Larrialdia aztergai Kulturaren Euskal Kontseiluan

Larrialdia aztergai Kulturaren Euskal Kontseiluan –

Oier Araolazak, Dantzan.eus atarian.

Kulturaren Eusko Kontseiluaren bilera telematikoa, 2020-05-28.

Eusko Jaurlaritzaren Kultura sailak deituta, Kulturaren Euskal Kontseiluaren bilera izan dugu maiatzaren 28an. Bertan agertu ziren gaiak laburbildu eta nire interbentzioan aipatu nituenak, dantzaren jardueraren berreskuratzeari eta praktika amateurra aintzat hartzeari buruzkoak jaso ditut sarrera honetan.

Ardura eta gardentasuna

Larrialdia aztergai Kulturaren Euskal Kontseiluan

2011. urtean Kulturaren Euskal Kontseiluan parte hartzera gonbidatu nindutenean arduratsu eta garden jokatzeko konpromisoa hartu nuen nire buruarekiko. Arduraz jokatzeak esan nahi zuen gaiak lantzea, arinkerian ez erortzea, eta euskal dantzaren ahotsa entzunaraztea. Kulturaren Euskal Kontseilura ez naiz inoiz joan proiektu edo elkarte zehatz baten interesak defendatzera; dantzaren sektorea eta bereziki euskal dantzaren alorra izan dut beti gogoan. Bilera guztietan gutxienez interbentzio bat egiten saiatu naiz eta beti aldez aurretik prestatu ditut hitzartzeak. Dantza bisibilizatzen eta kultura politiken agendan bere tokia aldarrikatzen saiatu naiz.

Bigarren konpromisoari, gardentasunari dagokionez, blog honen bidez ahalegindu nahiz Kulturaren Euskal Kontseiluko batzarren berri ematen, dantzaren ikuspuntutik interesgarri iruditzen zitzaizkidan gaiak agertzen eta nire posizioak azaltzen. Azken txanpa luze batean, doktore tesiaren zurrunbiloan sartuta ez dut osorik bete nire konpromisoa. Sarrera honen bukaeran zerrendatu ditut Kulturaren planaren inguruan lehenengo eta kontseiluaz ondoren aurretik argitaratutako zenbait kronika eta gogoeta. Hauteskunde atarian gaude eta uztaileko bozen ondoren Jaurlaritza berria osatuko da, eta beraz, Kulturaren Euskal Kontseilua ere berrituko da. Ni azken hiru legealdietako kontseiluetan izan naiz, ez dakit berriz deituko nauten, eta hala balitz ere, agian beste ahots batzuei lekua egiteko ordua izan daiteke.

.

Dohaineko aholkuak

Kulturaren Eusko Kontseiluko kidea izatea ez da ordainpeko kargua. Gehienez ere urtean bi bilera egin izan dira eta joan-etorri gastuak edo dietak (80€) kobratu ditut Bilbon, Donostian edo Gasteizen egin diren bileretara joateagatik. Eztabaida interesgarria izan liteke horrelako kontseilu batean parte hartzea ordaindu beharko litzatekeen ala ez. Nik neuk baiezkoa defendatuko nuke, erakundeetakoak ez garen kideon ?60 kideetatik 25 gara kultura sektoreetako ordezkariek, gainontzekoak erakundeetako langileak eta kargudunak dira? dagokienez bai behintzat. Kulturaren sektoreko aholkularion parte hartzea ez bada ordaintzen, ekarpenen balio ekonomikoa aintzat ez hartzeaz gain, lan-orduen kostua norbanakoen edo soldata ordaintzen dion enpresa edo elkartearen gain erortzen da. Ez da lan-ordu kopuru altua izaten ?prestaketa eta parte-hartzea, joan-etorriak barne 7-8 ordu izan daitezke, eta nire kasuan, horrez gain 3-4 ordu gehiago komunikaziorako? baina ez zait iruditzen kultur langileek edo beraien enpresa-elkarteek asumitu beharko luketenik hori. Horrez gain, kontuan hartzekoa da baita ere alor baten ezagutza sakonean oinarrituta egiten diren aholku eta ekarpen kualifikatuen balorazio ekonomikoa. Esango nuke beste eremu batzuetan kuantifikatzen eta ordaintzen dela. Gureak ostera dohaineko aholkuak dira. Badu bere garrantzia paradoxa honek, Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailak kulturgintza profesionala jotzen baitu bere kultur-politiken lehentasuntzat. Profesionala helburu, baina aholkuak dohain.

