Etxepare – LABORAL Kutxa Itzulpengintza Sariaren deialdia

Etxepare – LABORAL Kutxa Itzulpengintza Sariaren deialdia –

  • Hautagaiek ekainaren 26ra bitarte (hau barne) edukiko dute euren itzulpen lanak aurkezteko aukera.
  • Seigarren edizioa izango duen sari banaketa honek euskaratik egindako itzulpengintza balioan jartzeko helburua du.

Etxepare-LABORAL Kutxa Itzulpengintza Saria bi entitate horiek sortu genuen elkarlanean 2015ean; eta bertara hautagaiak aurkezteko epea gaur bertan ireki da. Ekimenak, jatorriz euskaraz idatzitako literatura-lanen itzulpenak saritzea du xede, itzulpenak baitira euskal idazleak eta euren lanak nazioartean ezagutzera emateko zubia.

Nazioarteko itzultzaile eta argitaletxeak aurkeztu daitezke sarira, betiere ondorengo baldintzak betetzen badituzte: aurkeztutako liburua jatorriz euskaraz idatzitako eta argitaratutako literatura-lan baten itzulpena izatea, eta itzulpen hori 2019. urtean argitaratutakoa izatea. Eskabideari dagokionez, itzultzaileak berak, argitaletxeak edota liburugintza, literatura edo itzulpengintzaren arloko beste eragile batek egin dezake.

4.000 euroko sari bakarra emango da, itzultzaileak eta argitaletxeak erdibanatzekoa. Izan ere, irabazleak nortzuk diren erabakitzeko orduan aintzat hartzen dira bai itzulpenaren kalitatea, baita literatura-lana argitaratu duen argitaletxeak egindako sustapen plana ere. Halaber, 2.000 euroko laguntza jasoko dute irabazleek saria jasotzera Euskal Herrira etortzeko edota literatura-lana argitaratu den herrialdean sustapen lanarekin (aurkezpenak, publizitate kanpainak, etab.) jarraitzeko.

Hautagaiak aurkezteko epea ekainaren 26ra arte egongo da zabalik, eta sari banaketa ekitaldia Itzultzaileen Nazioarteko Egunaren inguruan (irailak 30) egingo da, Etxepare Euskal Institutuak eta LABORAL Kutxak aurrerago adostuko duten lekuan eta egunean. Epaimahaia, berriz, itzulpengintzaren arloko, Etxepare Euskal Institutuko eta LABORAL Kutxako hainbat ordezkarik osatuko dute.

Sari honek Etxepare Euskal Institutuak euskal kultura sustatu eta nazioartean ezagutzera emateko lantzen dituen lan-ildoekin bat egiten du. Literaturaren alorrean, itzulpenak egiteko diru-laguntzak eskaintzeaz gain, euskal idazleentzat bidaia-poltsak ematen ditu eta nazioarteko liburu azoka eta literatura jaialdietan euskal idazleek parte hartu eta euren lanak aurkeztea ahalbidetzen du. Halaber, sari honen bitartez LABORAL Kutxak euskara eta euskal kulturarekiko konpromisoa berresten du, baita sarritan ezkutuan geratzen den itzultzaileen lana nabarmentzeko ahalegina ere.

Sariaren oinarriak www.etxepare.eus webguneko ‘Deialdiak’ atalean aurki daitezke gaurtik aurrera.

Etxepare – LABORAL Kutxa Itzulpengintza Sariaren deialdia
Ainara Munt, sariaren iazko irabazlea.

.

Aurreko urteetako irabazleak:

2015
Isaac Xubín eta Kalandraka argitaletxea
Tempo de exilio (Joseba Sarrionandia)
Poesia antologia
Galegoa

2016
Nami Kaneko eta Hakusuisha argitaletxea
Mussche (Kirmen Uribe)
Eleberria
Japoniera

2017
Yaroslav Gubarev eta Anetta Antonenko
Behi euskaldun baten memoriak (Bernado Atxaga)
Eleberria
Ukrainera

2018
Amaia Gabantxo eta Center for Basque Studies (University of Nevada, Reno)
Harri eta Herri eta
Maldan Behera (Gabriel Aresti)
Poesia
Ingelesa

2019
Ainara Munt Ojanguren eta Pol·len Edicions
Hilda dago poesia? (Joseba Sarrionandia)
Poesia antologia
Katalana

Etxepare – LABORAL Kutxa Itzulpengintza Sariaren deialdia

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude