[Uztaritze iraultza garaian XVIII] Thermidoreko Konbentzioaren garaian

Thermidoreko Konbentzioaren garaian –

Uztaritze iraultza garaian

Lozereko Monestier Herriko administrazioak garbitzen ahalegindu zen. 1794ko urriaren 17ko erabakian, haserrez lehertu zen.

«Gizon haiek, Iraultza baino lehenagotik beren ezdeustasuna gatik ezezagutuak zirenak, gaur ez dira ezagutuak baizik eta eta beren krimen gatik, Herritar onen oinazeen eta kondenen gatik, Populuaren egiazko adiskideak narratsi horien pozoiaaren gatik desohoratuak direlarik»

Kontrolatu nahi zituen Udalkontseilu guzien eta Distrikteko Zuzendaritzetako kudeatzaile guzien kurrikulumak. Elkarte herrikoei eta «herritar on» guziei galdegin zien jende horiei buruz zekiten guzia salatzeko.

Esperantzaz beteak, preso hainitzek eta beren familiek zernahi petizio igorri zituzten beren askatzea galdegiteko. (Lozereko) Monestierrek petizioak pasa arazi zituen presoak zetozen herrietako auzapezei haien abisua jakiteko.

Haizea itzultzen hasia zela iduriz ikusten ez zuenez, Marithurryk sistemakoki abisu ezkorrak itzuli zizkion, erakutsiz horrela bera untsa ezaugarritzen zuten errabia eta kalte egiteko gura horiek.

Thermidoreko Konbentzioaren garaian
Robespierreren exekuzioa

Marithurry eta Haitzeko Pierre (58.orrialdean)

Hona 1794ko urriaren 11an, Marithurryk erraiten zuena Haitzeko Pierrek eta bere andreak egindako petizio bati buruz :

« Haitzeko Pierren eta Roll bere andrearen ustezko ibilaldi politikoak edukitzen dituen dokumentua irakurri ondoren, Udalkontseiluak ikusten du presondegiak dituela iduriz patriota eta errepublikar bihurtupentsatzen dugu egiazko errepublikarrak babestu behar ditugula  aristokraziaren zeduzioaren amarrutik, gaur aristokrazia patrotismaren maripulis enganakorrez beztitzen entseiatzen delarik. Erran behar dugu eta azpimarratu nor zen Pierre Haitze Iraultzaren denboran.

Noble bat zen, lotinant kolonel Lapurdi probintziako militzian eta Saint Louis ordenako zaldun. Momentuko entusiasma hura zela eta, izan da Udalerriko Gardiaren komandanta. Gardia horren Zuzendaritza militarra Baileko Justiziaren ofiziariez, abokatez eta bestelako jende ikasiez, osatua zen. Hauek, beren familiei eta eginiko ikasketei esker gaitzeko eragina zeukaten bailerri guziko galtzagabekoen gainean. Bainan Gardia Nazionalaren berrantolaketaren erabakia baino anitz lehenago eta nobleen eta beste batzuen eskubideen ezeztatu laster ondoren, Pierre Haitzek eta kasik Gardiako Zuzendaritza militar osoak dimisioa eman zuten. Distrikteko hiri nausia zen Udalerri honek, bazituen, Pierre Haitze adin oneko gizon sendoa, André bere anai gaztea, hura ere osasun onekoa nahiz armadatik erretiratu zen bere anaia Pierre Garda nazionalaren zuzendaritzatik dimititu zelarik, Scholtus beste militar erretiratu bat Saint Louis ordenako zaldun hau ere, eta, beste asko jende alfer eta aberats, zeinek, Distrikteko Gardia Nazionala formatzen arduratu beharrean, egun guziz denbora pasatzen zuten Kontra Iraultzaren egunaren data asmatzen. Horrengatik ez gara harrituko gizon horiek ez badute gazteria animatu konpainia frankoetan[1]sartzera Montbidouze Distrikteko gure euskaldun auzoek egiten duten bezala. Distrikteko euskal udalerriak ez badira kapaz izan, espainolak pasatu direnean, bi mila gazte mugara igortzeko, erran daiteke gizon horien falta dela.

Haien portaerak, bai ta beste gizon zenbaitenak, fortuna eta hezkuntza gatik distrikteko parte euskalduneko biztanleen gainean eragin haundia zeukaten. Haien etsenplu txarrekin eta Ordezkaritza Nazionala zikintzeko haien erranekin ezpiritu publikoa galerazi dute. Eta horren ondorioa izan da hainbat udalerritako 2 mila laborari onen Espainiarako emigrazioa. Etsenplu txar horien bitartez, Espainiako tiranoaren esklaboek jendeak aurkitu dituzte distriktean, gure operazio militarrei buruzko xehetasunak emaiten zizkietenak, bai ta laguntza bat ere zaldiak eta beste elikagaiak hornituz.