.

Telebilerak Covid19aren garaian

Pasa den maiatzaren 28an egin dugu Kulturaren Euskal Kontseiluaren azken bilera. Garaiak agindu bezala telebilera izan da, pantailatik pantailara. Aurrez aurreko bileretan bertan ginenak identifikatzeko modua bazegoen ere, oraingoan ezinezkoa gertatu zait. Kontseiluko kideen zerrendaren arabera hauxe da osaketa, multzoka: Legebiltzarreko alderdiek izendatutako ordezkariak (5), Eusko Jaurlaritzako hainbat sailetako ordezkariak (Ogasuna, Ekonomia, Gobernantza, Lehendakaritza, hezkuntza,…), Kultura saileko buru eta zuzendariak (6), Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko Foru Aldundietako Kultura diputatuak eta zuzendariak (6), Gasteiz, Bilbo eta Donostiako Udaletako Kultura zinegotzi eta zuzendariak (6), Eudel (1), EITB (1) eta Etxepareko (1) ordezkariak; sektoreko ordezkaritza alorka honakoa zen: ikusizko arteak (2), ondarea (4), ikus-entzunezkoak (2), antzerkia (1), dantza (3), musika (4), liburua (1), zeharkakoak (7); eta bilera teknikoki bideratzea posible egiten duen lantaldea azkenik, kontseiluaren idazkaritza (3) eta itzulpen zerbitzua (3). Horiek ziren deituak, baina ez dakit zehazki zenbat eta zeintzuk izan ginen bileran, 40 lagunetik gora bai, baina 50 baino gutxiago oker ez banago.

.

Laguntza eskatzeko ahuldadea

Bingen Zupiriak, Kultura sailburuak egin zuen sarrerako hitzartzea. Covid19-aren krisiak eta horren ondorioak kulturan izan zituen mintzagai, Kulturaren Behatokiak pandemiak kulturgintzan izan duen eraginaren inguruan prestatutako txostena aurkeztuz. Kultur-jarduera %80 eten dela eta, Zupiriak azaldu zuenez “are eta gogorragoa izan da arte biziak deitzen ditugun horietan: antzerkian, musikan, dantzan. Horietan izan du bereziki eragina”. Gainera, eragin handiena ekonomikoki egitura ahulena dutenengan izan dela, eta hain juxtu, egitura ahula dutenek izan dituztela laguntzetara jotzeko eta horiek eskuratzeko zailtasun handienak.

Sektore batzuek, aurretik antolakuntza hobea zutenek, eskariak aurkezteko gaitasun handiagoa erakutsi dutela azaldu zuen Kultura sailburuak. Lehendik behar bezala antolatu gabe zeudenek, ostera, orain ere ezintasuna erakutsi dutela. Sektoreetako ordezkarien eskaerak jaso eta neurriekin erantzuten saiatu direla erakundeak. Lehen txoke erantzunaren ondoren, kultura jarduerak berreskuratzea dela lehentasuna, eta horren ondoren kultur kontsumoak sustatu eta bultzatzeko unea iritsiko dela. 2020ko aurrekontuan aurreikusitako deialdiak bideratzeko asmoa dagoela, baina aldi berean diru-sarrerak airean daudela aurreratu zuen sailburuak.

.

Krisia normaltasun 

Kulturgintzako eragileei laguntzeko antolatu den kultura aholkularitzaren berri eman zuen Bingen Zupiriak. Lanbideren bitartez intermitentzian zeuden autonomo eta enplegatuentzako laguntza bereziak bideratu dira, bai eta enpresa txikien jardueran sortzen diren oinarrizko gastuei aurre egiteko ere. Hala ere, kultura alorreko eragile batzuek laguntza horietara iristeko zailtasunak izan dituztela adierazi zuen. Josean Muñoz kultura sailburu-ordeak zenbait datu eman zituen: kulturako eragileei zuzenduta aholkularitza zerbitzua 532 elkarte-norbanakok erabili dute eta Lanbideren laguntzak 243 personak tramitatu dituzte. Kultura sektoreko 551 enpresak aurkeztu dute ERTEa aplikatzeko eskabidea; 3480 langile guztira, horietatik 2198 emakumeak.

