Euskararen gaineko hamabi galdera alderdiei

Euskararen gaineko hamabi galdera alderdiei –

Euskararen gaineko hamabi galdera alderdieiGaldetegi hau sinatu dugun euskaltzaleok (behean) kezkaturik gaude euskararen erabilera oso apala delako, oro har. Administrazioaren menpe dauden hainbat arlo garrantzizkotan euskaldun gisa ditugun eskubideak urratuak dira behin eta berriz, zer esanik ez eremu pribatuan. Postetxera joan eta erdaraz egin behar; polizia- edo ertzain-etxera joan edo justizia-jauregira eta beste horrenbeste; hedabideetan euskarazko eskaintza oso eskasa erdarazkoaren aldean; konfinamendu garaian euskarak era guztietako komunikazioetan pairaturiko bazterkeria; Gasteizko Legebiltzarrean bertan ere hizkuntzaren erabilera apalegia…

Mendetako bazterkeria jasan ondotik, neurri ausartak eta irmoak behar ditugu, eta hauteskunde garaiko promesak promes huts ez gelditzea.

Laster bozak ditugula eta, alderdien atea jotzea erabaki dugu euskararen alderako zer-nolako sentsibilitatea duten jakin nahian, eta hor beheko hamabi galdera horiei emandako erantzunen arabera, geure ondorioak atera ditzagun.

Botoa ematera joan baino lehen izango duzue jasotako erantzunen gaineko balorazioaren berri.

1. Kezkarik baduzue, oro har, euskararen erabilera oso apala delako gure gizartean?

2. Irakaskuntza ez unibertsitarioari dagokionez, euskararen unibertsalizaziorako hain garrantzizkoa den 16 urte-bitarteko epealdi horri begira jarrita, ikastetxe sare ezberdinak kontuan, ereduen birmoldaketa beharrezkoa ikusten duzue, DBH amaieran, ikasleek euskararen maila on bat lor dezaten? Zein estrategia ikusten duzue beharrezko horretarako?, curriculumean aldaketarik egingo zenukete euskal gai gehiago sartze aldera?

3. Lanbide heziketaren euskarazko eskaintzari buruz, zer diozue?

4. Unibertsitate publiko eta pribatuez den bezainbatean?

5. Tokiko administrazioan, autonomikoan, eta zer esanik ez estatalean, UEMAko udalerrien salbuespenarekin, gaztelera da nagusi erabilera hizkuntza gisa, eta maiz zerbitzu hizkuntza gisa ere. Zer neurri proposatzen dituzue euskararen erabilera normalizatzeko zerbitzu-hizkuntza gisa eta lan-hizkuntza gisa?

6. Bozetan hautagai izateko bi hizkuntza ofizialen ezagutza eta erabilera derrigorrezkoa izatea ondo ikusiko zenukete? Zer egiteko prest zeundekete euskara ohiko hizkuntza izan dadin Legebiltzarrean?  

7. EITB hedabide publikoari dagokionez, ETB1en audientzia %2tik beherakoa da. Zein urrats jotzen dituzue beharrezko ETB1ek galdua duen prestigioa eta audientzia berreskuratze bidean jartzeko? Zer egin dezake ETB2k normalizazioaren helburu horri begira? Eta Radio Euskadik? Nahikoa irizten diozue sortzaile euskaldunen lanen hedapenari EiTBn?
1982ko Euskararen Normalizaziorako Legearen III. Kapituluan, hauxe jasotzen da: “Hedabideetan euskararen presentzia areagotzera bideratutako neurriak hartuko ditu Jaurlaritzak, hizkuntza ofizial bien erabilera arian-arian berdintzeraino” Norabide horretan, zer neurri proposatzen duzue?

8. Lan arloa euskalduntzeari dagokionez, lehenbizi, zenbateraino lagundu dezake administrazioak enpresa pribatuek euskaldunen eskubideak aintzat har ditzaten?

9. Kontsumitzaileen hizkuntza-eskubideak bermatze aldera, zer neurri hartzea duzue pentsatua saltokietako zerbitzu-hizkuntzari dagokionez eta produktuen etiketaje kontuan?

