Oroiminezko igandeak

Oroiminezko igandeak –

Oroiminezko igandeakHona hemen nire lehen eleberria argitaraturik, eta Dakit… dakidana soilik, ez dakidala deus ere alegia. Hona hemen Ebook moduan salgai jada sarean, eta laster paperean liburudendatan:

Duela bost urte ene maiteak utzi ninduenetik, euri asko egin du eta eguzkia zenbait zirrikituetatik atera da irribarretsu batzuetan. Bost urte hauetan ene maitearekin hiru seme-alaba ukan nitzakeen, baina hiru liburu argitaratu ditut: MUXUAK poema-liburua, PEPITO, BIZIMINAREN ETA MAITEMINAREN TXINPARTA aita zenaren biografia literarioa eta honako hau, OROIMINEZKO IGANDEAK eleberria, kaxoian ia etsia harturik zegoena.

1996ko udazkenean joan nintzen Alemaniara eskolarteko truke bat probestuz, Irungo La Sallen REM batxilergo-ikasketak amaitu eta selektibitatea egin ondoren, aipatu La Salle eskolak ikasturte oso bat Gifhorn hirian egiteko aukera eman baitzidan.

Han hasi nintzen 19 urtekin idazten nire egunerokoa, eta oharretan hartu nituen hango nire eta besteen bizipenak eta irakurritako literatura. 1996tik 1997ra bitartean han egon nintzen eta itzultzerakoan unibertsitatean hasi nintzen ikasten euskal filologia, hizkuntzek eta literaturak erakarririk. Nire benetako bokazioa, baina, kazetaritza zen.

Hala ere, nire pasioa eta grina idaztea zen, eta Alemanian idatzitako egunerokoa eta ohar-blokak hartuta, eleberri baterako gaia josten hasi nintzen hitzekin. Autobiografia dirudien arren, ez da… ni ez bainaiz Kattalin, liburuko gazte protagonista, baina niretik ere pixka bat badu, nik bizitutako apurra eta ikusitako asko baitaude eleberri honetan.

2007an aurkeztu nuen eleberri honetarako ideia eta lagin bat IGARTZA BEKETARAKO, baina ez zidaten eman; eta beraz, nire kabuz idazten segitu nuen nire eleberria eta bekarik gabe bukatu nuen esku artean duzun lan hau. 2015ean digitalki argitaratu zidaten eleberri osoa www.entreescritores.com web orrian, errelato erromantiko eta pertsonen arteko harremanen atalean haur eta gazte literatura genero literarioaren barruan.

Kontakizunean hiru pertsona elkarrekin gurutzatuko dira: lehenengo pertsonan protagonistaren pentsamenduak eta idatziak, tarteka hitanozko bigarren pertsonan protagonistaren barneko ahotsa eta igandero gertatzen dena kontatuz hirugarren pertsonan narratzailea (elkarrizketak ere bai tarteka). Ez da eguneroko bat, eguneroko baten itxura izango du, baina igandero soilik idazten du Kattalin protagonistak berak bizitutakoa eta sentitutakoa; igandero azaltzen du narratzaileak edo idazle honek Kattalini gertatutakoak hirugarren pertsonan.

1996ko udazkenean hasi zen Kattalin euskal filologia ikasten Gasteizen, eta bertan bizitzen jarri. Noizean behin, Irulegi bere herrira joaten zen, familiarekin eta lagunekin egotera. Horietako joan-etorriko batean, bere urtebetetzeagatik egun batzuk Irulegi herri baxenabartarrean pasa eta gero, Iruñetik Gasteizera bidean doan trenean dago Kattalin. Trena bat-batean geldituko da iluntzean. Badirudi matxuraren bat gertatu dela. Kolpe batez bidaia-poltsa gainera eroriko zaio Kattalini eta argiak itzaliko dira. Argiak berriro piztean, bidaia-poltsa eskuetan izanen du Kattalinek eta treneko matxura konpondu bitartean, poltsa irekitzen du. Bertan, igandero idazten duen egunerokoa ikusten du, eta igandea izaki, idazten hasten da. Orduan, bere barneko ahotsak hitz egiten dio eta azkenerako idazteari utzi eta hasieratik irakurtzen hasten da, oroitzapenak bata bestearen gibeletik datozkion bitartean.