Normaltasuna, normaltasun berria izango dela aurreikusten du Bingen Zupiriak: baldintza, muga eta eskakizunak izango dituen normaltasuna. Jende pilaketarik gabekoak, distantzia fisikoak gordez eta osasun eta garbitasun neurriak zainduta. Egoera horretan gure kultura jarduerak nola sustatu daitezkeen pentsatzen hasi beharko garela.

.

Diputazioen eta udalen txoke planak

Jaurlaritzako arduradunen azalpenen ondoren EAEko diputazio eta udaletako ordezkariek hartu zuten hitza. Krisiaren aurrean nork-bere leihatilatik kulturgintza laguntzeko bultzatutako neurrien berri eman zuten. Ana del Valek, Arabako kultura diputatuak aire zabaleko programazioa bultzatzen ari direla esan zuen; Lorea Bilbaok, Bizkaiko kultura diputatuak, diru-laguntza deialdiak malgutu eta Ogasun, Ekonomia eta Enplegu sailekin elkarlana bideratu zutela azaldu zuen; Harkaitz Millanek, Gipuzkoako Kultura diputatuak, ez-ohiko lerroak azpimarratu zituen: lanpostuak eta enpresak mantentzeko laguntzak, ondare eta berriztapen profesionalentzako kontratuak, kulturaren kontsumoaren suspertzeko bonoa handitu eta ez-ohiko edizioa atera, eta Gipuzkoako Dantzagunearen areto telematikoa ere aipatu zituen. Gasteiz, Bilbo eta Donostiako Udaletako kultura arduradunek martxan jarritako jardueren berri ematen zuten, besteak beste aire zabaleko ekimenak eta telematikoak bultzatuz. EUDELeko ordezkari Txomin Sagarzazuk ohartarazi zuen krisialdi honetan neurriak oso denbora gutxian zaharkituta geratzen direla eta etengabe egokitzen egon beharra dagoela. Aurrekontuak eutsi edo handitu zituztela esan zuten gehienek eta itzul-inguruka aritu ziren batzuk denok dakiguna ez errekonozitzeko, atal batean ez bada beste batean, orain ez bada uda ostean, erakunde guztietan izango direla murrizketak, eta kultura ez dela horietaz libratuko.

Donostia Kulturako Jaime Otamendik bestelako gogoetak planteatu zituen. “Zer ikasi dugu?” eta “zer egin genuen gaizki aurreko krisialdietan” galdetuz hasi zuen bere hitzartzea. Sareetan zabaldutako emanaldiak ordainduak izan behar zirela argi utzita, erakundeen arteko elkarlanaren premia aldarrikatu zuen, mundu digitalean oraindik nabarmenago. Erakundeak elkartuta sorkuntzaren munduan gauza berriak jarri daitezkeela martxan, eta “udalen eginkizuna sortzaileei laguntzea, sortutakoak erakustea eta publikoa kulturara erakartzea eta publikoa sortzea” dela. Diru-kontuetaz ogasunaren murrizketak aipatu zituen, eta Kultura sailaren egitekoa marra gorriak markatzea dela, sortzaileei eta kulturari bideratutako dirua ez dadin ukitu. Donostia Kulturan hartutako erabaki baten berri eman zuen: 219 langile direla, eta aurtengo uda eta oporraldiko zerbitzuak martxan jartzeko adostasun batera iritsi direla, plantillan dauden langileen artean antolatu eta ahal den guztia horiekin kubritzeko, horrela, kudeaketan egiten diren aurrezpenak sorkuntzara bideratu ahal izateko.

.

Kulturgintza desantolatuaren arriskuak

Erakundeetako ordezkarien errondarekin bukatu eta sektoreko kontseilu-kideei hitza eman aurretik ohar bat egin zuen Bingen Zupiriak. Krisialdiaren kudeaketa zela eta, sailburuak azaldu zuen sektore batzuk oso modu argian hartu zituztela egituratzeko erabakiak, beste batzuk erdi bidean geratu direla, eta beste batzuk ez direla egokitzen egitura baten baitan lan egitera. Zupiriak azpimarratu zuen erakundeen ustez garrantzitsua dela antolatze lan hori. Kultura sektoreak premia jakin batzuk dituela, eta edozein tokitara joateko, beharrezkoa dela kulturak bere burua antolatzea. Batzuetan oso nabarmen ikusten dela antolakuntza hori falta dela. Datozen hilabeeterako lan-lerrotzat jo zuen puntu hau, “ez gara inor esateko sektoreei nola antolatu behar diren. Baina badugu esperientzia ohartzeko antolakuntza faltak ondorioak izan ditzakeela”.

