Umorea da alternatiba bakarra!

Umorea da alternatiba bakarra! –

Antzerkia, bakarrizketak eta bat-bateko ikuskizunak Falerina lorategian

Hemen dira Irri-Barra gauak 2020,COVID-19aren kontrako umore saioak. Udako ilunabarretan Falerina lorategia barrez jantziko duten ikuskizunak. Aurten, egoera bereziak behartuta, izena eman beharko da aldez aurretik eta distantziak bermatuko dira ekitaldietan. Uztailaren 30ean, abuztuaren 27an eta irailaren 17an, ostegunarekin, iluntzeko 20:00etan. Tessa Andonegi eta Ainhoa Aierbe, Alazne Etxeberria, eta Iñaki Maruri, Mitxel Santamarina eta Ismael Pereira aktoreak igoko dira oholtzara hurrenez hurren.

Umorea da alternatiba bakarra!Uztailaren 30ean, abuztuaren 27an eta irailaren 17an umorez beteko da berriz ere Falerina lorategiko eskenatokia. Bosgarren urtez hemen dira Irri-Barra gauak euskarazkoumore antzerki, bakarrizketa eta bat-bateko saioak, udako ostegun ilunabarretan arazoak une batean ahaztu eta barre egiteko!

Oso garbi dago, hau da pandemiaren kontrako alternatiba eta antidoto onena, umorea! Gauzak horrela, aurten Ttipia Kultura enpresarekin elkarlanean hiru ikuskizun eskainiko dira, horretarako beren beregi berreskuratuko den Falerina lorategian.

Ikuskizunak doakoak izango dira, iluntzeko 20:00etan, baina izena eman beharko da aldez aurretik, modu hauetako batean:

  • Bibe plataforman
  • oihaneder@oihaneder.eus helbidera idatzita
  • Telefonoz eskatuta (615.986.832), 10:00etatik 12:00etara

    *Gonbidapenak agortu arte, edo emanaldi egunera arte.

.

• Uztailak 30, #MeToo

Feminismoa berpiztu egin da, eta berarekin, sekula entzun ez diren tonaka kontzeptu, terminu, berba eta gauza. Txukuntasun pixka bat behar dugu, eta kaos informatibo honi irtenbidea emateko GU gaude, Tessa eta Ainhoa. Zuekin guztiekin bizitzea tokatu zaigun garai zirraragarri honi buruzko hausnarketa bat, ikerketa, argibideak bilatzeko gaude.

Aktoreak: Tessa Andonegi eta Ainhoa Aierbe Zuzendaria: Aitor Gabilondo

.

• Abuztuak 27, Bikote bila, zenbat komeri!

Emakume euskaldun bat bikote bila…..Senargaia, maitalea, laguna, edo txateatzen duen norbait!!. Izan ere, aitortu behar da: ligatzea zaila da, eta Euskadin, are gehiago!

Mota guztietako teknologiak eta estrategiak erabiliko ditu mutil-lagunaren bila joateko. Baina oraindik-orain ez du formula sekreturik aurkitu bikote egonkorra aurkitzeko. Ahalmenak galtzen ari da. Momentu bat… ez ditu inoiz izan-eta!

Aktorea: Alazne Etxeberria

.

• Irailak 17, Inpro-Komeryak

Izenburuan bertan igarri daitekeenez INPROBISAZIO ikuskizun bat da eta UMOREZKOA, “Komeryak” hitz joku horrek adierazten duen moduan. Inprobisazio ikuskizunak ez dira berriak, badakigu, berria dena euskara hutsez aurkeztea da, eta hiru aktorek emana! Euskal Umorearen barruan ez dago horrelakorik, eta ezusteko bikaina izango da euskal ikusleentzat.

Aktoreak: Iñaki Maruri, Mitxel Santamarina eta Ismael Pereira

.

Oharrak:

  • Egoerak eskatzen dituen segurtasun baldintzak (higienea, segurtasun distantziak, edukieraren kontrola…) bermatzeko neurriak hartuta gauzatuko da jarduera hau, eta tokian tokiko argibideak momentuan jakinaraziko dira jarduerak modu egoki eta seguruan burutu daitezen.
  • Jarduera hau doakoa da, baina edukiera mugatua izango denez, gonbidapenak aurrez eskuratu beharko dira Oihanederren webgunean
  • Jarduerara 15 minutu lehenago etortzea gomendatzen da.

Umorea da alternatiba bakarra!