Iruña-Veleia: Gutun irekia Euskaltzaindiari

Iruña-Veleia: Gutun irekia Euskaltzaindiari –

Iruña-Veleia Argituk gutun ireki hau bidali dio Euskaltzaindiari, gai honetan zerbait egin dezan, orain arte berari egokituko ez balio moduan jokatu duelako. Orain arte 25 lagunek atxikimendua eman dute, besteak beste Gorka Knörrek, Pako Aristik, Eñaut Etxamendik…. Zeuk ere atxikimendua eman dezakezu: https://forms.gle/C65B3QD8uVsq4Kmh6

IRUÑA-VELEIA: GUTUN IREKIA EUSKALTZAINDIARI

Euskaltzaindiako lehendakari Andres Urrutia jauna, Euskaltzain jaun-andreok.

Euskara zaintzen duen Erakunde Akademiko Ofizialeko kide zaretenez, aipatu erakundearen egitekoa izanik, besteak beste,  euskararen lege gramatikalak ikertu eta formulatzea, euskararen erabilera sustatzea eta euskararen eskubideak babestea, zenbait politikarik, unibertsitateko kargudunek eta Arabako Foru Aldundiak sortutako krisiaren larritasunaren aurrean, Iruña-Veleiako ohiz kanpoko aurkikuntzak faltsuak direla adieraziz, Euskaltzaindiarengana jo dugu erregutuz  kontuan har dezazuela ondorengo gure idazkia:

1.- 2008ko azaroaren 19ko Foru Aginduaren bidez, Arabako Foru Aldundiak Iruña-Veleian indusketak egiteko baimena kendu zion Lurmen enpresari, aztarnategia ixteko agindu, eta fiskalari eskatu zion Eliseo Gil Zubillagaren eta haren arkeologo taldearen aurka judizialki jokatzeko, faltsutzaileak beraiek zirela salatuz. Espreski kasurako sortutako Aholku Batzorde Zientifiko batek gezurrezkotzat jo zituen aurkikuntzak, gutxieneko eskakizun zientifiko bati aurre egiteko gai ez zen txosten tekniko batean oinarrituta, eta Arabako Foru Aldundiak, garai hartan Kulturako diputatu zen Lorena López de Lacalle andreak hala eskatuta, bermatu egin zuen ustezko faltsutasuna: ustezko faltsifikazioa eurek burutua zela eta errudun deklaratu zituen.  Alderdi akusatzaileak aurkeztutako  argudio guztiak banan-banan arbuiatuak izan ziren publikoki, eta akusazioa eragin zuten elementuak alderdi akusatzailearen zaintzapean egon dira eta daude oraindik ere, beste aldearentzat irispiderik utzi gabe. Nabarmendu behar da Lurmen taldea desagerrarazi zuten ondorengo urteetan, Eliseo Gil zuzendariak etengabeko jazarpen larria jasan behar izan zuela, soziala eta mediatikoa, Arabako Aldundiak orkestratuta. Juizora sartu ahal izan genuenok berretsi ahal izan genuen:

A) Eliseo jauna eta arkeologoen bere ekipoa kanporatu eta haien aurka jazarpen mediatiko eta sozialari ekin ahal izateko baliatu zituzten 6 txostenen aurrean, Epaile andreak sententzian ez dituela kontsideratu baliozkotzat, dirudienez iritzi hutsal batzuk baino ez direlako. Guk uste dugu iritzi hutsalak baino areago direla faltsukeria iraingarriak: adierazi dute Descartes irakurtzen dela non argi azaltzen den Miskart jartzen duela. B) Adierazi dute RIP irakurtzen dela non 3 marra bertikal baino ez direnak, mikroskopioz erraz identifikatu daitezkeenak. C) Ezinezkoa dela XV. mendea baino lehenago euskaraz Z zeinua agertzea, jakina denez “Izioki dugu” idatzia dagoela ia 500 urte lehenago, etab. D) Eliseo Gil gaitzesteko baliatu zuten txosten grafologikoak ez duela inolako baliorik Epaileak zioenez. E) 291 ostrakaren artean 35 faltsuak zirela adierazi zuen teknikari batek, zeinak aitortu baitzuen ez berak ez beste inork ez zuela inoiz dataziorik egin bere laborategian. F) Eliseori Epaitegiak ukatu egin ziola bi alditan Europako laborategi independenteetan  datazio desberdinak  egitea. G) Epaitegiak ez zuela baimendu epaiketan txosten bat (Antelo) aurkeztu ahal izatea non ez zen baiesten 35 ostraka hauek faltsuak zirela.