Kattalin Landaburu da kontakizun honen protagonista, hemezortzi urteko Ipar Euskal Herriko gazte euskaldun bat da, eta beste sei neska gazterekin batera lehen aldiz aterako da herritik atzerrira, Alemaniara hain zuzen ere: urtebeterako alemanezko klaseak hartzera. Euskal Herritik kanpo bizituz sumatutako bakartasuna agerian dago eleberri poetiko honetan, eta bertan hizkuntzarekin dituen arazoek eta inkomunikazio egoerek bere bakarrizketetara bultzatuko dute Kattalin, eta horretaz gainera, igandero hutsik egin gabe Alemaniara joan aitzin lehengusuak oparitutako egunerokoan idatziko du. Istorioa aitzina joanen da barne-bakarrizketen, tartekako elkarrizketen eta iganderokoaren bidez, eta Kattalin pixkanaka aleman hizkuntzaz jabetuko da. Kantu leun baten moduan, erdia erabat ulertu gabe eta beste erdia irudikatuz Goetheren lau urtaroak deskubrituko ditu poema alemanetan, eta era berean Alemaniako bere lau urtaroak idatziko ditu euskarazko poemetan, gainera: Kattalinek alemaniarrak gehiago ezagutuko ditu, lagun berriak egin, eta horien artean lagun min bat ere bai, bere lehen amodioa. Amodiozko istorio bat gehiago da, baina beharbada zerbait gehiago dela ere sentituko duzu, auskalo!

 

JADA EZ DA EZER BERDINA IZANGO,

ILBEHERA IRRIBARRETSUA GOIAN

Dena aldatuko omen da,

berberak izan arren;

baina jada ez da ezer izango berdina,

dena aldatuko da,

dena aldatzen ari dela

sumatzen dugularik.

Eguzkia zeruan dagoenean

aspertzen naiz eta

ez nago triste herrian,

Hiru lagun elkartzen direnean

sentimenduarekin bihotzean

hondartzan biluzik gauero

uretaratzeko pozik,

eta ni gizona bere bakardadean bezala,

emakume bat txirrina joka

irekitzen ez den atean.

Dena aldatuko omen da

ezer ez da lehengoa izango

berberak garen arren

ez gara berdinak.

Ilbehera irribarretsu goian

aspertzen naiz eta

triste nago logelan

dena aldatzen ari dela

sumatzen dudalarik

ni ere aldatu naizen arren

nire zuganako maitasuna bera izanik,

Zilarrezko Hirian sentimenduz

biluzik gauero elkarrekin

uretaratzeko

maitasunean berriro.

Ainara Maia Urroz

Oroiminezko igandeak

Oroiminezko igandeak
Oroiminezko igandeak

Ainara Maia Urrotz (Irun, Gipuzkoa, 1976ko ekainaren 6a) euskal idazle eta itzultzailea da. Euskal filologian lizentziaduna da 2002tik. Horrez gain, Euskal Herriko Unibertsitatearen Hizkuntza, Informazioa eta Komunikazioa ikasketetan masterduna da 2004tik, eta badu idazkuntzari lotutako graduondoko bat (UNED). 2008tik 2014ra Brnoko Masaryk Unibertsitatean aritu zen euskara irakurle lanetan. Harrezkero, trebakuntza, irakasle eta euskara teknikari lana txandakatu ditu. 2015ean Irungo Udal Euskaltegian ordezko euskara-irakasle; 2016an euskara-irakasle Nafarroako Hezkuntza Sarean (DBH). 2016tik 2018ra bitartean euskara teknikari Osakidetzako Debabarrena ESIn, Mendaroko ospitalean. 2019an euskara-irakasle EAEko Hezkuntza sarean. 2020tik eta gaur egun, euskalduntze-teknikari HABEn, Donostian.