Covid-19a: iraultzaren akuilu?

Covid-19a: iraultzaren akuilu?

Covid-19a: iraultzaren akuilu?Oso presente segitzen du gure bizitzetan birus malapartatuenak -gainerako birusek, gripearenak eta beste, ez gaituzte kezkatzen-, eta hausnarketa koxkor bat eskaini nahi diot pandemiaren azken hilabeteetako bilakaerari gurean, jakinik ez dudala gaitzaren sorrerari buruzko konplotik argituko, ez eta txerto eraginkorra edo txertoak lortzeko zenbat itxaron beharko dugun ezagutzera emango ere -Errusiak erregistratu du lehena, baina oraingoz OMSk baliozkotu gabea!-.

Iragan martxotik ekainera bitartean, inoiz bizi izan gabeko egoeran bizi izan gara. Gure ekonomia eta lana, eta gure kontsumo- eta bidaia-gizartea eta gure harreman sozialak-eta bat-batean gelditu egin ziren, ospitaleek gainezka egin zuten, eta harreman digitaletara murriztu beharrean gertatu ginen.

Ezin etxetik atera kasik, ezin aldameneko herrira joan, are gutxiago ondoko lurraldera, ezinago atzerrira. Egoera guztiz ezohiko horren aurrean esaten genuen: honek derrigor ekarri behar ditu aldaketak, eta oroz lehen, geu aldatuko gara geure ohitura eta balio eta lehentasunetan-eta.

Ikasi genuen horrelako larrialdi egoera batean, estatuak hartzen dituela agintearen brida guztiak, eta Espainiako estatuan autonomi erkidegoak Alemanian landerrek dituzten eskumenen azpitik gelditzen direla, EAE eta Nafarroa barne -Frantzian zer esanik ez-. Balio izan digu administrazioan euskarak bizi duen egoera kaskarraren berri izateko ere, goi karguetatik hasita: gaztelaniaz bakarrik edo gehiena gaztelaniaz, eta euskaraz hitz-totelka.

Ekainetik uztailera gauzak normaltzen bezala hasi ziren, salbu eta maskaren erabilera gero eta unibertsalagoa, normaltasun ezaren eta elkartasun beharraren seinale, eta halaber, polemika sortzaile. Euskadiko Biologoen Elkarteko dekanoaren iritziz, gurean pandemia garaitzeko hartu diren neurriak ez dira egokiak, batez ere aire libreko maskaren erabilera dela eta. Espainian bakarrik da derrigorrezkoa musukoa barruan, eta kanpoan; eta, halere, gaitzaren eragina Europako handienetakoa da.

Abuztu honetan, berriz ere, bigarren olatuaz mintzatzen hasi gara eta atzerapauso eta atzeraldien beldurra gailentzen ari da. Ziurgabetasun handiko egoera honek iraultza sozial eta politikoari bultzada emango ote dio?

Globalizazioagatik izugarri azkar zabaldu den eta zabaltzen diharduen covid-19ak ekarri dizkigun ondorio kaltegarriei begira jarrita, lehenbizi kutsatuen eta gaixotuen taldea dago, eta haien artaz arduratu behar duten osasun-langileak, bi hitzetan esanda: estres egoera orokortuan. Zahar egoitzak direla, ospitaletako ZIUak…Mediku eta zientzialariek herritarrok erlaxatzen ari garela eta lasaitzeko arrazoirik ez dagoela behin eta berriz gogorarazten digute, eta biologoek, aldiz, beste modu batera egin behar dela birusaren aurkako borroka. Nolanahi ere, orain arte baino baliabide gehiago bideratu behar lirateke osasungintza publikora; hori behintzat garbi dago.

Bigarren talde handi batean lana kaskartu zaienak, eta are galdu dutenak daude. Denok dakigu zenbat industri arlo eta ekoizpen sail zigortu dituen gogor pandemiak. Lanpostu galera handi horrek protesta itzelak sorturik, bizi dugun eta bizi gaituen sistema kapitalista hondoratuko du ala erreforma batzuk eginda laster itzuliko gara betiko moduko bizimodura?

Adierazgarria iruditzen zait Siemens Gamesa multinazionalak Agoitzen duen fabrikan gertaturikoa. Dakizuen bezala, fabrika itxiko du enpresa multinazionalak, eta langileek onartu dute batzarrean, enpresako zuzendaritzaren proposamena (148 aldeko eta 37 aurkako). ELAk eta LABek kritikatu dute enpresaren jokaera -enpresaren irabaziak eta jasotako diru publikoa, eta aukeraturiko urte sasoia-, eta administrazioaren portaera itxiera ez eragozteagatik, baina multinazionala berearekin atera da, langileek patronalaren proposamena onarturik. Hori izango da lan-gatazken patroi orokorra?

Pandemiak ekonomikoki gogor kolpatutako arlo jakin batzuetan egingo dira mobilizazioak, baina ez da uste izatekoa jipoitutako sailen arteko koordinaziorik gertatuko denik. Azken urteotan bezala, mobilizazio foku jakinak izango dira, gizarte osora zabaldu gabekoak, baina aspaldiko garai haietan, kasu, Franco hil aurretxoan eta hil berritan gertatu ohi zirenetik urrun, segur aski. Horrek, jakina, ez garamatza iraultza sozialistara, baizik eta sistema kapitalistaren beste doikuntza batera.

Nola banatuko da Europatik etorriko den dirua? Nago dirutza hori zentralismoa sendotzera helduko dela. Europar Batzordeak estatuei emango die, eta estatuak bere irizpideen arabera erkidegoei, eta EAEn, esaterako, gobernu koalizioak kudeatuko du oposizioari benetako kasurik egin gabe, Madrilek proposaturikoari egingo dizkioten aldaketatxoren batzuk gorabehera.

Euskararen aurrerapenari dagokionez, ematen du hezkuntzan, esaterako, online lanak egin dezakeela aurrera, eta horrek euskarari kaltea gehiago ekarriko dio mesedea baino.

Gizartera etorrita, nik uste harreman sozialak murriztera garamatzala pandemia honek eta kostatuko zaigula lehengora itzultzen, baina alde honetatik baikorra naiz, denbora kontua izango da ohiko harremanetara itzultzea.

Ez dugu berehalakoan ahaztuko, eta segur aski bizitzan lehentasuna zerk duen kontzienteago egingo gaitu birus bolada honek. Sistema kapitalistak eutsiko dio, egoerara birmoldaturik, baina baliteke elkartasunean eta geure bizitzari buruzko autokontzientzian pixkatxo bat irabaztea, eta klima aldaketarekiko sentiberago bihurtzea.

Covid-19a: iraultzaren akuilu?

Covid-19a: iraultzaren akuilu?

Idazlea, irakaslea, hizkuntza-normalizazioko teknikaria (Azkoitia)

9 pentsamendu “Covid-19a: iraultzaren akuilu?”-ri buruz

  • Babes ditzagun Euskal Herria eta euskal herritar guztiak iraultza sozialista batetik. Babes gaitezen bai COVID-19 birusetik, baita komunismoaren birusetik ere. Hala bedi.

  • Benat Castorene 2020-08-17 16:17

    Ongi deritzot ekonomia mailan iragan berriaz eta datozen perspektibetaz zure deskribapen prudenta. baina azkenean ez dakigu nora goazen eta inkasean ez dugun gure burua txarrenari preparatu behar. Txarrena aukera ere izan daitekeela esan ohi da. Espero baietz.
    Zure konklusioa ere aproposa eta zintzoa zait.
    Konklusio horren haritik, iradokizun bat:
    Ez da gauza berria gure zibilazioan baina osasun krisi honen kariaz partikulazki batzuek sentitu dugun inpresio bat partekatu nahi nuke zurekin.
    Apropos “dugu” diot zeren ez bainaiz isolatua. Izan ere iragan larunbatean Pasaia donibanen ( egun sinbolikoa zen EH guzian) justu horretaz mintzatu baiginen lagun serio batzuen artean zeinetarik hiruk bederen industriako enpresa tipi eta handietan diharduten edo ziharduten eta beste bat Fisikan erakasten arizana duela guti arte.
    Zakarki erranda konfinamenduari buruzko debateek eta portaerek erakutsi berretsi dizkigute gizartearen parte handi batean lanaren zentzuaren galera eta haren alderako interes- eza edo gustu- eza. Ez da gauza berria, baina betidanikakoa dea? betierekoa dea? Espero ezetz.
    Ezagutzen dugun ( orain arte behintza!) kontsumoaren garapen honetan eta zientzia eta teknologia guzien posibiltateen gatik ere lanaren zentzua eta ezinbestekotasuna hain guti partekatua izaitea da berez frakaso sozial bat eta arazo filosofiko erabakigarria zeinaren kontuan hartzeak ondorio handiak sortuko bailituzkeen mundu hau sakonean eraldatzeko eta bizigarriagoa egiteko.
    Ez ote litzateke hor borrokarako inspirazio baketsu bat gure gazteentzat?