2.- Garai hartan aztarnategiko zuzendaria zen Julio Nuñezek erabilitako metodologiari buruz, Lurmen enpresa harremanetan jarri zen hainbat  herrialdetako adituekin (Alemania, Austria, AEB, Espainia, Grezia, Eslovenia, Hungaria, Polonia eta Erresuma Batuarekin),  eta eskatu zien azalduko al zioten Nuñez arkeologoa zer modutan ari zen indusketak egiten 98. Sektorean. Adituei dokumentazioa, bideoak eta argazkiak helarazi zitzaizkien eta baita Aldundiak emandako informazioa bera ere. Ebaluazio guztiek aho batez argi eta garbi adierazten dute Julio Nuñezek Iruña-Veleian gisa honetako aztarnategietan aplikatu beharrekoa den arkeologia modernoaren estandar metodologikoak urratu egin zituela. Hain zuzen ere Julio Nuñezek erauzketak caterpillar hondeamakina baten bidez egitea agindu zuen, lurrean metro eta erdi inguru sakonduz, kamioiak 7 minutuero aldiko bat betez gutxi gorabehera 15 egunez, seguraski altxor baliotsuak desagerraraziz

3.- Gaur egun, hainbat herrialdetako zientzialari ospetsuek egindako 20 txosten tekniko baino gehiago irakur daitezke, eta guztiek ondorioztatzen dute grafitoak ezin direla inola ere faltsuak izan. Aipatu txostenen artean, Edward C Harris britainiarrak, Bermudaseko Museoko zuzendariak eta gaur egun ia munduko zientzialari guztiek aplikatzen duten metodo estratigrafikoaren eta Matrix Harris sistemaren sortzaileak emandako diktamena nabarmendu behar da, non adierazten den Eliseo Gil eta bere ekipoak 2005 eta 2006. urteen  artean kalitate arkeometrikoa kontuan harturik estandar gorenen barruan jardun zutela. Hogeitik gora diren aipatu txosten teknikoek guztira 2700 orrialde osatzen dituzte eta modu altruistan elaboratuak izan dira. Aitzitik, batzorde ofizialaren 6 txostenek –hauetatik 5 faltsifikazioa burutu zela ia seguru iruzurrezkoa izan zen deklarazioaren ondoren entregatuak– 400 orrialde baino gutxiago osatzen dituzte, eta 1.800 € ordaindu zitzaien txosten bakoitzeko, gehi bazkari, bidaia eta hoteletako gastuak. Halaber eskatzen diogu Arabako Foru Aldundiari hain erabaki larriak berraztertu ditzala, eskaera hau jada bere garaian Foru Aldundiari entregatu zitzaizkion 2300 sinadurek ere bere egin zutelarik. Irakurleek ponentzia guztiak irakur ditzakete hemen: http://sos-veleia1.wikidot.com/informes.

4.- Horregatik Euskaltzaindiari eskatzen diogu aitortzen zaion begirune eta autoritatea baliatuz eta Arabako Foru Aldundiak gure ustez berebiziko larritasuna duen lege-hausteak erakusten duen urgentzia grabeaz kezkaturik, premia dezala Aldundia bide judiziala bertan behera uztera, datazioak arkeometrian espezializatuak diren Europako laborategietan egin eta bi parteetatik independenteak izango diren pertsonek publikoki kontrolatutako katak egitea agindu dezala.

