Jokin Zaitegi eta Andima Ibinagabeitia: antibirusak! (I)
Jokin Zaitegi eta Andima Ibinagabeitia: antibirusak! –
Aspalditik ari zen, modu askotara, eta kutsatzaile askoren laguntzaz, euskaldunon hizkuntza nazionalaren aurkako birusa lanean indartsu, baina Francoren erregimenak ongi bazkatu, gizendu eta azkartu zuen iragan mendeko 40ko hamarkadan, euskaltzaleen artean desertzioak, euskararentzat gaixotuak eta hildakoak erruz eraginez.
Erbestetik, bi antibirus indartsu behintzat sortu ziren; bata, Jokin Zaitegi, eta, bestea, Andima Ibinagabeitia. Lehenbizikoa famatuagoa da; bigarrena, ezezagunagoa; horretxegatik enplegatuko naiz gehiago Ibinagabeitiarekin.
Jose Antonio Agirrek eskaturik, espioitza-lanetan aritu izan zen 1943tik 1947ra, eta Deustuan bizi zela, polizia espainiarra etxera joanik ihes egin, eta Parisera heltzea lortu zuen. Han, euskarazko literatur lanerako Jon Mirande eta Txomin Peillen kutsatu zituen -beste bi antibirus!-, eta Zaitegiren deiari erantzunik -jesuitetan, Loiolako ikastetxean, ikaskide eta euskararen aldeko mintegiaren sortzaile izan ziren biak-, Euzko-Gogoa euskarazko lehen kultur aldizkaria sortu zuten.
Euskara hutsezko lehenbiziko kultur aldizkari hori burutan ateratzeko, batetik, jesuita euskaltzalea izateagatik hara haizatua izan zen Zaitegi; bestetik, haren lagun eta euskaltzaletasunean gogaide zen Ibinagabeitia, Deustutik hasiera baten Parisera joana; eta, nazionalista zelakoan salatua izan zen Orixe idazle miretsia, Ameriketan zebilena desterruan, Guatemalan elkartu ziren hirurak.
Maisutzat zuten Orixek sei bat hilabete egin zituen beste biekin, eta Zaitegi eta Ibinagabeitia ere ez ziren luzaroan egon elkarrekin, baina gorabehera pertsonalak gorabehera pertsonal, lortu zuten 50eko hamarkada osoan aldizkariari eustea, 1950-1955 epealdian Guatemalatik, eta 1956-1960 epealdian Miarritzetik. Balentria ikaragarria: antibirus lan itzela! Hark lantzen hasitako lurretik etorri dira Jakin (1956) eta gainerakoak, etorri direnean.
Ibinagabeitiak ongi idazten zuen euskaraz. Han eta hemen idatzitako artikulu jakingarriei (P. Sudupe 1999) erantsi behar zaizkie euskara txukun-bizian idatzitako bi mila eta gehiago gutun (P. Urkizu 2000), berrehun lagun eta gehiagorekin trukatuak. Haien bitartez, hainbeste desertzio eta euskararentzat hildako eragin zituen francobirus bortitzaren aurrez aurre idazle-sare bat eratzea lortu zuen, penak konpartitzeko, batetik, eta elkar adoretzeko, bestetik.
Euskara eta politika uztartzeko, besteak beste, Irrintzi zeritzan aldizkaria sortu zuen Caracasen Matxari eibartar exiliatuarekin batean. Ibinagabeitia abertzale jeltzalea bazen ere, asko sufriarazi zioten alderdikide erdaltzaleek. Aldizkari hartan idatzitako artikulu batean, euskararen aldeko organizazio bat sortzea proposatzen zuen euskal matxinadari ekiteko. Matxinada horren aurkako birustzat honako hauek salatzen zituen:
- Abertzaletasunaren larrupean estalita, erdaraz ari diren idazle, hizlari eta aldizkariak oro, geuretik hasita [Alderdi aldizkariagatik ari zen].
- Euskara ukatzen duten Auzitegi eta Tribunalak. Euskara ezesten duten izparringi, aldizkari eta abar.
- Euskara ostikopean darabilten herri-agintari eta udaletxeak.
- Euskararen aurka ari diren elizgizonak: Obispo, apaiz, lekaide, lekaime eta abar.
- Guraso zabarrak, eta emazteki erdaltzaleak.
- Euskara laidotu eta irainduko lukeen edonor.
Aipatu etsaiak oro, gure indar guztiekin lotsatu eta isiltzen ahaleginduko gara, agerian eta estalian, erruki gabe, beldur gabe, baina gezurrik gabe. Horra hor, odol gabeko matxinada, hala ere kementsuen matxinada, sendoena, gudari azkarrena, herri osoarena, ez txepelen matxinada, ezta euskotar salduena ere.
Bihotzeko gaitzak eta Caracasen 1967an gertaturiko lurrikarak eraman zuten hilobira Andima Ibinagabeitia elantxobearra, baina nire gogotik behintzat ez dute eraman.
Euskararen gainekoak amildegitik behera jaurtitzeko gogoa etortzen zaidanean, Ibinagabeitia buruz irekia eta bihotz handikoa etortzen zait oroimenera: hark Parisen, Guatemalan eta Caracasen egin bazuen lan euskararen aurkako antiburusak suntsitzearren, guk ezin jaurtiko ditugu ba euskararekikoak labarretatik behera, euskararen aurkako birus-hedatzaile andanaren pozbiderako!
Jokin Zaitegi eta Andima Ibinagabeitia: antibirusak!
Interesgarriak Pako, bai idatzia, bai Ibinagabeitia bera ere.
Ez nekien hari buruzko ezer ia.
Ez dut egungo EAJn Ibinagabeitiarik ikusten…
Ez, Jonjo, nik ere ez. Ibinagabeitiak elebakartasun ofiziala proposatzen zuen Francoren heriotzaren ondoko garairako.
EAJk errazera egin du, bereziki XXI. mende honetan; errazagoa da euskaldunak erdalduntzea, erdaldunak euskalduntzea baino, eta horixe egin du.
Oraindik orain ikusi dut ETB1en Osasun kontseilariaren eta beste zuzendari baten agerraldia koronabirusaren aurka egiteko aplikazio bat dela eta. %90 erdaraz. Kazetarien galdera guztiak gaztelaniaz; kontseilariak ezin euskaraz erantzun…horixe da ETB2k ETB1 fagozitatzea. Eta, norabidea erakusten du, erdal gizarteak euskal gizartea irentzea, irenstea…Ibinagabeitiak, noski, alderantziz nahi zuen. Ziur nago: egun ez zen EAJn egongo!
Patxik dioenez, Ibiñagabeitiak “Aldizkari hartan idatzitako artikulu batean, euskararen aldeko organizazio bat sortzea proposatzen zuen euskal matxinadari ekiteko”
Antza denez, Ibiñagabeitiak IRRINTZIn proposatutako hura ez da urrunegi geratzen aurreko batean JJk irekitako beste eztabaida batean proposatzen zen honetatik:
1. Nabarmena da euskal erakunde politiko eta kulturalen gaitasun eza euskaldunoi dagozkigun funtsezko arazoei erantzuteko (ordezkatze egoera, hizkuntza, kultura, historia, errelatoa, etorkizuna…).
2. Nahitaezkoa da Herri honen biziraupena ziurtatzeko premia bizia azpimarratzen duen eta hartarako behar liratekeen neurri zorrotzak zehaztuko lituzkeen programa bat.
3. Programa politiko berri hori, orain arteko dinamika autoederresleekin hausten duen erakunde berri batek baino ez luke aurrera aterako.