Foruak baieztatzen dira, Monarkiaren batasun konstituzionalaren kalterik gabe

Foruak baieztatzen dira, Monarkiaren batasun konstituzionalaren kalterik gabe –

Egun indarrean dugun erregimen eta estatu-botere espainiarrek honela argudiatzen dute eta horren arabera jokatzen dute: euskal autonomi estatutua baieztatzen da (Espainiako monarkiako beste autonomi estatutuak bezala), Monarkiaren 1978ko batasun konstituzionalaren kalterik gabe. Oraindik orain, pandemiaren ondoriozko konfinamendu garaian, Espainiako presidentea hamazazpi autonomi erkidegoetako presidenteekin bideokonferentziaz mintzatzen ikusirik, zaila da zalantzan jartzea botere zentral-handia noren esku dagoen, eta botere eskuordetua nork kudeatzen duen, baina foruak XIX. mendean, galdutako gerren ondorioz, baliogabetuak gelditu arte bitartean?

Foruak baieztatzen dira, Monarkiaren batasun konstituzionalaren kalterik gabeFrantziako Iraultzaren ondotik, XIX. mendearen lehen hiru laurdenetan, eztabaida guztiz errekurrentea izan da foruena Euskal Herrian eta Espainian. Zer ziren zorioneko foruak? Euskal herrien botere legegilearen bereizgarri eta ezaugarri, euskararekin eta hemengo antzinako ohiturekin batean, ala errege espainiarrek egindako kontzesio eta pribilegioak, behiala emanak bezala edozein momentutan ezabatuak izan zitezkeenak boterea bere esku zuenaren aldetik?

Zenbat liburu idatzi diren horretaz! Joxe Azurmendik azken liburuan -Pentsamenduaren historia Euskal Herrian-, hogei orrialde eskasetan (353-370), ideia argiak eman ditu afera horretaz, eta, jakina, burua foruen garaiko tirabiretatik egungo egoera politikora hegaldatzen da natural-natural, orrialde horiek irakurri ahala.

1802an jada Bizkaiko Batzarrak foruen aurkako erasoa salatzen zuen: asko izan dira Madrilgo gortean idatzi diren paper eta libelo beltzaileak foruen aurka, eta zaila eta arriskutsua ere ba omen zen Madrilen foruak defendatzea. Fase horretan, Aranguren Sobrado, Novia de Salcedo, Zamakola, etab. saiatu ziren alferrik. Benetako arazoa zein zen? Humboldtek goiz asko igarri zuen bezala, estatu eredua zegoela jokoan: zentralizatu uniformista ala egiazki liberala? Espainiako estatu eredua antiliberala izan da haste beretik (354 or.).

1839ko abuztuan, Maroto jeneral karlistak eta Espartero liberalak Bergarako Itun famatua lotu zuten, berriz ere foruak gordeko ziren promesarekin: foruak baieztatzen dira; baina, 2. artikuluak foruen ezinbesteko aldakuntzak ezartzen zituen Monarkiaren batasun konstituzioanala ez eragozteko, eta horiek Espainiako Gobernuaren esku gelditzen ziren, eta onenean euskal probintziak eta Nafarroa “entzunak” izango ziren, baina nola “entzunak” izango ziren ere Gobernuak erabakiko zuen, Sanchezek autonomietako lehendakariekin egindako bideofonferenzietan bezalatsu, arrakala teknologikoa gorabehera.

Uste izatekoa den bezala, foruak emandako edo lagatako pribilegioak zirela defendatzeko garaian espainiar asko nabarmendu ziren, baina foruak aldezten? V. Olano, J.F. Barroeta Aldamar, R. Ortiz de Zarate, P. Egaña eta batez ere M.B. Moraza gasteiztarra gailendu ziren. V. Olanok 1840an, estatu eredu frantsesari eredu ingelesa kontrajarri zion. Iragana begirunez jaso eta ezberdintasunak onartuz gero, aise elkartzea egongo zen foruak eta batasun konstituzionala. P. Egañak zioen batasun konstituzionala ezin zela uniformetasun konstituzionalarekin nahasi, eta bere arrazoi funtsezko bat foruen alde egiteko zen euskal gizarteari egonkortasuna eman izan ziola mende luzeetan, eta nola “nacionalidad” aipatu zuen hori argudiatzean, garbi utzi beharra zeritzon, espainiarrik ez asaldatzeko: “Al hablar en la época y momento en que he hablado de nacionalidad, este senador conocerá muy bien que, siendo aquellas provincias parte de España, no había de hablar de una nacionalidad distinta de la española. Pero como dentro de esta gran nacionalidad hay una organización especial que vive dentro de ella con su vida aparte, por eso usaba la palabra nacionalidad al hablar de las provincias vascas” (362 or.).

Arrazoi osoa du Azurmendik hitz hauek idaztean: “Beti planteamolde eta kontzeptu espainoletara otzanduak, foruzaleok ez independentzia foralaren eta ez Euskal Herriaren naziotasunaren planteamendu propio bati eutsi diote garbi, liberalismo zentralistari postura irmo batetik buru egiteko” (363 or.).

Gorago esan bezala, foruzale handiena segur aski Mateo Benigno Moraza (1817-1878) izan da. Saiatu zen Moraza azaltzen foruak, legean eta praktikan, askatasunaren babesle eta demokratikoak zirela, esaterako, tortura gaitzesten zutenez gero, Espainian arrunta zen garaietan. Eta ez zirela pribilegioak, baizik eta itun bidezkoak; baina hark ere diputatu batek baieztaturik irmo euskaldunek sekula ez dutela ezer egin Espainiaren alde, zertarako egin behar zuten espainiaren alde erantzun beharrean, non adierazi zuen Euskal Herria nabarmenki monarkikoa eta nabarmenki espainola zela eta “el gran españolismo de mis paisanos” goretsi zuen. Espainolismorik sutsuena eta independentismo foral kartsuena ez zituzten elkarrekin muturka sentitzen. Espainolek bai, ordea. Eta kontzertu ekonomikoa foruen hondar bat zen.

XIX. mendetik egunotara etorrita, Urkulluk burujabetza partekatua laudatzen duenean, Espainiako 78ko Konstituzioa espainolek bezain ondo edo hobeki betetzea ulertzen dugu euskaldunok, horren froga argiak ikusiak baikara azken urteotan, eta aldi berean, espainolen aldetik komenientzia, interes edp premia politikoa, eskumenen bat “onartzean” edo “lagapena egitean”, eta aldi berean kulturalki eta linguistikoki gero eta asimilatuagoak, gero eta espainolagoak gaude denok ere, pentsamenduan eta praktikan, delako nazio foraletik ezin askaturik. Badugu garaia euskaldun gisa desagertu baino lehen politikoki eta kultural-linguistikoki benetan burujabetzarako bideari ekiteko, badugunez!

Foruak baieztatzen dira, Monarkiaren batasun konstituzionalaren kalterik gabe

Saiakera-idazlea