarri bazterrera utzi zituen, bere ideologia desitxuratzeraino, lehenik Aralarren bideari estu helduta, eta orain Podemosen arrastoan, dirudienez.
Baina badu atzean utzi nahi izan ez duen ezaugarri bat: sektakeria.
Uste osoa dute eurek direla herri hau gidatu behar dutenak, uneoro eta herritarrek euren proposamenak babestu zein ez. Garai batean estrategia politiko-militarra lege zen bezala, egun erreformismo sozialdemokrata gero eta erdaltzaleagoak salbatuko omen gaitu, eta horretan sinisten ez duena baztertu beharreko hereje, lotsagabe edo arerio bilakatzen da.
Bada bai, lehenbiziko artikulua xenofoboa da peto-peto: bigarren eta azkenaitzineko paragrafoak, nabarmen, eta testu osoari jite bereko usaina dario. “Euskal” dioen toki guztietan “espainiar” erranen balu, gustura asko sinatuko luke Mikel Azurmendik berak. Harritzen zara bertzeek xenofobia ikusten dutelako zuk aberri maitasun zintzoa ikusten duzun tokian: hori ere ez da harritzekoa, nik dakidala inork ezbaitu bere burua “xenofobotzat” edo “arrazistatzat” jotzen. Bide batez, “xenofobiaz” ibiltzen duzun definizioa erabat infantila da: xenofobiak plegu aunitz ditu. Atzerritarrak zu ez bezalakoak direlako, eta bertzerik gabe, urruti nahi dituena xenofoboa da. Uler dezazun: zuk gayak eta lesbianak urruti nahi badituzu zure iritziz ez-dakit-zeren “izate intrintsekoa” eta “izaera berebiziko eta karakteristikoa” zapuzten dizkizutelako, zu homofoboa zara.
Ez dakit zergatik bi artikuluok batera dakartzazun hizpidera. Lehenbizikoa xenofoboa da (horrek duen karga arriskutsuarekin); bigarrena, berriz, ostatuko solasa baizik ez da: gaizki informatua, nahas-nahasia eta klitxez betea, baina kalterik egiten ez duena. Eta pena da, zeren gaia sakona eta eztabaidatzeko modukoa baita.
Guztiaz ere, eskerrak ematen dizkizut, azkenaitzineko esaldiak irriño zuria atera baitit. Ez da gutxi, gero, gauden garaian!:
“Jo deza(gun)tela mahaian hordagorik ozenena eta bira dezagun lema 360 gradu.”
Labur ikusten zaitut, laburregi ondoriorik ateratzeko iruzkin xumeetatik, testuingurua bere osotasunean baloratu barik. Edo behar bezala informatuta egon barik.
Ilargia non dagoen seinalatu eta hatzamarrera begira geratzen duen horietakoa ez ote zaren dut zalantza. Souffle zalea, alegia. Ez da lehen aldia esaten dizutena deus gutxi jakinda itsusi dagoela iritzi orokorrik ematea, hau da bolandera batek itsututa ezin duzula baloraziorik egin su artifizialen inguruan. Zure iritzi “heldu” eta “jasoek” burla egiten diote akademikoek xenofobiari buruz duten definizioari. Argi dago, bestalde, abertzaletasunarekin zerikusia duen iritziak tripalak eragiten dizkizula, edo bestela esanda, idenditate inguruan sortzen diren eztabaidek bihotzerrea ematen dizutela. Imajinatzen dut ELAkide izanda baduzula zer esan txarrik zu kide zaren sindikatuaren estatutetan Nazio Kontseilua edota Nazio Batzordea bezalako kontzeptuak irakurtzen dituzunean. Arazoa ez dago besteren hitzen zure interpretazio “berezia” plazaratzean, jakin baitakigu berba soil batek, gutxienez, lau interpretazio desberdin izan ditzakeela: esaten dena eta esan nahi dena; entzuten duzuna eta entzun nahi duzuna; irakurtzen duzuna eta irakurri nahi duzuna. Postmodernoek hori duzue abantaila, munduko hiritartasuna baino ez duzuela onartzen “abertzaletasun menperatzailearen” aldean. Estropozu egin duzu berriro harri berean (gizakiaren ezaugarri-joera naturala omen) zure laburretik ondorio txinparta zaleak eragiteko.