  • Azalduko zenidake zergatik edo zer esan nahi duzun “gainerako birusek, gripearenak eta beste, ez gaituzte kezkatzen-, eta ” zehaztapenarekin?

  • Beñat: ez dakit ziur zer esan. Pentsatzen dut, erabat harturik, enpresetan autogestioa faltako dela. Multinazional anonimo-urrunek dute erruaren parte gehiena?, langileen langiletasun faltak, oro har? Bietarik? Eta beste hainbat zerak…Gai handiegia nire ahalmen eta eskarmentuarentzat.

    Neu: horren atzean, Mike Davis estatubatuarraren “Llega el monstruo: covid-19, gripe aviar y las plagas del capitalismo” liburua dago. Hor coronabirus familiari buruzko informazio ugari dago. Birusak, gripearen birtusa, covid-19aren mutazioak…; hortik esaldi hori, baina ez du axola handirik.

  • Benat Castorene 2020-08-17 22:08

    Arrazoi on batzu bilatzen eta proposatzen ditutzunez geroz ondoriozta ote nezake zuk ere sentitu edo sumatu duzula lanaren alderako desafekzio hura gailentzen konfinamenduari eta ekonomiari buruzko debateen azpitik?
    Herriaren askapena interesa lezakeen pentsakera korrente batek dio nekez kritika eta gaindi daitekeela ekonomia kapitalista edo globalizazioa horretaz konturatu gabe biek ez baitute bakarrik natura eta biodibertsitatea izorratzen, baina lana instrumentalisatzen dutela interes arrunta, egoista eta epe laburreko interesen zerbitzura, desbideratzen dutela lana bere oinarrizko esanguratik, hots gizona eta bere herria arteko lokarria bera izorratzen dutela. Gure pasibitatea edo axolagabekiarekin…
    Iduritzen zait badela hor kapitalismoaren baita sozialismo errealaren eraso edoataka angulu erradikala ere herriko ekonomia pentsatzeko.
    Datorren krisialdi gogor probable honi esker hori zuzentzen hasten bagina bederen …

  • Osasunari dagokionez, Zubia Donostia Ospitaleko ZIUko medikuari sinesten diot. Covid-19ak %95 kasutan sintoma arinak baino ez ditu sortzen, baina beste %5ean ospitaleratzeak ekartzen ditu, eta %1ean heriotzak. Frogatua omen dago bestalde, asintomatikoek ere kutsatzen dutela. Hori bere ezagutzatik eta oso inportantea, esperientzia klinikotik dio, eta sinesten diot. .
    Beraz, astakeria da esatea egungo prebentzio neurriak burugabeak direla.

  • Egun on beñat,

    lanari buruz egiten duzun oharrari buruz galderaño bat: “lana” balorearen gutieste bat badela diozularik, zer definizo emaiten diozu “lana”ri?
    Soldatapeko lana? Hots kapitalismoak finkatutako estrukturetan egiten dena? (batzuek alienazioa deituko luketena)
    Giza aktibitatea orohar? Hots bizirik irauteko aktibatzea?
    Laburki erranda, “lana” balorea peko errekan dela erraiteak, zehaztu gabe lanaren definizioa, kanpotik ohar “petainista” dirudi. Eta, hainbatetan zure iruzkinak irakurrieta, badakit ez zirela hala!

