[Uztaritze iraultza garaian XVII] Serorak lasterkatuak
Serorak lasterkatuak –
Lege Asanbladak fraideak komentuetatik uxatu zituen. Pinetek pentsatzen zuen orden publikorako serorak oraindik dangerosagoak zirela beren komentuen kanpotik. Horrengatik 1794ko maiatzaren 3ko bere erabaki hau:
«Gu Populuaren ordezkariok, informatuak izan gara Uztaritzeko eta Mont Bidouzeko[1] hainbat udalerritan, seror errefugiatuak, bihotzean daukaten gaztigu beldurrik gabeko errabia aristokratikoari emanak direnak, fanatismoa predikatzen ari direla eta entseiatzen ari direla nahasten Kanpaniako jende gaixoak gozatzen duen bakea erligionaren estakuru higuingarri horren medioz….erabakitzen dugu :
Uztaritzeko eta Monbidouzeko distriktetan bizi diren seror guziak, salbuespenik gabe, arrastatuak izanen dira erabaki honen errezebitzean»[2]
Neurri horrek jo zuen, besteen artean, Marie Thodose Garat, bisitazioko serora, Dominique Joseph bere anaiak asko maite zuena. Alta, zenbait egun lehenago, serora horrek juramentu zibikoa zin egin zuen Udal kontseiluaren aurrean.
1794ko azaroan, Manuelle bere ahizpa Haramboure ezkonduak Udal Kontseiluari igorri zion Marie Theodose libra arazteko petizio bat. Marithurrik Distrikteko Zuzendaritzari pasa arazi zuena abisu eskorrarekin batera. Pentsatzen baitzuen seroren kanpaniara itzultzea :
«danjerosa izan liteke, zeren eta, beren bizimodu mistikoak ordezkatzen eta gogoarazten baitu Erregimen Zaharraren oroitzapena, justu ahantz arazi behar duguna guziz herri fanatiko baten biztanlei zeinek baitute karaktera bat bizia eta printzipio onak edo txarrak berdin aplikatzeko gaitasuna ».
Alta apezek ezin zituzten «printzipio txarrak» zabaldu. Desagertu ziren erabat. Batzu joan ziren Urdazubira babes bila, batez ere Uztaritzko erretore ohia. Sakramentuak jasotzeko eta meza entzuteko eliztiar asko Nafarroako herri tipi horretara joaiteko arriskua hartzen zuten. Herritarren Asanbladak egiteko ere Parropiako Eliza ez zen gehiago erabilia, herritarrei haien abisua ez baitzitzaielako gehiago galdatzen. Eliza presondegi bihurtu zuten. Izan ere 1794ko maiatzaren 7ko Udal kontseiluaren deliberamenduak bertan egin arazi zituen lanak eraldaketa hori erakusten dute. Nabarmen da bere edergailu guziak jada lehenagotik ebatsiak izan zitzaizkiola.
1794ko ekainaren 20an, Pinetek erabaki hau publikatu zuen :
«belarren sartzeko ordua hurbiltzen baita, armadarako produktu guziak tira ahala etorriko baitira, hauek ustel ez daitezen biltegi egokiak aurkitu behar baitira, belarren zerbitzuko zuzendari nausiak abisa baigaitu Uztaritzeko Eliza beharrezkoa zela Zentroko Dibisioaren belar biltegi nausia izaiteko…
Erabakitzen dugu :
Marat sur Niveko Eliza, Uztaritzen dagoena, Belarren Zerbitzuaren zuzendari nausiaren eskura emana da [3]»
Modu berdintsuan, 1794ko irailean, Larresoroko seminarioa hospitale militarra bilakatu zen. Hauxe du kondatzen Uztaritzeko Udal Kontseiluko bileraren txosten batek, zeinak Armaden ordezkari orokorretik 6000 libera jaso baitzuen lokalak behar bezala konpontzeko.
Elikagaien krisia (56.orrialdean)
1733 eta 1794 arteko neguan, elikagai eskasia handi bat gertatu zen Lapurdin Frantzian bezala. Ekoizleak biziki uzkur ziren beren estokak saltzeko tasapeko prezioan. Ez zuten assignatekin ordainduak izan nahi, nahiz Konbentzioa tematzen zen erraiten diru metalikoak bezainbat balio zuela, jadanik garai hartan bere balioaren erdia baino gehiago galdua zuelarik. Armadak egindako legezko arpilaketek edo Konbentzioko komisarioek agindutako errekisizioek fenomenoa larritu zuten. Alabainan, iraultzalariek populuaren miseria emaiten zuten «harapalarien eta berekoien» bizkarraren gain. Kuriosa da berrirakurtzea 1793ko abendoaren 6ko Monestierrek egindako erabakiaren hastapena:
«Gu Populuaren Ordezkariok, ikusi baitugu populua kezka arazteko eta larriarazteko gaizkileek argudiatzen duten elikagai ustezko eskasia hau ez dela gaizkile eta berekoi horien beraien maniobren ondorioa baizik, bai ta, egundaino prezioen legezko maximoa[4]jakin nahi ez zutenen faltsukeriarena.
