[Uztaritze Iraultza Garaian XXII] Mailegu bortxatua. 1795ko abendua
Mailegu bortxatua –
1795ko abenduaren 10an, direktorioak aberatsei buruzko 600 milioiko mailegu bortxatu bat agindu zuen. Teorian, ordain zezaketen dirutan, garitan, edo beren balioaren ehunenean estimatutako assignatetan.
Erabaki horrek hunkitu zituzten :
- Pierre de Haitze 1200 libera
- Van oosteron 1100 libera
- Bilafrangako Larralde gazteluaren jabea
- Dominique Sorhaitz 800 libera
- Bernard Duhalde 800 libera
- Simon Sorhaitz 800 libera
- Pierre Hiriart 800 libera
Inposaketa horren herena segituan eman behar zen eta ondarra hilabetearen bukaeran.
Departamenduko erabakiaren harrera berrestean, Garatek bere beldurra adierazten zuen, baizik eta mailegura behartuek ezingo zutela galdegina zitzaiena bete :
« ikusita, justu aurreko denboretan denak batera nozituriko kalamitate hanitzen gatik zer miseria gorrian zeuden bizi ziren kantonamenduko herritar guziak »
Zorigaitzez Garatentzat, Paueko Administrazioak nahiago izan zituen Laroche generalaren erreklamazioak entzun. Izan ere, honek anitz aldiz saminki deitoratu zuen Gipuzkoan bere soldadoek[1]negu gogor bat nozitzen zutela gabezia handienean. Paueko Administrazioak agindu zuen Kantonamenduko zapatain bakoitzak hamar egunetik horni ditzan 2 zapeta pare «zerbitzu militarrerako on». Galdera horren aintzinean, 1795ko urtarrilaren 31an Udal Kontseiluak hauteman arazi zuen :
«gure kantonamenduan jende gehiago ibiltzen zirela eskalapoinekin edo oinutsik zapetekin baino, gure zapaegileek larru oso guti izanki, ezin dute zapetarik egin nun ez baitzaien larrua aurretik emaiten»
1796ko otsailaren 10an, Uztaritzeko etxe nausi guziak Kapito Harrin bilduak izan ziren. Lur kontribuzioa[2]betetzeko moduak euskaraz esplikatuak izan zitzaizkien. Izan ere, azkenean, hainbat urteren lanaren ondotik, Kontribuzioaren Erregistroak[3] bukatuak izan ziren. Parte !hartzaileei galdegina izan zitzaien zerga hura gogo onez ordaintzea bortxazko neurriak ekididin nahi bazituzten. Bileraren txosten txit optimistak delaratzen du :
«…biziki kontent legea eta haren betetzeko moduaren detalle guziak ezaguturik, parte hartzaileek Botere Exekutiboaren Komisioaren hitzaldiaren sendimenduekin eta ikuspuntuarekin iduriz erabat ados dira eta etxera itzuli dira Kontribuzioa ordaintzeko borondate amultsua erakusten zutela »
Osasun problema (72.orrialdean)
Iraultzaren ekaitzak ez zituen bakarrik Uztaritzetik haizatu orai lanik[4]gabeko Justiziako ofiziariak bainan haizatu zituen ere eskola emailea eta medikuak. 1795ko urrian Hiribehere Machalaeneko Jean Sescosse Osasuneko ofiziaria Baionako presondegian hil zen 10 hilabeteko atxiloketaren ondotik. Etchepareko Laurent Dibasson apotikarioa bakarrik egon zen. Jendeak asko estimatzen zuen, sinesten badugu 1794ko urtarrilean, Udaletxeko ofiziariek Departamenduko Direktoriari idatzi zioten ondoko gutun hau :
«…badugu gure artean gizon bat sakratua gizarte santuarentzat, Laurent Dibasson herritar apotikarioa da. Eritasun epidemiak kendu dizkigu gure medikuak eta kirurgilariak. Mementu honetan, Uztaritzeko eta inguruetako Udalerri haundiek ez dute ez mediku zerbitzurik ez eta kirurgilari zerbitzurik. Dibasson herritarrak du bakarrik ausentzia horiei aurre egiten bere ofizioaren eskarmentu luzeari eta argituari esker. Ez ditu erremedioak bakarrik preparatzen, aplikatzen ditu ere. Gainera, Ospitale zibil eta militarre bere apotikario ofizinaren beharretan daude, dela erremedio asko falta zaizkielako, dela ez dakitelako preparatzen. Hots, ikuspuntu guzietatik, Laurent Dibasson beharrezkoa da hemen. Hain segur, merezituriko bere onestasun famaren gatik, eta, Udalerri honen behar publikoetaz jakinean ez zegoen norbaitek proopsatua eta ekarria izan da epaimahaikiden zerrendan Departamenduko delituen Auzitegiarentzat. Alta zorteak hara igor baleza, hemen Dibasson gabe egon beharko ginateke 3 hilabetez……»[5]
Horregatik Udalerriak galdatzen zuen «arrisku etsigarri» hori baztertua izan dadien.
[1]MD : Baionakon udaletxeko biblioteka. Laroche generalaren korrepondentzi idatzia.MSS 89.
[2]BC «contribution fonciere» testuan
[3] BC «roles» deitutako Erregistro horretan Herritar bakoitzak zenbait ordaindu behar zuen zehaztua zen
: [4] MD 1797ko ekainaren 17an, Bernard Duhaldek berresten zuen bere notario ofizina lo zegoela azken 3 urteetan . Kantonamenduko beste notarioak bezala, idaztaula besopean eta paper zigilatua sakelan merkatuz merkatu kurri ibiltzera bortxatua zela, kontseilu juridiko bat emaiteko prest eta akta bat edo berdin testamentu bat idazteko.
MD : [5] Pyrenees Atlantiques Departamenduko artxiboak 7 I. I
Pasarte interegarri honetan agertzen da alde batetik mailegu bortxatua iduriz nobleek eta aberatsek “gogo onez” egin behar zutena eta bestetik Lur Kontribuzioa etxeko jaun guziak jotzen zituena.
Lapurdi probintziako aktibitate ekonomikoaren suntsiketaz gain estatu iraultzalariak antolatu zuen egiazko finantza “rakett” a MDk dioen bezala.
Hor ikusten da ere Herriko Etxe kolaboratzailearen posizio klasikoa eta desorosoa zapaltzaileen eta populuaren artean.
Batetik boterea lagundu behar du inposaketak euskaraz esplikatuz herritarrei (mehatuxuak barne) eta bestetik botereari gezur erridikuluenak esan behar dizkio bere laguntzaren emaitzaren garrantziaren baloratzeko:
“…eta etxera itzuli dira Kontribuzioa ordaintzeko borondate amultsua erakusten zutela »