10. Gure mundua gero eta digitalagoa dela kontuan harturik, alor horretan euskarari benetako bultzada emateko zer duzue aurreikusia?

11. Uste duzue gaur egun EAEk dituen eskumenekin, euskararen normalizazioa aurrera eraman daitekeela aski arrakastarekin, epealdi arrazoizko batean? Zuen ustez EAEko biztanleek, euskaraz dihardutenean, gaztelaniaz dituzten [hizkuntz] eskubide berberak izan beharko lituzkete?

12. 1982ko Euskararen Normalizaziorako Legea aldatzeko beharrik ikusten duzue?

.

Dionisio Amundarain Sarasola
Joxe Azurmendi Otaegi
Felix Placer Ugarte
Joxe Manuel Odriozola Lizarribar
Juan Inazio Hartsuaga Uranga
Xabier Mendiguren Elizegi
Ainhoa Larrañaga Elorza
Patxi Salaberri Muñoa
Itsaso Andueza Fernandez
Ekai Txapartegi Zumeta
Edurne Alegria Aierdi
Laxaro Azkune Sudupe
Pako Sudupe Elorza
Pako Aristi Urtuzaga
Yolanda Viadero Villanueva
Juan Jose Uria Zubiarrain
Josu Larrea Elorriaga
Joxepa Madariaga Irastortza
Josu Albero Rodriguez:
Miren Genua Martinez
Jose Inazio Lopez de Luzuriaga Fernandez
Maribi Urkola Tapia
Beñi Agirre Oiartzabal
Biki Gorostiaga Lezama
Andoni Sarriegi Eskisabel
Agurtzane Lexartza Artza
Gerardo Luzuriaga Sanchez
Olatz Urrutibeascoa Landa
Gilen Mejuto García
Irene Aresti Altamira
Karlos Gorrindo Etxeandia
Ortzuri Olaetxea Rodriguez
Eduardo Urrestarazu Fernandez-Garaialde
Martin Rezola Clemente
Argia Urrutibeascoa Landa
Alberto Tellería Zabala
Idoia Lexartza Artza
Leonat Egiazabal
Mertxe Larrea Santa-Olalla
Iñaki Lopez de Luzuriaga Martinez
Olatz Quintanilla Arjonaga
Xabier Martin Martin
Estibaliz Lexartza Artza
Jonjo Agirre Martinez
Eider Bilbao Aresti
Eneko Egibar Artola
Erkuden Barandiaran Goñi
Jose Luis Ormaetxea Lasaga
Arantxa Orbegozo Garate
Peio Egaña Sarobe:
Leire Etxarri
Luken Etxabe Aizpuru
Gregoria Martinez Urarte
Juan Jose Iturrioz Zelaia
Jose Mari Rementeria Ibarluzea
Juan Jose Saez Gurrutxaga
Mikel Urkola Eleizegi
Jone Aboitiz Legarra
Alberto Atxotegi Arizaga
Maider Irizar Kortabarria
Antton Cuadrado Iraola
Idoia Liste Garaikoetxea
Daniel Castro Ubetagoiena
Miren Aburuza Alkorta
Pablo Mendizabal Arnaez
Aintzane Arrieta Gandiaga
Rafael Konde Martin
Harkaitz Garaialde Balerdi
Urtzi Ihitza Sainz
Ernesto Leitza Urrestaratzu
Rafael Arrizubieta Derteano
Izaro Agirre Poveda
Imanol San Pedro Beraza
Jose Angel “Txantxel” Torre Arriaga
Aitor Montes Lasarte
Bitor Bilbao
Ignacio Ibarra Ruiz de Ocenda
Fito Kerexazu Balantzategi
Iosu Bergaretxe Mujika
Bittor Hidalgo Eizagirre
Xabier Maiz Albeniz
Andoni Tolaretxipi Lertxundi
Ganix Kintana Igoa
Jokin Nazabal Iriberri
Fede Badiola Santiso
Nekane Intxaurtza Etxebarria
Iker RocandioEtxeberria
Itziar Egiguren Rekalde
Juan Mari Izagirre Balerdi
Jose Agustin Arrieta Ugartetxea

