Joan Mari Torrealdai, komunikazioaz gehien arduratutako jakintsua

Joan Mari Torrealdai, komunikazioaz gehien arduratutako jakintsua –

Amatiñok bere blogean idatzia.

Joan Mari Torrealdai, komunikazioaz gehien arduratutako jakintsua
Durango, 1975

Joan Mari Torrealdai hil da bart [uztailaren 31n]. Euskarak eta euskal sustapenak azkenengo berrogeita hamar urteotan izan duen erreferentziarik nabarmenenetakoa. Bai, gutxienez, 1975an. Durangoko Liburu Azokak “Kirikiño” euskal kazetari onenari saria eman zionetik eta, bi urte geroago, “EUSKAL IDAZLEAK GAUR. Historia social de la lengua y literatura vascas” azterketa soziologikoa argitaratu zuenetik.

Gauza asko, eta gogotik, aldatu dira geroztik Euskal Herrian, ordurako Joxe Azurmendik hitzaurrean iragartzen zuen bezala. Gogoan ditut Joan Mariri aita hil zitzaionean Foruko jaiotetxean izan genuen elkarrizketa eta besarkada maitakorrak, hainbat urte geroago Donostiako Jakin aldizkariaren bulegoetan izandako bilerak eta 1982an, Ramon Labaienen onespenaz, Eusko Jaurlaritzaren Euskara Zuzendari izan zedin egin nion proposamena.

Gauza asko aldatu dira, eta ez denak onerako, “ETB simboliza la función moderna del euskera” txostentxoa (1984) bidali zidanetik, orain hurrengo, Joxe Azurmendiren Kongresuan (2019), Xabier Barandiaranek “egungo komunikazio gizartean ETB anekdota bat” baino ez dela adierazi zuen arte.

Gauza asko aldatu dira, bai, baina, zer gerta ere, Paulo Agirrebaltzategi, Joseba Intxausti eta Joxe Azurmendirekin batera Joan Mari Torrealdaik berak osatzen zuen 1956ko belaunaldiaren “corpus” bateratuak jarraitu izan dio hasierako helburuari eusten, alegia: “euskalduntasunari lehentasuna eman, euskararen eta taldearen independentzia oinarrituta”.

Ez da batere erraza Torrealdairen lanerako ahalmen joriaren zein ardura kementsuaren emaitza zehatzak zerrendatzea, baina, gizarte-komunikazioaren ikuspegitik behintzat, bere esaldi batek laburbiltzen du nerabetatik erakutsi izan zuen irrika: “Euskal kulturari ikusgarritasuna ematen saiatu naiz”.

Izan ere, zail da, gero, euskal gizartean aurkitzea beste inor, Joan Mari bezain jakitun eta jantzia, komunikazio-arloan hainbeste egin duenik.

Goian bego, Joan Mari.

Joan Mari Torrealdai, komunikazioaz gehien arduratutako jakintsua
Lorea Agirre, Paulo Agirrebaltzategi, Joseba Intxausti eta Joxe Azurmendirekin batera

 

Joan Mari Torrealdai, komunikazioaz gehien arduratutako jakintsua

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.