5.- Azken gogoeta gisa, honako hau adierazi nahi dugu: orain arte euskarazko hitz arrunten lehen testigantzak, gaztelaniazkoekin batera, Donemiliako glosetan agertzen direnak  direla,  XI. mendekoak. Iruña-Veleiako ohiz kanpoko aurkikuntzak autentikoak balira, eta halaxe dira, euskarazko lekukotasun idatziak III. eta VI. mendeen artekoak izango lirateke. Beraz, euskararen presentzia idatzia Euskal Herrian 700 urteko antzinatasunez aurreratu beharko litzateke. Epigrafia eta ikonografia erlijiosoei dagokienez, ebanjelioen bidez Jesusen bizitzari ematen zaio lehentasuna; Jesusen Azken Afariaren irudi posible bat agertzen da, Kristoren Kalbarioa bi lapurren artean, etab. Ondorioztatu behar da kristau gai erlijiosoaren aurkikuntza hauek izango liratekeela orain arte munduan ezagunak diren lekukotasun zaharrenak.

 

Euskal Herria, 2020ko uztailak 16

IRUÑA-VELEIA ARGITU

Iruña-Veleia: Gutun irekia Euskaltzaindiari

Iruña-Veleia: Gutun irekia Euskaltzaindiari

15 pentsamendu “Iruña-Veleia: Gutun irekia Euskaltzaindiari”-ri buruz

  • Idatzi behar zaio gero Euskaltzaindiari gutun bat horren txarto… Errespeturik ere ez duzuela esango nuke.

  • Auzo-lotsa. Lehen paragrafoa aski da juramentatu horien jite lerratua atzemateko: beren tesi deliranteekin bat ez datozen unibertsitateko akademikoak ez dira ez adituak ez zientzilariak, “kargudunak” baizik. Kaska gogorra, ormarekin tope egin eta oraindik harantzago gurakoa.

  • Amonamantangorri 2020-07-22 19:40

    “Jesusen Azken Afariaren irudi posible bat agertzen da, Kristoren Kalbarioa bi lapurren artean, etab. Ondorioztatu behar da kristau gai erlijiosoaren aurkikuntza hauek izango liratekeela orain arte munduan ezagunak diren lekukotasun zaharrenak”.

    Bai, egia. Kristau munduko Calvario zaharrena (non gurutzearen buruan RIP jartzen baitu) eta Azken Afariaren marrazki zaharrena ez ezik, aurkitu omen ziren egipziar hieroglifikoen imitazioak, Nefertiti erreginaren izena (harrigarria, Nefertiti XIX. mendeko irakurketa dela jakinda),…

  • Iruña-Veleia harlauza handia izango da Euskaltzaindirako, betirako. Hondemakinek hiru eremu suntsitu eta haiek isilik, lantalde oso bat kaleratu eta iraindu eta haiek isilik, 12 urtez zientziari ateak ixten eta haiek isilik,… nork babestuko du euskera zaharra? Une honetan Euskaltzaindiak ez behintzat.

  • Amonamantangorri 2020-07-23 17:41

    Telefonoek argazki makina dutenetik, Objektu Hegalari Ezezagunak ez omen dira lehen bezain beste agertzen. Harritzekoa.

  • Eliseoren faltsukeriak zeharo liluratuta dauzka batzuk. Eskatzen diren froga guztiak egin eta beti eskatuko dute froga berriren bat. Ez al zuen bere garaian Eliseok bere lagun madrildar iruzurtiaren eskutik bere aurkikuntzen benekotasuna frogatzen zuen ikerketa faltsua aurkeztu? Oraindik ere tipo horretaz fidatzea…
    Euskara maite eta errespetatzen dugulako egia nahi dugu eta ez liluratutako zoro koadrila baten fantasia.