 

Euskararen gaineko hamabi galdera alderdiei

13 pentsamendu “Euskararen gaineko hamabi galdera alderdiei”-ri buruz

  • Iaz, justu gaurko egunez, maiatzeko udal bozen ondotik, B. Hidalgo euskaltzaleak plaza honetan joko handia eman zuen artikulua plazaratu zuen: “Gutun irekia EAJ eta EHBilduri”. Laburbildurik zioen, EAEn, EAJri eta EHBilduri emandako botoak batu eta gehiengo abertzale garbia osatzen zutenez gero, zergatik ez ziren elkartzen agintariak euskal agenda behinik behin elkarrekin aurrera eramateko? 178 iruzkin idatzarazi zituen, neuk ere bai hogeita hamarretik gora. Jakin berri ditugu EiTB fokusen inkestaren emaitzak, eta komentarista edo iritzi-emaile bakar bati ere ez diot entzun EAJk eta EHBilduk batuta, 50eko gehiengoa izango luketela. Agintarien buruetatik ez ezik iritzi publikotik ere desagertua dago posibilitate hori. Bien bitartean euskaltzale askoren eta seguru asko gehienen nahia horixe izango litzateke. Dibortzioa euskaltzale-abertzaleen eta politikarien artean, nonbait.

  • Horregatik funtseskoa izango litzateke euskaltzaleen aktibazioa, bi alderdiek jakin zezaten gure botoak ez direla beraienak, ez direla gatibu, eta euskarari lehentasuna ematen ez dioten bitartean, euskaltzaleek beste bide batzuk jorratu ditzazkegula ….

  • Benat Castorene 2020-05-28 17:37

    Galdeketa honek islatzen duen kezka biziak larritu behar gintuzke gu EAEren kanpotik begiratzen dugunok.
    Horrela baldinbada EAEn, hau da, toki gehienetan erabilera erreala « oso apala » eta ETB1 kateak %2 ko audientzia, pentsazazue zer espero izan dezakegun guk ehun mila eskas baizik ez garenok.
    Nor liratezke bada euskaldun politikariak galdeketa honi oneski erantzuten entseiatu gabe egon litezkeenak ?

  • Partiduren batek erantzunik eman du?

  • Bai, dagoeneko bi alderdik erantzun digute, duela aste bat EH Bilduk eta atzo PSE-EEk

  • Erantzunak jakiteko irrikatan

  • Beñat, zure zirikaldiak: “Nor liratezke bada euskaldun politikariak galdeketa honi oneski erantzuten entseiatu gabe egon litezkeenak ?” ez du ematen aski eraginkorra izan denik euskaldun politikariak hamabi galderak erantzutera bultzarazteko.
    EHBilduko ordezkari batek galdetegia helarazi eta bizpahiru egunetara erantzun zigun, eta astebete geroago edo, batzuen harridurarako, PSEk.
    Itxura dagoenez, gainerakoak ez dira interpelatuak sentitu.
    Soziometroa ote dute gida nagusi?
    Laurogeita hamar euskaltzaleren oihu kezkatuari -izen ezagunak, arlo batean edo bestean nabarmendu direnen izen-abizenak-, euskararen erabilera apala goititzeko neurri azkarrak nahi lituzketenen deiari entzungor egitea erabaki dute, nonbait!
    Beste erantzunik ezean, hasteko, erantzun ez dutenei botoa ematen ez nekatzeko gomendatu beharko diegu euskaltzale arranguratuei.

  • Benat Castorene 2020-06-12 16:51

    Patxi, erantzun dutenek ere ez dute erantzun11 galderaren lehen parteari, hau da:
    11. Uste duzue gaur egun EAEk dituen eskumenekin, euskararen normalizazioa aurrera eraman daitekeela aski arrakastarekin, epealdi arrazoizko batean?
    Distrakzioa da ala nahita ez ikusiarena egin dute?
    Alta galderetarik erabakigarriena litzateke bederen euskara dela koska edo kezka nausia pentsatzen dutenentzat.
    Izan ere azken finean galdera hori da da ian autonomia estatutuak duen boterearekin posible duzuen euskararen biziraupena inposatzea bere lurraldean.
    Bainan AEAtik kanpoko ene abisuak ez dut inportantziarik “zuen” hauteskundeetan. Neurri berean zure abisuak “gure hauteskundeetan” ez duen bezala.
    Eta hori bera da gure eta euskararen problemaren parte bat.