  • Benat Castorene 2020-08-22 19:51

    Xan hona jadanik duela zenbait urteko azalpen kaskar bat
    “Lana eta komunitatea”izenekoa nun definizio sinple aurreratzen dutan banan ez da oso originala izanen.
    Lana betidanikakoa da. Lan egiten zen lehen komunitatea sortu zenetik, eta pentsa daiteke hominizazio prozezuaren motor inportanteenetarik izan zela.
    Ezin da lanaren jatorrizko zentzua ulertu bereizten badugu hasieran komunitatearen beraren errealitatearekin zaukan erlazio nabarmena.
    Gizakiak izaera soziala du. Izan ere, ezin du luzaz biziraun eta are gutiago ondo bizi komunitate batean baizik. Beraz, bera ere zuzenean interesatua dago, komunitate horren biziraupenean. Lana da, bere, komunitateak materialki eta ezpiritualki biziraun ahal izan dezan, beste kideekin batera nahita egin behar duen esforzu fisikoaren eta intelektualaren partea.
    Egiazko komunitaterik ez badago, lana beti beharrezkoa egon daiteke norbanakoarentzat bainan bere zentzuaren parte esanguratsuena galtzen du.
    Harrigarria bada ere, ekonomistek ez diote gutitan baizik lanari definizio zehatzik emaiten.
    Orduan, gu ausartatuko bagine, lehen hurbilketa batean, erran ginezake lana dela pertsonak edo taldeak egiten duen aktibitate fisikoa eta intelektuala bere komunitatearen bizitza materiala, intelektuala eta morala sortzeko, hobetzeko edo edertzeko.
    Izan daiteke ordaindua ala ez, fisikoa edo burukoa, konplikatua edo erraza, goiko definizioarekin egokitzen bada, lana da. Bakoitzak badu bere inportantzia eta bere duintasuna; nekezariarenak, industriako torneroarenak edo injeneriarenak, irakaslearenak, erizainarenak, artistarenak, edo beste askorenak ere.
    Aldiz, badira orai prestigioa duten aktibitate batzu, lanaren izena merezi ez dutenak ere.
    Adibidez, diru asko irabazten duten arren, Wall streeteko espekulatzaileek ez dute lan egiten, beren aktibitateak gizarteari ez dioelako ezer onik ekartzen, kalte ezin barkatuzkoak baizik: herri eta familia hondamen, desterratze, suizidio…
    Drogaren trafikoaren inguruan dauden aktibitate guziek ez dute lanaren izena merezi.
    Izan ere, lanaren itxura izan arren, aktibitate batek emaitza kaltegarria edo inutila baldinbadu besteentzat, ezin dugu nehundik ere lantzat hartu.
    Ezdakit lerro hauek argituko dizuen orduan lanari emaiten nioen zentzua.
    Adeitasunez

  • Benat Castorene 2020-08-23 10:00

    Xan, zer nahi galdera interegarri bazen zure iruzkinean ian piskabat gehiago erantzuteko gai naizen.
    Aise ulertzen da zergatik gaurko egunean anitzen buruan lana ez den komunitatearen alderako eginbehar ezinbestekoa eta esplotazioarekin erruz berdintzen dituzten.
    Alta esplotazioa beti danik lanaren alboko arriskua izan arren, eta egiaz anitzetan biak sinonimo bilakatu izan arren, funtsean biak fenomeno erabat desberdinak dira eta izatez mendeetan eta herrietan zehar laborari edo abere hazle tipien ekonomia librea kasik orokortua zen, parasitoren batzuk baldin baziren ere uztetarik haien kenketa bortxaz egiteko prest.
    Hainbat filosofoek pentsatzen dute etorkizuneko erronka izanen dela lana esplotazioetarik libratzea, komunitate bakoitzak lan modu eta baldintzak asmatzea eta orduan lana komunitatearen zentroan jartzea. (Marx gaztea, Simone Weil, Martine Verlhac, Thomas Coutrot, Bernard Stiegler…)
    Baina iduritzen zait gu ez garela sekula lanetik libratuko ez behar ere…
    Artikuluaren gaira bueltatuz,lanaren kontzeptzio baikorragoa baginu ez ginuen konfinamenduaren lan eten orokorra sentituko posibilitate arrazoigarri eta desiragarria bezala.