  • UPVko informe absurdoek zeharo lirutatuta dauzkate euskara maite eta errespetatzen ei dutenak. Falsistek aurkeztutako frogek ezer ez dute demostratu eta azkenean Pantaila baten atzean, Soriako epaile baten babespean deklaratu zuen Madrilgo geologo baten informe absurdo bategatik lortu dute kondenatzea Eliseo.
    Eta fantasia handia Descartes eta horrelako pitokeriak irakurri zuten UPVko katedratiko eta euskaltzainena.
    P.S. Pisa informean berriro ere frogatu dute EAEko ikasleeen irakurketaren ulermena oso txikia dela. Normala da emaitza hori: Euskaltzaindiakoek eta UPVko katedradunek ere ez datike irakurtzen eta.VOX arrazoia dauka Euskaltzaindia txiringito bat dela esaten duenean?

  • Antton Erkizia 2020-07-24 22:42

    “Kristau munduko Calvario zaharrena (non gurutzearen buruan RIP jartzen baitu) eta Azken Afariaren marrazki zaharrena ez ezik, aurkitu omen ziren egipziar hieroglifikoen imitazioak, Nefertiti erreginaren izena (harrigarria, Nefertiti XIX. mendeko irakurketa dela jakinda)…” (Amonamantangorrik).

    “Argumentuak” zaharkituak dituzu, amona. Esaiozu biloba baten bati eguneratu zaitzan, zeren horrela ezin zara azaldu mundura.
    Irakurlek badaki “gurutzearen buruan RIP” hori ez duela ezartzen; hori bazekien Diputazioko norbaitek, beren langileek errana bai zioten jaun txit herri agintari horri, baina agintari horrek “izkutatu” egin zion Komisioari, alafede…Diru publikoz herri “serbitzariak” omen direnek gezurretan ari dira herritar bat zigortu asmoz? Hori ez da gezurretan aritzea, hori abusua da, eta hala jokatu duena: abusatzailea…eta hori jakitun, isilik daudenak?…)

    Eta egipziar hieroglifikoen imitazio ezinezkoak? Bai, izan baziren Erroman hieroglifikoak. Eta 30 enperadoreen izenak hierogklifikoz idatziak izan ziren.
    Wikipedia erabiltzen badakizu, amona?
    Ezarri ezazu: “Esmet-Akhom” eta gainean klikatu…

    Eta gainera, orain berriki, erromatar garaietako hilobi batzutan azaldu da “otoiz” gisakorik, hieroglifikoz idatzia, aizu. Hieroglifikoak edo sasi-hieroglifikoak, ez du axolik, zeren batzurentzat ikur horiek berez zuten indar espiritualik hildakoaren bidaian…Oraindik erromatar garaietan ere baui, zergatik ez Iruña-Veleian egipziar ikurrak?

    Eta NEFERTITI…zer nahi duzu esatea, ez-dakit-nork erran duelako NFR > NOFRE irakurtzen zela?…baina “NEFER” asko dago erromatar garaian…

    Eta hala.

  • Antton Erkizia 2020-07-24 22:57

    Barkatu; aurrekoa osatu asmoz:

    Duela 2.000 urte inguruko hilobitan, hieroglifiko antzekoak aurkitu dituzte…
    https://historia.nationalgeographic.com.es/a/descubren-decenas-momias-enterradas-egipto_14480

  • Patxi, euskara zaharra ez da defendatu behar, euskara zaharra ikertu egin behar da, benetako testuen bitartez.

  • Esango diguzu, Antton, non diren NEFERTITI-ak?
    Eta zer dinoztazu hieroglifikoez? Esmet-Akhom Egiptoren hegoaldean dago, eta tenplu batean idatzi ziren. Eta besteei buruz (Veleiako grafitoak baino zaharragoak) artikuluak berak esaten dau “los jeroglíficos que lo decoran son sencillamente una imitación. Esto sugiere que previsiblemente el artesano que los pintó no sabía leer y tal vez trató de reproducir los signos que había visto antes”. Non ikusiko zituen Veleiako batek hieroglifikoak bere bizi osoan?