Gu Populuaren Ordezkariok guziz penatuak ikusirik zer perbertsioarekin gizon horiek populua ezgai bihurtzen duten elikagakai eta merkantzia premiazkoenak erosteko saltzen dizkioten prezio harrigarriengatik. Jakinik gainera legeen urratze hura, naturaren kontrako krima eta gizadiaren kontrako subertsioa ezaugarri ginitzakeena egiten dela gaztigurik gabe eta publizitate eskandalagarri batekin.
Jakinik departamendu honetan badela jenderik zeinak, gehiegizko salbaikeria baten gatik espekulatzen baitute fortuna publikoaren eta populuaren biziaren gainean, zeinak egiten baitu trafiko ilun eta ahalgegarri bat populuaren bizitzarako beharrezkoa den guziarekin, zeinak agiotatzen duen, zeinak gizadirako diferentzia ahalgegarria egiten duen ohiko diruaren eta assignaten artean, dela bata bestearekiko trukaketan, dela merkantzien erosketetan, batarekin ala bestearekin ordainduak direnean… »[5]
Balantzaka zebilen ekonomia sendotzeko, Monestierrek agindu zuen bihien eta belarren kontaketa orokorra, merkatuen derrigor hornitu beharra, ekoizleen eta merkatarien etxeetako miaketak, dirua eta assignaten arteko diferentzia egitearen debekatzea.
1794ko apirilaren 15ean, Uztaritzeko Udal kontseiluak Pinet eta Monestier komisarioei petizio bat igortzen zien, insistitzen zuena biztanleek sofritzen zuen bihi eskasiariaren gainean, galdatzen zuena Sarako deportatuei berriki bahitutako bihia igor diezaieten, eta Haitze, Irigoina, Mestepierresenea (Garatenea), Compaito, Garatene eta Jaureguia etxeetan bahitutako bihi erreserben banaketa. Erran gabe doa etxe horien guzien jabeak atxilotuak zirela.
Salaketak (57.orrialdean)
1793 urte guzian zehar, ikusten dugu Marithurryren eta bere kideen partetik Herritarren aurkako gaitzerrate eta salatze kanpaina egiazko bat. Horrelako egitate baten ondoren, Muguerreko Diesse notarioa atxilotu izan zen. Nola ontasunak bazituen, 1794ko maiatzaren 22an, Pinetek, erabaki bat hartu zuen :
« ikusita Diesse herritarra, gizon oso susmagarria, arrastatua izan zela ezkutatu izaitea gatik, bere iritzi politikoen gatik, egoista biziki interesatua izaiteagatik, iraultzaren amodioz sakrifiziorik egiteko inkapaz izaitea gatik, ikusita ere ,nola osasun txarrekoa den, bera bezalako bati egin daitekeen gaztigu egokiena boltsatik gaztigatzea dela, Gu Populuaren Ordezkariok erabakitzen dugu Baionako Zaintzako Komitatearen eskutik Diesse herritarra libratua izanen dela, Baionako Elkarte herrikoiari 20000 liberako dirutza ordaindu ondoren. Dirua erabilia izanen da edo Arrazoiaren tenplua eraikitzek, edo Patriaren Hospitalea eraikitzeko edo beste zerbaitentzat.
Hemendik 3 hamarkaden buruan dirutza hau ez bada ordaindua izan, Komitateak badu Diesse Herritarraren ontasun guziak, higigarriak edo higiezinak saltzeko baimena, 20 000 libera horien heina errekuperatzeraino [6]»
Bestela esanda egiazko « racketta » bazen.
Alabainan, Parisen, gertakariak tarapatak zoatzin. Robespierre uskalia izan zen eta « garbitua » 1794ko uztailaren 27an eta 28an[7]. Populuaren Ordezkari izigarri haiek kenduak izan ziren eta Lozereko[8] Monestier eta Izoard komisario moderatuagoek ordeztu zituzten.
[1] Donapaleren izen Iraultzalaria
[2] Artxibo Nazionalak AF II 1022
[3]MD : Arxtxibo nazionalak AF II 1023
[4] BC« loi du maximum » testuan . Legeak produktu batzuentzat prezio maximo bat finkatzen zuen.
MD :[5] Artxibo nazionalak AF II 1019
[6]MD : Artxibo nazionalak AF II 1023
[7] BC « 9 et 10 thermidor an II » testuan
[8] BC ; Puy du Domekoa zen beste Monestierrekin ez nahasteko.