Etxean ez zizuten esan gezurrak esatea bekatu zela? Ai Pinotxo, barkatu, Kabe!!!
Larru-azal sobera minbera duzu, Karlos. Agerian denez, ez zaizkizu txalo-joleak falta xoko hauetan. Beraz, “pinotxo labur” honen kritikak ez dizu zertan autoestima apaldu. Lasai zaitez, bada.
Zu bezalakoekin nahas ez nazaten utzi diot “abertzalea” naizela errateari. Kanpoan galdetzen didatelarik, nahiago dut erran “independentista” soila naizela, oker-biderik egon ez dadin. Zuri ez bezala, niri ez dit beldurrik ematen edonongo etorkinez “hornitutako […] gizarte zabalago, irekiago eta mestizoago” batek; beldur ematen didate, ordea, “izate intrinseko” eta puru guztiek, eta are beldur haundiagoa hitz horien gibelean gordetzen diren tentazio arriskutsuek. Pentsamolde hori arrotza zaio, bidenabar errateko, oraingo zein betiko Ezker Abertzaleari: seguruenik gauza aunitz leporatzen ahal zaizkio, bai, baina xenofoboa inoiz ez da izan.
Zuk eta biok ez dugu Euskal Herri bera amesten, zorionez. Bidaide zaitut, gogoz kontra, baina ez gogaide. Gurea noizbait estatu normalizatua balitz, hainbati mozorroa eroriko litzaieke. Erran nahi baita, ez da egia gurea ultraeskuin xenofoborik gabeko Europako oasisa dela: mito hori eta zuk hain gustuko bide duzun “Europako hizkuntzarik zaharrarena”, haren batean. Ez, ez gara bereziak, eta ez bakarrik estatistikoki logikaz kontrakoa delako: sektore soziologiko hori, gutxi-goiti-behiti haundia, mugimendu abertzalean dago txertatua, lozorroan, gisako egokieran esnatzeko gertu. Espainian, VOX-ek eta Ciudadanos-ek: “nosotros no somos ni de izquierda ni de derecha, somos españoles”. Frantzian, Marine Le Pen-ek, “nous ne sommes ni de droite ni de gauche, nous sommes pour la France”. Hemen ere, hainbatek: “ez gara ez eskuinekoak, ez ezkerrekoak, gu Euskal Herriaren alde gaude”.
Lehenbiziko aldia da gizasemeak hil dituen norbaitekin buruz buru solastatzen naizela (ni jakinean nagoela behinik behin). Ez da egokiera ez xamurra ez atsegina. Berdin sentituko nuke, bertze nonbait idatzi bezala, urteak kartzelan eman dituen bortxatzaile-ohi bati buruz, edo ezkerreko manifestari bat hil duen ultraeskuindar preso-ohi bati buruz, edo milioiak sakelaraturik ehundaka langile kale gorrian utzi dituen eskrupulurik gabeko enpresari preso-ohi bati buruz. Denok ohiak, denok zegokizuena beterik, denok zeuon bizitza berregiteko eskubidedunak: aitzina, eta izan zoriontsu. Baina neure barrenak ez dit uzten inongo konplizitaterik sentitzen. Eta lainoki aitortuko dizut, gibel-asmorik gabe aitortu ere: bertzerenak ez bezalako azken urteetako zure ibilbideak, zirt-zart, adorea eskatzen du, eta nik estimatu. Baina aski izan ez niretzat. Nik, ezin. Tripalak eragin horrek bai. Eta areago artikulu horretan agerian diren ideiak dituzula irakurrita. Erran nahi baita, hau duzu zurekin dudan azkeneko solasa.
