Mugatuta

Mugatuta –

Joseba Barandiaran ekonomilariak Berria egunkarian.

Mugatuta
Gaztelugatxerako sarbidea kontrolatzen, aurreko astean. MARISOL RAMIREZ / FOKU

BERRIAk joan den astean Gaztelugatxeko bisitez hala iragarri zigun: «mugatuta» dago bertara egin daitekeen bisita kopurua. Mugatuta. Hitz gakoa. Aurten, iaz beste turista etorriko ez den arren, egoki jo dute jende ibilia mugatzea. Iaz ez bezala. Aldatu da zerbait.

Aurrekontu mugaz aparte, baliabide urriak direnen kudeaketaz gain, apenas ateratzen zen «mugatuta» hitza ekonomia ikasketetan. Baliabide urriak izanik, prezioaren gorabeherek jokatuko zuten merkatuak husteko papera… eta kito. Merkatuan salerosten ez ziren ur gezaz, itsaso edota egurats garbiaz, edo ozono geruzaz… hitzik ez apenas. Ondasun publikoak direla, eta gutxi gehiago.

2019an Ekonomista Saria jaso zuen Roberto Bermejo EHUko irakasleak, Ekonomialarien Euskal Elkargoaren eskutik. Hitzaldi azpimarragarria egin zigun Bilbon, baina, batez ere, egurra dinbi-danba banatu zigula dut gogoan, eta geure ezagutza alorraren mugak azpimarratu zituela. Erabaki ekonomikoak beste jakintza arlo batzuetako jendearekin batera hartu eta partekatu beharraz jardun zuen; biologo, geologo, ingeniari, filosofo, kimikari… guztien ikuspuntuek izan behar lukete zeresana egungo ekonomiaren baitan. Erabakiak nola eta norantz hartu, ikuspuntu anitz batekin aztertu beharra… berotze globalak, CO2 isuriek edota biodibertsitateak mugatuta bizi garela ohartzen ari garen honetan. BPGa ez da guztia eta guztia ez da BPGa.

Orduan inor gutxik izan zezakeen buruan birusarena, edota epidemiologoena; baina azken hilabeteek erakutsi digute baietz, horiek ere behar ditugula erabakiak hartzeko mahaiaren bueltan, eta ekonomia gisa orain arte ulertu dugun zera hori zabaltzen ari zaigu. Beharrik. Lleidan bezala gurean ere, konfinamenduaren atal berriak ezagut ditzakegu eta.

Munduan mugatuen duguna, berez, orduak dira. Denbora. Denboraren bankua aspalditxoan dago martxan, eta bere baitan ideia iraultzaile bat bazuen: jendearen denboraren balioa berdintzea. Emadazu zeure (lan) ordu bat, neure beste (lan) ordu baten truke. Gauza iraultzaileago eta demokratikoagorik, nekez. Anti-ekonomikoa izan liteke, ordea. Gaixo gaudenean sendagile edo dentista baten orduak zenbat balio duen, ezta? Eta prestaketa horretarako zenbat ordu ez ote den ikasketa prozesuan joan…

Alternatibak bilatu beharko ditugu. Andoni Mikelarenari irakurri genion bat, Pentsalditik Ekintzaldira nola pasatu, birus osteko garaian: elkarzaintza mutualizatu moduko bat, aldi berean norbere diru sarreren portzentaje bat (demagun %10) zaku batean biltzen duena, berau elkarrekin partekatzeko asmoz. Ekimen baten lehen pausoa izan liteke, komuna moduko bat, baina egungo geure praxitik eta, agian, balioetatik oso urrun dagoena, oraingoz.

Pertsona orori gutxieneko diru sarrerak bermatzearena Espainian ere bertakotuko dela dirudi. Geurean denboratxo bat indarrean den sistema izaki, badakigu adabaki edo lagungarri lez baliagarria dela; egoerak gizatiarrago bihurtzeko baliagarri. Besterik da sakoneko aldaketa iraunkorrik ba ote dakarren.

Sektore publikoaren esku hartze handiago bat izango duen ekonomia izango dugu hurrengo urteotakoa. Gizabanakoen kontrol handiagoa ere eskatuko du. Eta baliabide horiek, banku zentralen laguntzak gorabehera, defizit handiago batean islatuko dira. Noizbait ordaindu beharko diren zorrak, agian inflazioaren laguntzaz. Zorpetze muga, hori bai, ortzimugan egon bai baitago: urrunean, zergen igoera eta murrizketen hotsa mokoka.

Mugatuta

Salabardoa

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen ditut, gure interesekoak direlakoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude