Txinparta

Txinparta –

Gaur egun eta aspaldian, ez dira askorik ikus eta entzuten, baina garai batean bai, asko ziren goizean goiz, etxean zintzilik zegoen kaiola barrutik  kantari esnatzen ziren txoriak.

Txinparta
Arg: Alexas_fotos (pixabay)

Txinparta zuen izena, benetan dotorea zen Txinparta, zilar dirdirak ziruditen bere lumak eta mokoa ere ezin garbiagoa zeukan. Hain dotorea izanik, -nola ez- etxe dotore batean bizi zen. Etxe dotore honen sukaldean zeukan bere kaiola. Eta jakina, kaiola ere ederra zen,  dena urrez estalia.

Bere nagusiak ongi zaintzen zuten, beti behar zuen  janaria izaten zuen  ontzi txukun batean, baita ura ere behar adina.

Gauza guzti hoiek aski ez, eta Txinpartak sekulako zortea zuen. Egunero bi orduz kaiolako ateak irekitzen zizkioten hegan egin zezan.

Hau dena kontutan hartuz, Txinparta pozik bizi zen, munduan ez zegoela bera bezain ongi eta zoriontsu zegoen txoririk pentsatzen zuen.

Urriko egun euritsu batean, etxeko teilatu azpian zegoela, bere bi orduko askatasunaz gozatzen, bere luma dirdiratsuak bustitzeko pena ematen ziolako. Eta halako batean, mokoa bustitzen hasi zitzaiola konturatu zen, bere bazterrera begiratu, eta, beste txori bat ikusi zuen.

-Aizu, kontuz ibili, busti egiten nauzu eta, -esan zion erabat haserreturik, bazterrean zeukan txori arrotzari-

+Barka zaidazu, hor zinenik ere ez naiz konturatu -erantzun zion erabat bustita zegoen beste txoriak-

Txinparta haserretu egin zen erantzun hori entzutean, eta – handik alde egiten zuen bitartean- pentsatu zuen: nola izan liteke, nola liteke ni ez ikustea, hain ederra eta polita izanik?

Berriro ere bere kaiola miresgarrira itzuli zen eta, etxeko jendeak egin zizkion “mainekin”,  gertatutako guztia ahaztu zuen.

Garai haietan orain baino euri gehiago egiten zuen eta, handik egun gutxi barru, berriro ere, euria barra-barra ari zuen. Txinparta -ohiko zuen bezala-  teilatu azpian zegoen bere askatasun txikiaz gozatzen, eta alako batean,  nor ikusiko eta, aurreko eguneko txori arrotz ber bera.

Txinpartak begiratu orduko igarri zion  ez zegoela bustita, baina -hegal baten azpian- odola ikusi zion. Txinpartari  txori arrotza horrela ikusteak pena eman zion, eta, hitz egiten hasi zitzaion.

-Zer gertatu zaizu hegal azpian? -galdetu zion Txinpartak-

+Atzo, teila azpian nagoela irrist egin eta erori egin nintzen, baina lasai, berehala sendatuko zait -erantzun zion txori arrotzak-

-Nola da zure izena? -galdetu zion Txinpartak-

+Eta txori arrotzak erantzun, – Zeru da nire izena-

-Nik Txinparta dut izena. Aizu non bizi zara, ez duzu bizitzeko etxerik?

+Bai, mundua da nire etxea.

-Mundua, baina ez al duzu kaiolarik? – Harritu zen Txinparta –

+Kaiola bat, zer esaten ari zara, kaiola bati deitzen diozu zure etxea? Neretzat kaiola

bat, kartzela da -erantzun zion Zeruk-

-Hori diozu nire kaiola ezagutzen ez duzulako, -erantzun zion Txinpartak irribarrez-

+Ez Txinparta, kaiola hitza entzutearekin aski dut. Urrezkoa bada ere, kaiola beti

Kaiola da, guretzat kartzela.

-Baina zuk ez duzu inoiz ikusi nire kaiola eta ezin duzu horrelakorik esan. Nire kaiola                      oso handia  da. Hegaz egiten ahal dut lasai alde batetik bestera.

+Zeru triste, oso triste jarri zen, eta malkoak begietan, esan zion: Txinparta, ez duzu ezagutzen benetan zer den hegaz egitea. Ez dakizu zer den itsas gainean ibiltzea. Ikusi ahal dituzu sekula, itsasoaren olatu erraldoiak?

-Ez , baina nik ere egunero bi ordu ditut hegaz egiteko, -erantzun zion Txinpartak-

+Eta zer? Bi ordu horiek mugatzen zaituzte, beti itzuli behar duzu, bi ordu igaro eta gero. Txinparta, niretzat hori ez da libre izatea, nik trabarik gabe hegan egin nahi dut. Ordurik gabe, lagunekin egon nahi dut.

Loreak usainduz hegan egin, orbela ukitu eta  gainean  lo egin nahi dut.

-Zeru, zurekin gustura nago baina, etxera joan behar dut, -esan zion Txinpartak- Agur.

+Agur Txinparta, ni gaur hegoaldera noa. Ongi bizi.

Handik aurrera, Txinparta ez zen ordurarte bezain lasai bizi. Zeru, txori arrotzak esandakoak asko hausnartzea  eraman zuen.

Negua atzean utzi eta udaberriko egun dotore bezain eguzkitsu batean, etxeko kaiola dotore ura  hutsik zegoen. Txinpartak itsasoa ezagutu nahi zuen. Txinpartak libre, benetan libre bizitzea nolakoa den, ikasi nahi zuen. Kostatako erabakia.

Txinparta

Etxalartutako donostiarra. Idazlea.