Gaineratu behar dugu Pierre Haitzen eta bere andrearen ustezko patriotismoari  buruzko fabula horren abiapuntua dela andere horrek bere dokumentuan aipatzen dituen Populuaren Ordezkariei sakatutako gezurretan.. Aristokrata maltzur horrek, Udal kontseilu inzibiko batek lagunduta, 3 Populuaren ordezkari montagnard etxera gomitatzea lortu zuen. Etsaiari saldutako Udalkontseilu baten agiri bati esker, bere gomiten ganik lortu zuen senarra eta konatua itzul daitezen

Udalkontseilu honetan gaur denek errepublikar direla diote. Alta Udal kontseilu hau da aristokratekin batera Konstituzioaren onarpena ukatu zuena»

 

Marithurry eta Martin Dihabe (59.orrialdean)

Sekula aplikatua izan ez zen 1793ko Konstituzio hura frantsesek saldoka onartu zuten erreferendum sinboliko batean.

Uztaritzen gauzak ez ziren horrela pasatu. Orduko Prokuradorea zen Purgu Dutchunbeitako Martin Dihabek herrikideak deitu zituen hauteskundeen data ofiziala baino bi egun lehenago. Kontseilatu zien erreferenduma boikotatzeko.testu ofiziala euskaraz itzulia eta inprimatua izanen ez zeno. Egitate horrek errabia arazi zituen Uztaritzeko galtzagabeak eta Distrikteko Autoritateak. Hauek dimiti arazi eta arrastatu zituzten Martin Dihabe Prokuradorea eta Mathieu Duhalde Auzapeza.

1794ko urriaren 24an, jaso zuenean  Dihabek bere libratzea galdegiten zuen eskaera, Marithurryk gaitziturik datu horiek gogoraarazi zituen. Gehitzen zuen Baptiste Larre, hau da Dihaberen iloba, Uztaritzeko Erretorearekin batera emigratu zuela eta Urdazubin bizi zela. Dihabek bada Urdazubirekiko hara honat asko egiten zituen, omen bere iloba bisitatzeko eta izatez erretorea ikusi eta sokorritzeko :

«Justu apezak Urdazibira babes bila joan zirenetik, Marat sur Niveko biztanleek ohitura hartu zuten Urdazubira joaitea igandetan eta pesta egunetan. Petizio egileak ontsasko daki apezen gana joaiten zirela ezkontzako zeremonien karietarat ere eta Udal Kontseiluak ez duela ezer egin Lege urratze hori eragozteko »

Dihabetik, Marithurry pasatzen zen «Haitze etxe noblearen zaldun » zen André de Haitzera. Hauteman arazten zuen nola delakoak bere karrera uzi zuen :

«Erregimen berria ez zuela gustukoa. Beste batzuekin komisario izendatua izan zen kantoinamenduko Garda Nazionala eratzeko. Bainan, Udal kontseiluarekin batera, aski bekokia izan du kantoinamenduko biztanleak josta arazteko, eta, Gardia ez zen sekula osatua izan. nahiz Andre de Haitze sortu zen Iraultzak adiskideak baizik aurkitu behar ez zituen herri batean. Alta beste anitz bezala, libertatea baizik ezagutzen ez zuten Herriko biztanleak erra arazten aritu zen, besteak beste, Ordekaritza Nazionalaren alderako mespretxua zabalduz. Xede horretan lehenik Elizako erreformak, erabili zituen, gero abuztuaren 10eko afera, eta, azkenean, Capet erregearen heriotza[2], zeinaren galeraren alderako pena handiena erakutsi baitzuen».

[1]BC : «compagnies franches» testuan.eta tokiko militzia erran nahi duena

[2] BC : guillotinatua izan zen.

Thermidoreko Konbentzioaren garaian
Thermidoreko Konbentzioaren garaian
Thermidoreko Konbentzioaren garaian
Thermidoreko Konbentzioaren garaian

Uztariztarra, Uztaritze-Olaberriako kooperatibista jubilatua

3 pentsamendu “[Uztaritze iraultza garaian XVIII] Thermidoreko Konbentzioaren garaian”-ri buruz

  • Pixkanaka irakurtzen ari naizen bitartean burutik darabilkidan gauzatxo batzuk…
    Batetik, Sara eta inguruko herritarrengan burututako deportazio basatia herritarren gehiengoari nola ezagutarazi? Nik uste hau ezagutzeak Frantziar iraualtzarenganako askok duten miresmena dudatan jarriko litzatekeela
    Bestetik, goseteari buruzko ematen dituzten arrazoiek eta 30. hamarkadako Ukrainiako Holodomorrean zerabiltzaten explikazioek antz gehiegi dute.
    Ta azkenik galderatxo bat. “Espainiara” emigraturiko bi mila horiek Euskal hegoaldera ala Espaini aldera emigratu zuten,?, iraultzaren zapalkutzarengatik edo urteetako emigrazio jarraitua zen?