Kabek amesturiko “gizarte ireki” hori ez da honakoa besterik: AEBtan, Frantzian edo Britainia Handian XX. mendean zehar gainezarri den gizarte-eredu inperialista, burges eta masonikoa. Nik bederen ez nuke hori nahi Euskal Herriarentzat, ezta inondik ere, hasteko gizarte hori ez litzatekeelako Euskal Herria izango (herri kontzeptua ez dagokio masa deserrotuz osaturiko tutifrutiari), eta, bigarrenik, aipaturiko adibideek soberan erakusten dutelako tankerako gizarte ereduek ez dakartela inongo irabazirik gizadiarentzat. Aitzitik, herrien deserrotzea, komunitateen arteko gatazka etnikoa, gizartearen atomizazioa, segregazioa eta endekapena, mafia eta krimen antolatuaren gorakada, edota askapen nazionalaren zein klase borrokaren azpiratzea besterik ez dakarte halako gizarteek. Azken batean, nortasun eta borondate berdin batek trinkoturiko herri batasunetik sor daitekeen kontrabotere ororen eraketa oztopatzen du heterogenia guzti horrek, eta horrek oligarkia inperialisten kartel eta familiak betikotzen ditu boterean. Are gehiago, gizarte multikulturalaren sustapena oligarkia inperialisten amarru bat da ezbairik gabe. Ekialde Hurbila dugu multikulturaren erakusle argi bat, non tentsio etniko, erlijioso eta kulturalak etengabe diren hauspotuak inperialismo ezberdinen partetik. Euskal Herria “aniztasunaren” altarean debalde sakrifikatu nahi izatea da Kaberen ametsa. Ezkerraren izenean inperialismoari eta burgesiari jokoa egiten dio nafar ameslari honek, agidanez.
Kabe anonimo hori. A ze etika lezio gorena itzaletik emana. Zure izena bezain sinesgarria.
Hara bestearekin bat. Benetan lotsabakoa izan beharra dago horrelakoak ezkututik botatzeko, handiuste barregarri horrekin gainera.
Berriro oker eta gezurretan. Irakurri mesedez Zu Zeuko artikulua goitik behera eta ez duzu antzemango zuk amets eldarniotsuan dizkiozunak. Badaezbada, lagundu egingo dizut: “Gure herrian euskaldunak bizi gara, espainiarrak, errumaniarrak, hegoamerikarrak, marokoarrak, palestinarrak, ukraniarrak, moldaviarrak , senegaldarrak. Espainia bat eta bakarra eta hizkuntza bat eta bakarraren aldeko espainiar zaleek , diot artikuluan, deus gutxi aportatzen diote nik nahiko nukeen Euskal Herri, independente, soberano eta euskaldunari. Eta kanpotik, atzerri urrunetik datozen pertsonak, miseriak, goseak, gerrak eta biziraupenak bultzatuta honetaratuak, beso zabalik hartu nahi eta behar ditugunak, haiek ez baitatoz guri ezer kentzera. Gurean integratzen dira Espainiako edozein tokitan integratu egingo balira bezala. Hizkuntza bakarra (gaztelania) eta nazio bakarra (Espainia) ezagutzen dute. Kontuan hartu behar dira, bestalde, Euskal Herrira etorri diren kanpotar batzuk ere era konszientean integratzen direla gurean, interesatu egiten baitira non dauden eta zernolako gatazka bizi duen Euskal Herriak Espainia zein Frantziarekin. Eta euskara ikasi eta erabiltzen dute, seme-alabak ikastolara eramaten dituzte”
Eta nik bai hartuko nuke zurekin kafe bat, biok mozorrorik gabe, nor den nor hau edo hura esaten duena. Ezkutalekutik tiroka barik, neuk ere ez baitut bidaide nahi izan era koldarrean harria bota eta eskua ezkutatzen duenik.
Ah! ahantzi egin zait esatea polizia lan “bikaina” egin duzula esatean: “Lehenbiziko aldia da gizasemeak hil dituen norbaitekin buruz buru solastatzen naizela”. Baina hemen ere kukuak oker dizu. Hemen ere txarto informatuta. Poliziaren estolderiak lanean jarraitzen duten seinale.