Billy el Niñori elkarrizketa linboan
Billy el Niñori elkarrizketa linboan –
Bertako prentsan jarraitzen nautenek badakite zendutako jendea elkarrizketatu ohi dudala linboan. Lizentzia literario bat dut, jada hitz egin ezin dutenak hizketan jartzea ahalbidetzen didana. Eta linbotik nentorrela –adinarekin gero eta gehiago nabil handik- bidean Billy el Niñorekin gurutzatu naiz, Koronabirusak berriki Eternitatera jaurtia.
Irudika ezazue eszena: biok geldirik bakardade kosmiko haietan, bi mendigoizalek tontor batean topo egiten dutenean bezalaxe. Segurtasun distantziak gordez, hodei baten muturrean eseri gara atseden hartzera. Gizonak hitz egiteko gogoa duela sumatu dut, eta Lurrean egindako bizitzaz haserre zetorrela. Aukera baliatu, eta xaxatzeko asmoz, berataz uste dudana bota diot: “Billy, gizaki zitala zara. Gose zen Extremaduran jaio zinen, eta toreatzeari ekin beharrean, edo zure herrikide Txiki bezala euskal iraultzaile bihurtu beharrean, edo, gutxienez, emigrante zintzoa izan beharrean, jendea jazartzea izan duzu jardunbide, komisariak haiek txikitu eta ziegatan pilatzera. Indarra baliatuz, Brigada Politico Socialean gora egin duzu, zure eskuetan erortzen ziren gorputz mailatuetan gora eskalatuz. Orain, Wikipediak ere torturatzailetzat zaitu. Hemen goian zigortuko zaituzte, behean Servini epaileak ezin izan du-eta. Zer diozu guzti honetaz?”.
Nire harridurarako, burumakur egon beharrean, leporatutako guztiagatik aurrena, eta Koronabirusagatik gero, gizonak harro erantzun dit, diskurtso anker baina koherentea erabilita: “Bai, torturatzailea izan naiz, eta? Aginduak betetzen nituen, frankismoan geunden, eta denok egiten genuen berdina. Politikariek eta epaileek agintzen ziguten, prentsak txalotu, elizak bedeinkatu. Zergatik ordaindu behar dut nik bakarrik orain guzti hura, eta ez derrepente demokrata bihurtu diren guzti horiek, Borboiengandik hasita? Begira nire lagun Meliton Manzanas: 2001ean Gran Cruz de Reconocimiento Civil domina jaso zuen, eta familiari dirutza eman zioten terrorismoko biktima gisa. Ez al zuen nik beste torturatu? Eta denok egiten bagenituen torturak frankismoan, zergatik jaso ditu Carrero Blancok, gure agintari gorenak, horrenbeste ondra eta prebenda?”.
Gizonari mingaina dantzarazten jarraitzearren, ETAk hil izan balu berak ere antzeko ondrak izango zituela esan diot. “Jakina! Horixe da sumintzen nauena! –egin dit arrapostu, sututa-. Etarrek tiro bat eman balidate Melitoni bezala, edo leherrarazi Carrero bezala, orain Espainian heroi bat nintzateke, eta nire familia aberatsa litzateke. Baina erail ez nindutenez, erdeinu eta irain artean naukate”.
“Gainera –jarraitzu du hizketan Billyk-, frankismoan hain gaiztoa izan banintz, zergatik jada 1977an, jada gobernu demokratikoak genituela, sartu ninduten Brigada Central de Información delakoan, ordura arteko berdina egin nezan Grapokoekin, ETAkoekin, eta nire hatzaparretan erortzen ziren guztiekin? Adolfo Suarezek eta Felipe Gonzalezek ez al zituzten akaso nire metodoak ezagutzen? Jakina bazutela beraien berri! Eta nik berdina egiten jarraitu nuen, beste batzuen agindupean ere. Eta horregatik eman zidan Rodolfo Martin Villak, “konbertitua” hau ere, Meritu Polizialari zilarrezko domina. Eta aurrerago, baita beste hiru domina ere, denak demokrazian ginela”.
Jesarrita nagoen hodei ertzean mugitu egin naiz, artega. Billyk arrazoia dauka. Ez zuten frankistek kondekoratu, gero etorri direnek baino. Bere alde jartzen naizenaren itxurak egin, eta esaten duen hori demokrazia ahul baten hastapenetan gertatzen zela esaten diot, euskaldun gaiztoek eta kolpistek mehatxatutako batean… “Ez adarrik jo! –eman dit arrapostu, haserre-. Tortura, tortura esaten dena, gero etorri da, eta erruz gainera, demokrazia sakrosantuan. Guri ez zitzaigun horrenbeste jende “joan” baineran, potroan edo akuiluan, gure ondorengoei bezala. Arregi, Gurutze, Zabalza, Geresta, Lasa, Zabala… Zein profesionaltasun gutxi! Dorpea izan behar da gero, burua Unai Romanori jarri zioten bezala jartzeko, baina noski, hori Grande-Marlaska epaileak ez zuen ikusten, eta horrela ere, Justizia Ministro bukatu du. Tumatxa! Edo Garzon epaileak, zeinari kasik Bake Nobel saria eman dioten. Edo Sanchez Corbi, Kepa Urra “erlaxatzeagatik” kondenatua izan arren Catalunyako operatiboko buru bukatu zuena. Edo Gil Rubiales, Arregi beste aldera bidali eta gero kanariar irletara bidali zutena, Comisario Jefe gisa. Tortura izan da, demokrazian, lanbidean gora egiteko tresna. Orduan, zergatik orain niri egiten zaizkidan kargu hartzeak? Gaur egun egindakoei iraganaren urrutiko estalkia jartzeko. Eta itxaron, jada 4.000tik gora baitira Eusko Jaurlaritzak onartu dituen tortura salaketak, eta oraindik etortzeko direnak. Zenbat Billy el Niño daude, eta zenbat ni baino okerragoak, salaketa guzti horien atzean? Urte batzuk barru, benetako errudunak babestuta sentitzen direnean, bilatuko dute ni bezalako bekatariren bat, eta hura jazartzen hasiko dira ni bezala, jendeak pentsa dezan justiziak betetzen duela bere lana, eta herri duin batean bizi direla. Horrela egiten du Espainiak”.
“Kontxo Billy –erantzun diot- arrazoia eman behar dizut”.
Elkar agurtu dugu. “Linborako bidean noa?” –galdetu dit-. Ezetz esan diot nik, eta zalantza egin gabe beste norabide batean bidali dut, Pedro Boteroren pertzerako bidean. Harantz doa orain, konfiantzaz, kamera eta kazetariengandik libre. Azkenean, itzuli bitartean buruari bueltaka hasita, koitadu bat baino ez dela begitantzen zait, Koronabirusak lurrean zain zuen infernutik libratu duena. Birus kabroi honek begia zorroztu eta gorago jo beharko luke.
.
Erredakzioan itzulia eta ilustratua.
Billy el Niñori elkarrizketa linboan
Arendten formula hark berrogei urte luzez ofizialki zuritu duen beste funtzionario bat.
Ikasi zuen guztia Jainkoaren zerbitzupean jartzera hurbilduko da orain gizagaixoa linbotik ateratzean. Edo Deabruaren aginduetara jartzera, maila bereko agintariak baitira biak.