Diruak ez du ideologiarik
Diruak ez du ideologiarik –
Azken hilabete hauetan ikasle garaiko istorio oso ezaguna den antzezpen baten aurrean gaudela dirudi. Bibliak berak dioenez, Abraham eta Sararen biloba bikiaren arteko aferan aurrez-aurre jarri gaituzte euskaldunok. Beharbada oraingo gaztetxoentzat ez, baina, helduen artean ezaguna dugu, nola Esau eta Jacob anai bikiak izanik, lehenak -Esau berak- anaiari, oinordekotzak daraman onura guztiak, dilista plater baten truk eman zizkion gosea asetzeko asmoz.
Badakit ez dela gauza berria, baina bai kontutan hartzekoa. Oraingo afera hau biziki maltzurragoa dela ikusten baita, Covid-19ak oso egoera berezian jarri gaituelako.
Gaur Euskal Herrian bizitzen ari garena ez da batzuk nahiko genukeen bezain gozoa, egia da, baina nire ustez egoera latzagoaren ataria besterik ez da. Agian, horregatik izango da EAJk Euskal Herriko egoera ekonomikoaren larritasuna norainoko bidean dagoen jabetuz, eta egungo bitartekoen ezak erakartzen dituen ondorio politiko larriek, berak bakarrik ez jasotzeko, egoera hau kontutan izaten ari da Estatu Aurrekontuak sinatzeko bidean.
Beti bezala, hasieran, mesfidantzez beterik bada ere, arlo politikoan akordio ezinezkoa delakoan, EAJk bere errebindikazio gorenak planteatuko ditu, gaurko konstituzioa eta Gernikako Estatutua errespetatuz, noski.
Aurrerago, bere jarrerak biguntzeko eginbide minimo bat erdietsi arte, gehienbat Kontzertu Ekonomikoaren inguruan, nabaria izango da paktuaren hobekuntza politikoen eza. Estatutua ezin hobetzea, Nafarroarekiko dagoen hutsunea, bakegintzaren ondorio politikoen falta, espetxeak….
Betiko antzerkia, errebindikazio politikoak salduz, diru gehiago lortuko du alderdi jeltzaleak “Hiru Probintzietarako”. Beraz hau da eta ez besterik, EAJk duen proiektu politikoen ezaugarri nagusia: iruzurra.
Berriro ere EAJren barruan desadostasunak agertuko dira, nahiz eta Aurrekontuen Paktua sinatu ondoren, denon baietza jasoko duten.
Ez da berria, bertako buruzagi ezagun batek aspaldi zioen bezala: “usoen garaia ez da, belatzena baizik”
Ez da soilik politikoa, baita sindikala. Erakunde mailan tramankulu guztiak eskura izanik, gaitasun politiko eza berriro agerian geldituko da. Betiko leloari helduko diote: “Madrilen erabakiko baita, Madrilen onartzen ez denak ez du zentzurik…”.
Gasteizko “bikoteak” eta bere laguntzaileek ez dute ausardiarik politika propioa egiteko; ez dira gai eraikuntza nazionalaren lemazain izateko; ez dute gaitasunik bakegintzan gaur eskura jarri dizkioten aukerak lantzeko. Madrilen menpe bizi dira. Estatuaren hizkera besterik ez dute erabiltzen.
Tartean, eta zer asmatu ezinik dabiltzala, politikagintzan sorginkeri hutsaz bizi direnak, demokrazia “integrala” miresten hasi direnean, demokrazian sakondu nahi dutenak, benetako aukerak bilatzen dituztenak, baztertzen dituzte, ez omen dira “fidagarriak”.
Euskal Herrian bizi dugun ustelkeria hutsa da, Euskal gizarteari egiten zaion iruzur nardagarria. Hemen gertatzen ari denak ez du zer ikusterik ez justiziarekin ez demokraziarekin.
Horrela, ustelkeri politikoen lokatzez leporaino daudenak , eta nahiz hautesle sostenguak behar adina indarrik ez, dirua eta boterea kudeatzen dituzte. Harro, demokraziaren zaindari balira bezala. Beti daude dirua dagoen tokian. Dirua baita beraien elikadura nagusia. Asebete daudenean neurririk gabe xahutzeko, eta gosez daudenean, harrapatzeko.
Antzezle lan txukun samarra eginez, PSOEko idazkari bizkaitarrak, EAJri kontuak eskatzen dizkio, Madrilgo gobernuari aurre egin izana, Errioxako San Millán baztertzeagatik. Baina horrelako ika-mikak, betiko folklorea da, ez dute batere mamirik.
EAJk ez du bere “betiko” bidea aldatzeko asmorik. Gogoratu nahi nuke, nola, joandako mendearen bigarren hamarkadan, EAJk abertzaletasun aztarna guztiak baztertu zituen, Ramón de la Sota, -Castro Urdialesen jaiotako eskuindar ospetsuari- amore eman zioenean. Geroztik, herri honetan dauden instituzioak gobernatzeko erakunde profesionala dugu. Ez gehiagorik eskatu, ez baitu emango.
Politikoki nahiz ekonomikoki, EAJk nahiago izan du Madrilekin berriro elkartu, Euskal Herriko eraikuntzaren oinarriak finkatu baino. Are gehiago, Euskal Herriko deseraikitze nazionalaren Estatuko estrategian parte hartzen ari da buru belarri. AHT, eta beste hainbat eraikuntza erraldoi bai, baina zeren truke, errebindikazio guztietan sasi-bide bat bilakatuz, suhiltzaile lana eginez, kolonizazioa luzatuz.
EAJ gaur, euskaldunei inposatzen diguten “espainolen demokrazia” honen ispilu da. Aspaldiko bere lankidetza unionistaren poderioz, ez digute uzten euskal demokrazia eraikitzen. Noiz arte?
Lerro buruan esandakoa berreskuratuz, diruak ez baitu ideologiarik.