  • Benat Castorene 2020-07-23 11:03

    Iker zure lehen galdera hau da: Deportazioa nola ezagutarazi?
    Deportazioaren arazoa ez da isolatua. Galdera bera egiten ahal duzu Herriaren historia guzirako. Memoriako lan garrantzitsu hori izan behar luke ikastolena eta azkenean ez dauzkagun euskal estatu eta administrazio batena.
    Anartean elkarte eta ekimen pribatu batzuk, Senpereko, Lapurdi 1609 bezala entseiatzen dira Deportazioaren oroitzapena iraunarazten liburuetan baita adibidez Saran berean eraikitako monumentu batean ere. Beste ekimen pribaturik ere izango dira.
    Aldiz ezagutarazteko bidean ene ustez beste oztoporik ere balegoke. Balazta ideologiko bat Euskal mugimenduan gehienez ezkertiarra denaren aldetik.
    Honek “Argien ideia progresistak” eta Iraultzako fenomeno politikoa batzeko edo konfunditzeko joera okerra badu.
    Horregatik ezker abertzaleak (ez beti bainan askotan) badu Iraultzaren krimak eta gaizkeriak ez idurika gutiesteko joera.
    Adibidez, Deportazioaren biktimen kopurua tipituz edo departamendu zatiketari abantailak aurkituz eta abar…
    Alta Lapurdiren historiari erreparatuz ikusten da Iraultza orokorki kaltegarria izan zela. Ez zuen deus onik ekarri Lapurdin behintzat.
    Izan ere Iraultza errealak gauza oso guti zuen praktikan ikusteko Argien ideia progresistekin.
    Jean Jacques Rousseauk ez zuen Iraultzaieen portaera Lapurdin ezertan txalotuko.
    Lapurdiko instituzioak orduko gizarteari hobeki komeni zitzaizkion iraultzaileek inposatu zuten egiazko tirania basa hura baino.
    Horregatik ene iduriko bere osotasunean ezagutarazi behar da Iraultzaren politika inperialista Euskal Herrian
    Deportazioa zen egitate terrorista bat besteen artean politika inperialista horren zerbitzuan. Gaur ezagutzen dugun egoera politikoa horren ondorio zuzena da.

  • Benat Castorene 2020-07-23 12:03

    Orain entseiatuko naiz erantzuten zure azken galderatxoei:
    Oroit gaitezen Mundutegik muga zerga dispentsaren edo frankiziaren ( franchise) pribilejioaren defendatzerakoan erraiten zuela “Espainiarekiko” harreman komertzialetatik zetorrela izabazien bi herenak Lapurdirentzat.
    Beraz iduritzen zait Nafarroaz eta Gipuzkoaz ari zela gehienbat.
    Beraz diozun “zapalkuntzaren ondorioari” dagokionez harreman hurbiltasunagatik, senide lokarriengatik eta ohiko ekonomiko horiengatik iheslari gehienak bi probintzia horietarat joaiten zirela.
    Gainera bi aldeko apaizek eta komentuetako fraideek elagarrekiko harremanak bazituzten beti danik.
    Donibane eta Hendaia hiri arrantzalei buruz gutiago dakit
    Aldiz diozun “urteetako emigrazioa” dagokionez Michel Duhartek aipatzen digu Dihintx uztariztar bat teilagintza bat Madrilen zeukana. Izan ere bazen Uztaritzeko inguruan teilagintzako lanerako ohitura bat eta gazte asko joaiten omen ziren Hegoaldeaz haratago ofizio hura pratikatzera Espainia guzian( Gipuzkoan teilagintzan bazakiketen hemen bezainbat).
    Kontziente naiz zure galderek mereziko luketela erantzun zabalagoa eta zehatzagoa.
    Azkenean zure galdera baliatzen dut ebidentzia bat azpimarratzeko, hau da, Hegoaldekiko harremanen etetea izan zen Frantziaren arma erabakigarria Iparraldea ahultzeko eta kolonizatzeko.
    Oraintxe bereko egoera hau da harreman etete nahita horren berorren ondorioa ere.