Patogenoa

Patogenoa –

Pertsonon osasuna bizi egoerak baldintzatua da baieztapenarekin hasten den Pandemia aurreko ikerketa hau (1) izan dut eskuartean egunotan. Haserretzekoa. Bere gordintasunean erraz pizten duten horietakoa.

PatogenoaOsasuna. Idealtzat, betierekotzat eta kasik naturaltzat aurkezten zaigun eraikuntza hori. Sistemak beharrezko duen eredu irreal hori. Osasuna ez da soilik gaixotasunik eza, justizia sozial kontu bat da. Bizitzarekin, bizi duinarekin hertsiki loturik dagoen zerbait. Gorpuztua edo materiala da inoiz baino gehiago, lekutua, tenporala eta zaindu beharrekoa. Eta soziala da uste duguna baino gehiago.

Zer gertatzen da pandemia batek eztanda egiten duenean? Aurretiaz jada existitzen zen errealitatea edo mundu ordenua kutsatzen duela, eta ez beste bat. Aurretiazko mundu horren mantra gutxi batzuen etekinen pilaketa baldin bazen –eta bada, ez dugu oraindik munduz aldatu tamalez– mundu ikuskera horretatik pentsatu eta ekin zaio Pandemia honi ere. Bizitza versus kapitala. Eta ez ditut kontrajartzen ekonomia eta kapitala ****** (2) jauna. Ekonomiatzat baitut bizitza posible egiten duten jarduera oro. Zuen merkatu logika kapitalista da eraiki nahi ditugun bizitza duinekin kontra jartzen dudana. Irabaziak bilatzea helburu duten horiek, bizitza duina eta osasunerako aukerak injustuki banatzen baitituzte errentagarri zaien aldiro. Eta hala ikusi ahal izan ditugu bidaiaririk gabeko hegazkinak hegaz, zaborraren kudeaketa txarretik aberasten direnak, supermerkatuko ilara luze eta baserritarren azoka itxiak, armadaren prentsaurrekoak hegoaldean, elektrikak humanitatez hitz egiten, mugak berrezarriak, online konpainia handien salmentak neurririk gabe… Nor aberastuko da honetatik?

Eta irabaziak lortzea helburu duen gobernantza eredu batek osasun sistema ere pribatizatzen du errentagarri zaion aldiro. Baina, “osasun sistemaren pribatizazioak eragin larriak ditu osasunarengan” dio aipatu ikerketa horrek (3). Eta lau urteren buruan, pandemia baten erdian gaudenean, nola harrapatu gaitu? Batzuk poltsikoak beteta –osasuna erosteko ahalmenarekin–, gehiengoa aldiz, osasun sistema hustuaren esperantzaz, ezinean, prekarietatean, estu. Zaintza lanak beharrezko direnean –beti–, enplegua hankaz gora egonik eta publikoa den hori desartikulatuta, pribatu hitzaren bi zentzuak aktibatzen batira: zaintza lanak merkaturatzen dira (zapalkuntza kate berriak josiz erosteko ahalmena duenaren eta saldu beharrean aurkitzen denaren artean) edo/eta jada aurretiaz gain zamatua zegoen eremu pribatura erortzen da modu zabalenean, etxera, familiara (heteropatriarkala), emakumeengana.

Hemen ez gara, ez libre, ez parekide –oraindik–. Ezta osasun eta bizitza duin kontuetan ere. Beste herri batzuetan jada argitaratu bezala, Pandemiari buruzko Euskal Herriko datuak nahi nituzke: osasunerako aukerak lan baldintzekin erlazionatzen dituztenak, eremu geografikoak ospitalizazio kasuekin, generoa gaixotasunekin, bizilekua osasunarekin, kutsatzeko arriskua enplegu motekin, eta enplegu motak zaintza aukerekin, osasun aukera ez-justuen herentziei buruzkoak… Datuak nahi nituzke errealitatea ezagutu eta, pandemiaz, osasunaz nahiz bizitzaz –edo heriotzaz– norbanako erruduntasun biziosoetatik harago hitz egin dezagun, justizia sozialaren terminotan hitz egin dezagun.

Oraingoan –ere–, aurretiaz jada existitzen zen errealitatea edo mundu ordenua kutsatu du krisi honek, eta ez beste bat. Elikatuko ditu ezinbestean egiturazkoak diren injustizia horiek. Ezinbestean, edo eraldatu ezean.

Kapitalak ordain dezala.

.+

 

Azalpenak:

  • (1) EAEan lekutua dago soilik eta 2017koa da, hurbil izanik ere, irudikatu urte horretatik aurrera eman diren osasun sistemako rekorte guztiak balantza zein aldetara eraman duten. Irakurri hemen.
  • (2) Jarri hemen izen ezberdinak.
  • (3) Osasun gastuaren 4 eurotatik 1 esku pribatuetatik etorri ziren (portzentaia askoz handiagoa inguruko herrialdeekin konparatuz) eta segurantza pribatuen kontratazioa igotzen doa. Oraindik atera omen ez garen krisi finantzierotik abiatutako bidea da, efizientziaren izenean betiere. Gustatuko litzaidake datu eguneratuak ikustea, ez ditut aurkitu ahal izan. 

Patogenoa  Patogenoa

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.