  • Arrazoi duzu Beñat, 11. galderaren lehen parteari ez dio erantzun ez EHBilduk eta ez PSEk.
    Marka da, bestalde, hainbeste euskaltzaleren dei sentituari gainerako alderdiek ez entzun egitea, baina, egunak aurrera doazelarik, gero eta itxaropen gutxiago daukat arrapostuak jasotzeko.
    Berori da seinale aski adierazgarria euskararen kontuan dagoen ezaxola orokortuarena. Gai zaila gertatzen da, eta osasunaren eta ekonomiaren nagusitasunaren bolada honetan ezaxola are handiagoa da.

  • Ekimen hau ez duzue beste moduren batean zabaldu behar? Ekimen bikaina iruditzen zait, baina euskatzaleak berak ere ez jakitun baldin badira…
    Sare sozialetan banatu beharko litzateke. Prentsan eta irratietara ere iritsi beharko genuke. Eta horretarako testu motx bat ere beharko genuke. Elkarrizketak opatu behar dira han eta hemen.
    Erdara ere baliatu beharko genuke.
    Kontu honekin inarrotsi behar duzue EAE, eta ez zait hain zaila iduritzen.
    Eta jende aitzinean agertzeko aurpegi bat behar dugu, gehienez ere bi.
    Hori bai, hau behar bezala mugitzeko denbora behar da, kontaktuak eta zorte pitta bat. Ez da zaila.

  • Alpargatero 2020-06-16 08:57

    EAEko autonomiak 40 urte eta oraindik ez da posible izapide txikiena ere euskaraz egitea EAEko Administrazio Orokorrean. Adibidez, nire kasuan, Hezkuntza Sailera informazio eske egindako bi deietan erdara erabiltzera behartu naute; semearen ikasketei buruz tutoreak egindako deian azalpenak erdaraz ematea eskatu zidan tutoreak, eskolak euskaraz eta D ereduan ematen dituen berberak… Gure agintariek egunero jartzen dizkigute begien aurrean euskararekin duten konpromiso-maila eskasaren frogak, eta, hala ere, abertzale eta euskaltzale-labela irabazia dute gizartearen begien aurrean, denok dakigun arren itxurakeria hutsa baino ez dela, beren botere eta interes-esparrua babesteko hesia baino ez dela euskara beraientzat.

  • A, hain erraza ikusten baduzu zabalkunde lana egitea, gonbidatzen zaitut Plazara! taldean parte hartzera eta zure proposamenak mahai gainean jarri eta xehe azaltzera. Ondo segi!

  • Benetan harriturik utzi nau Alpargateroren iruzkinak. Bagenekien Ertzainen munduak zer ematen digun euskarari dagokionez. Baina Hezkuntza Sailetik horrelako jarrerarik ikustea eskandalagarria da. Bistan da euskaldunok bizikiago jo beharko genukeela sare sozialetan euskaldunon zoria salatzera. Sare sozialetara diot, zeren Jaurlaritzak ez baitigu sostengurik eskainiko Telebistan eta Irratian, beste arlo batzuetan egin ohi duena eginez. Baina, salaketa bera baino gehiago, euskara han eta hemen erabiltzen saiatuko beharko genuke. Zein nabari ageri ohi den zenbait jendek euskaraz egiten duen erabilera urria!. “Euskalduna naiz” aldarrikatu, bai, baina jariotasun eskasa agertu: noiz egiten duzu euskaraz? Ez etxean, ez lanean, ez lagunartean; soilik, telebistan agertzeko edo irratian; hizketan nabari zaizu jariotasun eskas hori. Nori ari natzaion? Dagokionak har dezala.