Kulturako sektoreko ordezkarien txandan lehen hitza hartzea egokitu zitzaidan. Eta sailburuak kultura sektorearen antolaketa premiaz egindako oharrari erreferentzia eginez hasi nintzen. Interpelatua sentitu nintzela aitortu nuen, izan ere, dantza desantolatutako sektoretzat jo dezakegu, edo behintzat, antolaketa maila oso txikikoa. Horren aurrean, antolatzeko ezintasuna prekarietate mota bat ere dela ohartarazi nuen eta horren ardura ezin dakiokeela ezintasunean kateatuta dagoenari bakarrik egotzi.

.

Dantza: bisibilitatea eta bitartekaritza premia

Honakoa hau da nik egindako interbentzioa. Bi eskaera zehatz egin nahi izan nituen: dantzaren praktikaren bisibilitatea indartzea eta dantzaren praktika berreskuratzeko prozesuan kultura erakundeei bitartekaritzarekin laguntzeko eskaera.

.

.

Kulturaren Euskal Kontseilua 2020-05-28 
Oier Araolaza / Dantzan elkartea

Behatokiaren txostena ikusita, dantzaren bisibilitate eza nabaria egiten zait, eta horren inguruko ahalegin bat eskatzera nator, bitartekaritza eskaera batekin batera.

Dantza arte eszenikoak multzoan sartuta ageri zaigu gehienetan eta horrek dantzaren dimentsioa eta bereziatsunak ezkutatu egiten ditu, inbisibilizatu. Bestalde, profesional / amateur ardatzak fokoa jardueraren alderdi ekonomikoan eta bereizketa eztabaidagarri horretan ezartzen du, eta ondorioz, dantzaren praktikaren eremu nagusia, amateurra dena askotan, baina ekonomia zati bat eta izebergaren pusketa handiena bezala, sumerjitua dena neurri handi batean, argazkitik kanpo uzten du.

Dantzan, konfinamenduak eten aurretik, ia-herri guztietan dauden ehunka euskal dantza taldeetan, ballet eta dantza estilo anitzeko akademietan, kaleko-dantza dinamika irekietan, kultur-etxe, musika eta dantza eskola, ludoteketan, gazte-lekuetan zein adinekoen egoitzetan, kiroldegietan, gimnasio zein frontoietan egunero dantzan aritzen diren milaka herritarrak non daude identifikatuta? Eremu profesionala bakarrik kontuan hartuko bagenu ere, ziur gaude egunero Autonomia Erkidegoan gure proiekzioen arabera, gutxienez 30.000 praktikante dinamizatzen dituzten milaka profesionalak detektatuta ditugula? Kulturako langileen estatistiketan ez dirudi. Ikusleen estatistiketan ere ez, ze ez dira ikusleak, praktikanteak dira. Praktika kulturalak aipatzen direnean, txostenaren 7. orrialdean adibidez, dantza emanaldien ikusleak jasotzen direla ulertzen dut hor, ez dantza praktikatzen dutenak, ala?

Beraz, ez langile bezala, ez ikusle bezala, dantza praktikatzen duten milaka eta milaka kultur aktoreak, euskal kultur dinamikaren gorputz handia osatzen dutenak kultura aktibitateak identifikatzeko adierazleetatik kanpo ditugu? Une honetan kinka larrian dauden dantza taldeak, dantza eskolak, akademiak, dantzan osasun eta kultura praktika moduan dinamizatzen duten taller eta saioak, eta dantzaren irakaskuntza lanbide duten milaka kultur-langileak adierazle horietan jasota ote daude? Konsziente gara horiek ?gehienak emakumeak, bide batez esanda? sostengatzen dutela dantzaren sektorea, transmisioa, ehuna?

Dantzaren egoera dramatikoa da. Birus honen transmisio moduak kontuan hartuta, dantza arrisku handienetako praktika da: gela itxiak ?dantzariek nahi lituzketenak baino txikiagoak beti?, jende pilaketa, kontaktu fisikoa, arnas eta izerdi trukean… Gobernu eta kudeatzaileok ezin dugu dena konpondu, eta diruak ere ezin du dena konpondu. Urteak daramatzagu dantzarentzat baliabide ekonomiko gehiago eskatzen eta orain ere horien premia inoiz baino handiagoa da, bizibidea dantzatik ateratzen zuten profesional-ezkutuko zein agerikoak diru-sarrerarik eta etorkizunik gabe baitaude. Baina dantzaren jardun etena ezin da diruarekin ere ez konpondu.

Horregatik, eskatzen duguna da gutxienez kontatu gaitzazuela, dantza kultur sektore bezala, bere dimentsio osoan bisibilizatzen lagundu gaitzazuela. Aurretik eta ondoren konparaketa egiten lagundu gaitzazuela, adierazleetan jasotzen den arte eszenikoen zaku hori izebergaren punta besterik ez dela dantzaren alorrean, eta kultur politika integral bat egiteko urpera jaitsi eta hondoratuta dagoen masa erraldoia neurtu eta bisibilizatzeko lanean lagundu gaitzazuela.

Eta bestetik, laguntza dantzaren praktika noiz eta nola berhartu daitekeen argitzeko osasun eta barne sailarekin bitartekaritza egitea eskatu nahiko nuke. Dantzako sektorea ez dago kohesionatuta, ez du ordezkaritza organo bakar eta sendorik, eta ez du gaitasunik praktika berhartzeko interlokuzioa dagozkion erakundeekin bideratzeko. Beraz, horretan laguntza eskatzera gatoz, ez bakarrik mundu profesionalari begira, eta horrek ere baditu bere premiak, baizik eta jarduera osoari begira, profesional eta amateur kontuan hartu gabe, dantza praktika kultural bezala noiz eta nola hasi daitekeen berriz martxan argitzen laguntzea.
.

.

Musikariak ere ezkutuko ekonomian

Nire ondotik Ainara Legardon musikariak hartu zuen hitza. Erakundeek larrialdian hartutako hainbat neurrik musikaren eta kulturaren sektorearen errealitatearen ezagutza eza agerian jartzen dutela salatu zuen. Hainbat musikari ez direla iristen langile autonomo izatera ere ez, jarduera erregulatuta ez dutenak eta ezkutuko ekonomian bizi-irauten duten musikariak laguntza aukeretatik kanpo daudela. Indikatzaileak izebergaren punta bakarrik erakusten dutela eta ezkutuan dagoen guztia laguntza guztietatik kanpo geratzen dela. Horrez gain, online emanaldien inguruko kezka agertu zuen, bereziki egile eskubideen ikuspuntutik, sare sozialen bidez kultur sorkuntzak zabaltzerakoan artisten lanak bereganatzen dituztelako, eta horrelakoekin erakundeek eta artistek oso tentuz jokatu beharko luketela ohartarazi zuen.

.

Murrizketen salaketa

Arte plastikoen alorretik, Fernando Iglesiasek egin zuen ondoko interbentzioa. Zenbait sektore erakundeen aurrean ez daudela ordezkatuta azpimarratuz eta bere esparruan orain urte batzuk interlokuzio hori bideratzeko antolatu zen Mahaia koordinadora oso ongi egituratu zela, baina hain zuzen erakundeek ez zutelako aintzat hartu bertan behera geratu zela. “2008ko krisiaren akatsak errepikatzera al goaz?” galdetu zuen Fernando Iglesiasek. Gasteizko udalak kultura alorrean dagoeneko egindako murrizketa salatu zuen, %40ko aurrekontu murrizketa kulturan. Arte plastikoak egoera prekario eta zailean daudela, jakinekoa dela kultura izaten dela murrizketak jasaten lehenengoa, eta prekarietatean dagoenak jasango dituela ondorio larrienak. Erakundeen erantzuna berandu eta arbitrarioki datorrela salatu zuen, eta kultura aurrekontuak birpentsatu behar direla. Oinarrizko errenta unibertsalaren aldeko aldarria egin zuen, horrek babesa emango liekela premia larrian dauden herritarrei, eta kulturari ere arnasa emango liokela. Artistaren estatutua ere indarrean izateak lagunduko lukeela eta hori hainbeste atzeratzeak kalte larriak eragin dituela orain. Artistaren estatutua dela eta, Bingen Zupiriak azaldu zuen Kulturaren Kontseiluaren lan-batzorde bat hori lantzen aritu dela eta luze gabe espero dela horren inguruko berriak izatea.

.

Talde-lana larrialdi garaietan

Dantzaz elkarteko Fernando Saenz de Ugartek krisiaren kudeaketarekin indartu den talde-lana goraipatu zuen: “Posible da, elkartu gaitezke gauzak elkarrekin egiteko. Hori mantendu behar dugu”. Talde-lanarekin batera zeharkakotasuna azpimarraitu zuen, larrialdiak ekarri duela Kultura sailak Lanbiderekin elkarlanean hastea, eta horri eusteaz gainera, Osakidetzarekin ere egin beharko litzatekela ahalegina. Izan ere, “gure benetako larrialdia 2021ean etorriko da. Hor biziko du kulturak sekulako larrialdia.”

Artxiboen transformazio digitalaz galdetu zuen Anabella Barrosok eta Mikel Aizpuru ondare zuzendariak azaldu zuen digitalizazioa sustatzeko deialdia laster argitaratuko dela. Horrekin batera euskal ondare digitala batzeko prestatzen ari diren online plataformaren berri eman zuen Aizpuruk eta horrekin batera ondareari buruzko datu baseak sareratuko direla. Maite Barriok ondare alorreko eragileek antolatzeko dituzten zailtasunak agertu zituen, egiturazkoa duten prekarietatearekin lotuz. Sektore ahulenek babesa behar dutela aldarrikatu zuen, sektorearen mapeoa egin beharko litzatekeela, eta kultura aurrekontuak handitu behar direla, ez-ohikoak ohiko bihurtuz.

.

Profesionalizazioa, ez profesionalizazioa

Bukaera aldera, beste zenbait interbentzioren artean, Josean Muñoz Jaurlaritzako Kultura sailburuordeak bileran agertutako gai nagusietako batzuk laburbildu zituen. Zabalkunde digitalaren gaia ongi aztertu beharrekoa zela, lokalki presentziala eta globalki digitala planteamenduarekin batera eskubideen kudeaketa zaindu eta aztertu behar zela. Beste sailekin harreman finkoa izan nahi dutela, eta horretarako sektorearen ordezkaritzak garrantzia handia duela, beraz, sektore batzuen antolaketan nola lagundu aztertu beharko dela.

Profesionalizazioaren eta ez profesionalizazioaren gaia oso interesgarritzat jo zuen. Berez Jaurlaritzak kulturaren esparru profesionalera zuzentzen dituela politikak, baina dantzan, musikan, abesbatzetan eta abar, badagoela espektro handi bat kultura egiten duena modu amateurrean, eta beste erakundeekin gaia aztertu eta eskema nola aberastu daitekeen ikusi behar dutela.

.

Dantza ez profesionalaz datu batzuk

Kontseiluko bileraren biharamunean Bingen Zupiria sailburuak dantza ez profesionalari buruz Kulturaren Euskal Behatokiak bildutako zenbait datu helarazi zizkidan. 2018an egindako kultura kontsumoen ikerketak bildutakoak dira, eta hamar urte lehenago ere egin zenez ikerketa hori, biak konparatzeko aukera dago. Zupiriak mezuan aurreratu zidan datuek erakusten dutela dantzak baduela bere tokia, “indartsu ageri da, bigarren praktika bezala, eta duela hamar urteko egoerarekin konparaturik, indartuta”.

Datu horien arabera, biztanleen %34k parte hartzen du, gutxienez urtean behin, sormenezko jardueraren batean. Eskulan eta artisautza ondoren (%31) dantza da praktika intzidentzia altuena erakusten duena (%24). Argitu behar da musika (%20) eta kantua (%8) bereizita daudela, eta biak batuz gero dantzaren aurretik liratekeela.

.

Amateurrak eta profesionalak

Dantzari dagokionez urteak dira gai hau mahai gainean daukagula. 2011n, Kulturaren Euskal Kontseiluko kide izendatua izan eta lehen bileran nire interbentzioaren atal bat dedikatu nion gaiari eta ondoren Argia aldizkarian argitaratu nituen horren inguruko gogoetak. Ordutik erakundeekin maiz izan ditut eztabaidak horren inguruan, eta maiz salatu ditut bai dantza sustatzeko diru-laguntzen deialdietan eta bai Etxepareren biretarako deialdietan bereizketa horrek eragiten duen diskriminazioa eta ondorio kaltegarriak. Gai mamitsua da eta ea halako batean tarte bat hartzen dudan horren inguruko ohar batzuk idazteko.

.

 

Kultura Plana eta Kulturaren Euskal Kontseiluarekin lotuta aurretik idatzitako sarrerak:

Larrialdia aztergai Kulturaren Euskal Kontseiluan

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.