Biribiltasuna, ilarak eta multzoak
Biribiltasuna, ilarak eta multzoak –
Leire Narbaizak Gipuzkoako Hitzan.
Aitortu behar dut itxialdia apurtzeko faseek desosegua eragiten didatela. Sekulako gogoa dut maite dudan jendea ikusi eta besarkatzeko, Kalamuara igotzeko eta Deban itsasoa ikusteko, baina era berean asko urduritzen nau jendetza ikusteak. Kontraesana dirudi: lehengora itzuli nahi, baina erreparoa izan. Beharbada, konfinamenduaren fobia moduko bat da, eragin dizkidan umore gorabehera guztien artean beste kontu bitxi bat. Ez dakit. Baina erneguaren eta esperantzaren artean nabil segundo gutxiren tartean, sigi-saga emozionala balitz bezala. Arraroa, oso arraroa dena. Atopia-koen irudimen zoroenak ere inoiz ezingo zuen halakorik imajinatu. Horregatik, ezin umorea galdu, geratzen zaigun arma bakarra delako. Barrea eta algara inoiz baino gehiago behar ditugulako.
Ez dakit inoiz irten zareten zaharren orduan kalera. Aurreko zapatu baten suertatu zitzaidan niri, eta haluzinatu eta beldurtu egin nintzen, edadetuen lekuetan ibiltzen ohituta banago ere. The Walking Dead zirudien, zonbien ordua, errespetu osoz diot. Inpresioa eragin zidan zenbat adintsu zebilen makulu, taka-taka eta gurpil aulkian. Gehienak ezinean. Lehenago ere horiek beroriek ikusita neuzkan, baina heldu, ume eta gazteekin espazio bera okupatzen. Nahasian dena naturalagoa da, neutralagoa ere bai. Ordutegi markatuekin, ostera, zaharrak (eta laguntzaileak) baino ez ziren ageri, askoz nabarmenago, askoz gordinago. Ikuslea beti dantzari eder, baina nago ordutegiena beste modu baten ere egin zitekeela, adina izan barik muga. BERRIAn maiatzaren 17an Mari Luz Estebanek idatzi zuen belaunaldien arteko lotura kolektiboak eta horizontalak asmatzea eta sendotzea premiazkoa ikusten zuela, familiatik harago. Berarekin bat nator. Horretarako, belaunaldiak elkartu eta baltsatu egin behar dira, banandu ordez. Lagun bati Guatemalako maia batek esan zion guk zuriok dena kaxoi desberdin eta karratuetan sartzen dugula, gauzak biribilak badira ere. Adinka sailkatu digute denbora, kaleka, adibidez, sailka zitekeen arren.
Karratuak eta biribilak, ez lerro zuzenak. Horrela egiten dute ilara batzuek. Eskoletako ikasgai bihurtu behar da zelan egin ilarak, hurrengorako. Bata bestearen atzean, errenkadan, kalean pasatzen dabiltzanei enbarazurik egin barik. Lerro bakarra, ez hiru. A, ikasgai horretako sakontze mailan irakatsi beharko lukete distantziak nola zaindu. Asko kabitu ezinda ibiltzen direlako gure herrietako espaloi estuetan. Gehienetan eta batez ere, gizonak: larregi hurreratu, edota espazioaren jaun eta jabe sentitzen direlako, agian.
Beste alde batetik, eta klasifikatzen jarraitzeko, ikertzaileek ere aztertu beharko lukete kuadrillak ematen duen immunitatea, nerabe eta oso gazteen artean, besteak beste. Osterantzean, zelan ulertu maskara gabe, elkarrengandik hamar zentimetro izanda, edo elkar ukitzen ibiltzea? Superheroiak direlako! Kuadrillarenari hormonek emandako ziurtasuna gehitzen zaio, kapa babesle ikusezina baleukate legez. Fenomeno paranormala, ia-ia. Baliteke superheroi uste hori informazioek ere areagotzea, batez ere zaharrei eragiten dielako mezua zabaldu da-eta. Gaztaroa-hilezintasuna binomio mitikoa indartuta.
Adin multzoka ibili gara, baina ilarak egiten jarraitu beharko dugu. Kaxoi karratuetan sartu nahi gaituzte; biribiltasuna, ostera, lortuko ote dugu inoiz?