Joan Sala (Filmin): "Gure aldetik ahal den guztia egingo dugu Filmin.eus sortzeko"
Joan Sala (Filmin) –
Konfinamendu garaiotan streaming plataformek leher egin dute. Milaka, eta batzutan milioika, dira edukiak kontsumitzeko modu honetara salto egin duten herritarrak eta honek industriak bizi dituen aldaketak bizkortu ditzake. Egoera honetan Joan Sala, Filmin plataformako editore eta programazio arduradunarekin hitz egiteko aukera izan dugu Donostia Kulturak ekoizten duen ‘Ispilu Beltza’ kultur magazinerako. Hemen irakurri duzun elkarrizketa magazin horretatik transkribatua da. (Elkarrizketaren amaieran duzu audioa, entzun nahi izatera)
Zermoduz dena?
bueno ba, ondo. Zer esango dizut ba! Mundu guztia bezalaxe, jada hilabete eta erdi Igaro dira itxialdian. Baina tira, egoeraren txarrean behintzat, etxetik lan egiteko aukerarekin gaude, Filminek bogan segi dezan lanean gabiltza. Arraunean, hau berandu baino lehen amaitzeko esperantzarekin.
Martxoaren 13a baino lehen hasi zineten telelanean. Esan daiteke aurreratu egin zinetela.
Bai, egia da. Pertsonalki, ni oraindik egoeraren larriaz jabetu gabe nengoenean, eta kontua eszeptizismoz ikusten nuenean hasi ginen telelana antolatzen. Oker ez banago itxialdiaren iragarpena larunbat batez egin zen, bada, gu aurreko astelehenean hasi ginen etxetik lan egiteko antolatzen. Nik ordenagailu eramangarriarekin lan egin dezaket, baina, kide batzuek bulegoko ekipo dena etxera eraman behar izan dute. Eta horrelaxe gaude, itxialdiaren aurreko astetiketxean gordeta.
“%50 hazi gara erabiltzaile
eta erreprodukzioetan, ikaragarria da”
Martxan jarraitzen duzue.
Bai, egia esan, egoera honen okerrean, enpresa mailan Filminen ba eragina dauka mundu guztia etxean sartuta egoteak. Igoera nabarmena izan da, nola harpidedun kopuruan, hala trafikoan eta audientzian. Hedabideetan ere zer esan handiagoa eman dugu.
Horixe galdetu nahi nizun, irakurri baitut Netflixek, esaterako, 16 milioi harpidedun lortu dituela konfinamendu garaian. Zuek ere haziko zineten.
Bai, eman diezazukedan datua da %50 hazi garela orokorrean ikusketetan eta trafikoan, eta hori igoera ikaragarria da. Eta harpidetzak ere maila berean ari dira hazten. Aparraldi garrantzitsua da. Nabarmena da datuok oso onak direla plataformarentzat, baina, horrek ez du esan nahieindustriaren egoera orokorragatik kezkatuta ez gaudenik. Zeren denak eragina du: ekoizpenak geldirik egoteak, zinemak eta banatzaileak geldik egoteak… epe motzera, azkenean, dena kate bat da eta gure kezka oso handia da. Egoera honetan ezin dugu irribarre osoa marraztu.
Streaming-a etenik gabe hazten ari den mundu bat da. Bizitzen ari garen krisia ikusentzunezko kontsumoaren ohitura aldaketan mugarri izango dela iruditzen zaizu?
Bai. Alde batetik dago zinema aretoena, beti egon dira hor, eta egon behar dira. Orain streaming plataformetan erabiltzaile berri mordoa badago ere, uste dut denok gaudela zinema batera itzultzeko behar ia primario horrekin. Nik uste usadio hori ez dela desagertuko. Ez dut nahi ‘normalitate’ terminoa erabili, baina iritsiko da ‘normalitatea’ eta zinemetako kontsumoak berdin segiko du. Alta, badaukagu esperantza, krisi honek balio izatea lehen ezagutzen gintuen, baina harpidetzeko pausua eman ez zuenak -pentsatzen zuelako ez zuela denborarik harpidetza hori errentagarri egiteko- gurekin jarraitu dezan. Hori da gure helburu behienena, eta horretan ari gara lanean. Ez bakarrik eduki aldetik, kualitatiboki, edukien kalitatea bermatzea erabiltzaileari garaiok eramangarriago egiteko, baizik eta hau dena amaitzean eskaintzen dugunak balio gehigarria izatea nahi dugu, erabiltzaile horiek gurean gera daitezen.
“Europar pelikulak euskarazko azpitituluekin
igotzeko lanean ari gara”
Filmin euskaraz aurkeztu zenuten. Pozik zaudete emaitzarekin?
Ba bai, egia esan, oso pozik gaude izan duen harrerarekin. Eta nik ikuspuntu oso pertsonaletik esaten dizu hau, izan ere, nik Joan izena dut, izen katalana da, baina Arrasatekoa naiz izatez. 23 urte arte Arrasaten bizi nintzen. Mimo bereziz landu duan ekimena da Filmin euskaraz. Sua piztu zuen txispa Berria egunkariko artikulu bat izan zen. Oso ondo landutako artikulu hartan plataforma ezberdinetan euskaraz zeuden edukiak zerrendatzen zituen, eta plataforma hartan pelikula bat zegoen, bestean beste bat, eta Filminen eduki gehiago genituen. Askoz gehiago behar ditugu hala ere. Bagenuen etiketa bat egina ordurako “peliculas en euskera” izenekoa. Artikulu horrek eragin zuen guk Filmin euskaraz egitea.
Gainera, jakingo duzuenez, Guk badugu jada Filmin.cat izeneko plataforma bat katalunieraz dauzkagun edukientzako bereziki sortua. Desberdina da, baina, gogoratu behar dugu euskarazkoa hasi zen modu berean hasi zela hau ere. Lehenengo orrialde bat sortu zen filminen barruan eta gerora sortu zen orain den plataforma. Izan ere, bistan denez, horretarako laguntza publikoa behar da, ekipo eta baliabide handiagoak. Esperantza dugu, izan duen harrera ona ikusita, hau lehen pausua izatea aurrerago Filmin.eus plataforma sortzeko. Jada ez da bakarrik pelikulak euskaraz igotzea, lanean ari gara Golem-ekin eta beste banatzaile batzurekin europar pelikulak euskarazko azpitituluekin igotzeko. Honek lan handia du atzean, baina ari gara pausuak ematen.
Euskal erakundeekin harremanik baduzue?
Tira, gai horretan, ni editorea naiz, programazioaren arduraduna, eta hori gure nagusiek daramate, Filminen sortzaileek. Bi aldeetatik interesa egon dela eta dagoela badakit. Suposatzen dut aurrera eramateko moduen bila dabiltzala, hau egin daitekeen ikusteko.
“Hazkuntza esponentzial hau medio
burutik pasatu zaigu
edukiak ekoizten hastea”
Filmin.cat-en esperientzia duzue. Zer sinergia lirateke desiragarriak euskal agenteekin?
Baditugu dagoeneko sinergiak, lanean ari gara euskal banatzaileekin. Atera Films, Barton Films eta Golemekin, bazkide direnak bide batez… Denon artean batu eta zubiak eraikitzea da kontua. Filminen zinezaleari eskuragarri Jarri nahi dizkiogu pelikulak, hori da gure helburua, ahalik eta modu errazenean. Eta zinezaleak bere ama hizkuntzan ikusteko aukera izan behar luke. Hori oso argi daukagu.
?Zenbat harpidedun potentzial izan ditzake euskaldunon munduak?
Ezin dizut eman datu hori. Oso zaila da. Eta gainera gure industrian ez dira harpidedunen datuak ematen. Pixkat konpromisoan jartzen nauzu. Zoritxarrez, ezingo dizut esan. Gainera kasu honetan gutxi gora beherakoa izango litzateke. Ez nizuke ezer zehatza esango. Gustatuko litzaidake laster Filmin.eus izatea eta orduan bai eman ahalko nizula zifra orientagarriren bat.
Ziur izan deituko zaitugula Filmin.eus daukagunean!
(Barreak)
Netflix, HBO eta beste plataformek edukiak ekoizteko apustua egin dute. Ez dakit burutik pasa zaizuen edukiak ekoizten hastea.
Bale, esango dizut baietz. Burutik pasatu zaigula. Kontutan izan, haiekin merkatua partekatzen badugu ere ezin dugula haien ligan jokatu dimentsio aldetik. Haiek multinazional globalak dira, eta guk ez diogu uzten oraintxe bertan 30 langile dituen enpresa bat izateari. Esango banizu HBOk, Netflixek edo Amazonek mundu guztian dituen langileak… Gure dimentsio txikiak ez zigun uzten orain arte ekoizpenetan sartzea planteatu ere egiten. Banaketan bai, sartuta gaude jada. Tira, baina, bizitzen ari garen hazkuntza esponentzial honek lehenengoz erronka berriak planteatzera garamatza, lehen kimerikoak zitzaizkigunak. Eta geroz eta posibleagoak dira, hor utziko dizut.
Zorte ona opa dizuegu. Eta espero dugu Filmin.eus iristea.
Hala espero dugu guk ere. Gure aldetik ahal dena egingo dugu hala izan dadin.
Amaitzeko: pleikula bat gomendatuko diguzu? Boteprontoan eta abixatu gabe.
Bai bai, boteprontoan, burura etortzen zaidan lehenengoa, konfinamenduan izan dugu sorpresa ederrenetakoa: ‘Exlibris: New Yorkeko liburutegi publikoa’. Frederick Wisemanen dokumentala. New Yorkeko liburutegia du ardatz, baina, ez da liburutegiaz bakarrik ari. Kontatzen digu zerbitzu publikoek zer funtzio bete behar duten gizartean eta argi printz bat da garai ilunotan.
Elkarrizketa entzuteko:
Joan Sala (Filmin): “Gure aldetik ahal den guztia egingo dugu Filmin.eus sortzeko”
Joan Sala (Filmin): “Gure aldetik ahal den guztia egingo dugu Filmin.eus sortzeko”
Ex libris, Frederick Wiseman-ena. Uste dut gaizki transkribatua dagoela zuzendariaren abizena.
Elkarrizketa interesgarria, eskerrikasko
Arrazoi! Eskerrik asko Eleanor. Zuzendu dut.
Bsrkd