  • analitikazagun 2020-07-25 09:54

    neu laiki / (??los) na, / XI urte tu / Veleian / gori bisi ta, / esta
    Velei no / vva, baina / osou poli / ta, neu / re ata / araina / arrapa

  • “Nola sortzen duzun hala izango da” esaera zahar honek gauza asko adierazten du, besteak beste, gauza edo erakunde baten sorrera aztertuta, ikusi ahal dugula nolakoa den eta nolakoa izango den. Eta Gasteizko Euskal Filologiaren sorrera despotismo hutsaren bidez sortu zuen Mitxelenak, bere lagunak sartu eta orduan zeuden irakasleak kanporatuz eta, gainera, sortuberria zen EHUn sartzeko betoarekin. Nikolas Xamardok, kaleratu zuten 5 irakasleetako batek hemen kontatzen du: https://www.naiz.eus/eu/iritzia/articulos/koldo-mitxelena

    Eta Euskaltzaindiaren sorrerarekin berdin. Espainiako Gobernuak sustatu zuen, azken finean, ondo kontrolatzeko. Horregatik “Real Academia de la Lengua Vasca” du izena. Euskerazko izenena bere mugak ezagutzeko izenaren hitzik garrantzitsuena kendu diote.

  • Antton Erkizia 2020-07-25 13:21

    Xabier, barkatu baina harrituta uzten nauzu.
    “Nola sortu zen Euskal Filologia falkultatea…” eta horrek ze inporta du gure eztabaidarako?. Eta Real Academia Vasca
    Eta Real Sociedad? Eta Gipuzkoako bandera (txuri urdina) eta Bizkaiakoa (txuri-gorria) eta Kantabriakoa (txuri-berdea)…sortzez Espainiako Armadak sortutakoak dira, beren komandantziak bereizteko…

    Denok daukagu sorrera bat, ez da bere esku…baina bakoitzaren esku (hein batean) bai bada bere bidea egitea bizitzan.

  • Antton Erkizia 2020-07-25 14:11

    Patxik: “zer dinostazu (DINOS-tazu 😉 hieroglifikoez?
    Begira, Patxi: Esmer-Akhom ekarri diot gogora gure amona Amonamantangorri-ri zera uler zezan: hieroglifikoak ez zirela hain harrotzak Erromako inperioan eta kulturan; V. mendean obelisco eder askua eraiki zutela Filen hieroglifiko eder askuez osatua; eta IV eta V. mendekoa dela Horapoloren “Hieroglyphica” aski ospetsua…

    Baina horretaz gain hieroglifikoek erran-nahi magiko-liturgikoa zutela erran diot amonari (badakit gorrairea duela, gaixoa, amona) eta zuri ere DINOtsut, Patxi: hieroglifikoek indar espirituala zuten egipziarrentzat, bai; eta erromatar askorentzat baita…eta lehen kristauentzat agian bai. Zeren, Clementek, eta Plotinok, eta Jamblicok… oso sendo (eta batez ere oso adeitsu eta maitekiro) hitzegiten dute hieroglifikoen funtzioaz:

    Los sabios egipcios…al utilizar los jeroglíficos…dejaron claro que allí arriba (donde moran los dioses) las cosas no se comprenden de forma discursiva, sino que cada imagen es ciencia y sabiduría a la par que condición necesaria para poder entender en un único acto sin pensar, sin planificar discursivamente” (Plotinok, III. mendean). Eta Plotino ez da edonor garai hartako kristauen teurgian.
    Eta Iruña-Veleiako hieroglifiko antza duten ikurrak ingurumari horretan aurkituak izan dira.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude