Urritasunetik oparotasunera
Urritasunetik oparotasunera. Mendebaldeko langileen bilakaera historikoa –
Urritasunetik oparotasunera
Mendebaldeko langileen bilakaera historikoa.
…
XVIII. mendeko azken hamarkadetan Ingalaterran Industria Iraultza eman zenean, mundua erabat eraldatuko zuen prozesu bat hasi zen. Aldaketa horien guztien abiapuntua produkzio-ondasunen ekoizpenean energia iturri berrietan –ikatza hasiera batean, petrolioa eta elektrizitatea geroago– oinarrituriko indar mekanikoa aplikatzea izan zen. Hortik aurrera, ekoizpen industrialak ekonomian zeukan pisuak gora egin zuen etengabe, ordura arte nekazaritzak zeukan garrantzia gaindituz. Makina hauek manufakturak lehen baino kantitate handiagoan eta modu homogenoagoan ekoiztea eta askoz ere azkarrago merkaturatzea ahalbidetzen zuten.
Langileen bizimoduak aldaketa sakonak jasan zituen. Tamaina txikiko tailerretan biltzen ziren artisauak izatetik, ekoizpena zentralizatzeko ideiarekin sorturiko eraikin handietan biltzera igaro ziren, fabriketan, alegia. Gehienbat bi arazo ekarri zituen mekanizazio prozesuak. Alde batetik, ugazabek langileen aktibitateekiko kontrol handiagoa izatea ahalbidetu zuen, adibidez lana hasteko eta lana bukatzeko ordu zehatzak ezarriz –hain famatuak diren suitzar erlojuen industriak garai hartako fabriketan erabiltzen ziren erloju merkeen ekoizpenean dauka bere jatorria–; eta bestetik, orokorrean lan baldintzek txarrera egin zuten eta, ondorioz, baita bizi baldintzek ere. Izan ere, nahiz eta XIX. mendean mendebaldeko gizarteetan eman ziren iraultza liberalek hala-nolako eboluzio politikoa bultzatu zuten, batik bat hiritarren arteko berdintasuna –teorian, behinik behin– eta hauen oinarrizko eskubideak onartuz, aldi berean pertsonen arteko ezberdintasunek gora egin zuten, bereziki arlo ekonomikoan eta, nahitaez, sozialean. Mendebaldeko herrialde garrantzitsuenen hirigune handietan, fabrika erraldoien inguruan, ia animalia gisa bizi ziren ehunka eta milaka gizaseme biltzen ziren kutsadura, txirotasuna, delinkuentzia, gaixotasunak, alkoholismoa, prostituzioa, jokoa, drogazaletasuna edo beste edozein motatako degenerazio garatzeko paregabea zen giro itxi, deseroso, zikin eta degradatu batean. 1827an Simone de Sismondek honela deskribatu zuen egoera: “Produkzioak gora egiten du, ongizateak behera egiten duen bitartean”. Gaur egun, XIX. mendeko langileen egoera honi “manchesteriano” izena eman ohi diogu, bertako langileek zeukaten bizimoduaren adierazle.
Egoera horrek gogoeta eragin zuen gizartean, eta gogoeta horrek erantzun ezberdinak eragin zituen. Goi mailako klaseen kasuan, erantzun hau filantropia izan zen. Batzuetan, filantropia horrek zintzotasun kutsua zeukan; beste batzuetan, aldiz, bere benetako helburua langileen egoera kaxkarra hobetzea zen, ezarrita zegoen ordena soziala mehatxatu ahal zuen amorrua ahultzeko. Langileen kasuan, XIX. mendeko lehen hamarkadetan ekintza ohikoena fabriketako makinak apurtzea izan zen –“ludismo” izena hartu zuen mugimendu horrek, Ned Ludd bere aitzindari mitikoaren omenez–, baina Estatuen erantzun gogorra zela eta –esaterako, Erresuma Batuan heriotza zigorra ezarri zuen Gobernuak– alde batera utzi behar izan zen. Hurrengo erantzuna grebak izan ziren, eta hauek, XIX. mendeko erdialdetik aurrera, jada milaka langile biltzen zituzten sindikatuek antolatzen zituzten. Sindikatuen barne, ideia ezberdinak zabaldu ziren mendeko azken hamarkadetan, baina oro har antzeko neurriak eta erreformak eskatzen zituzten, batik-bat lan orduen murrizketa, Estatuak greba egiteko eskubidea bermatzea, langileek bere kabuz antolatzeko eta biltzeko eskubidea izatea edota soldata urriak merkatuko prezio errealetara egokitzea.
Horrela, Europaren “loraldi garaian” (1870-1914), argi geratu zen gizarte hauen arazorik handiena bere boterearen oinarrietako batek –industrializazioak, alegia– eragiten zuen gatazka soziala zela. Mendebaldeko herrialde garrantzitsuenek, Mundua bereganatzeko nazioarteko lehia ekonomiko-militarrean murgildurik zeudela, hain beharrezkoak ziren erreformei ekin zieten, gehienbat garai hartako kanpo politika erasokorrek eragiten zituzten tentsio eta erronkei aurre egiteko barnealdean “bake soziala” beharrezkoa zutelako. Herrialde gehienek, Alemaniaren eredua jarraituz, 1880tik aurrera legislazio soziala aplikatzeari ekin zioten: gaixotasun eta lan istripuetarako aseguruak, jubilazio pentsioak, lan orduen murrizketa, umeak enplegatzeko debekua, eta abar. Pixkanaka-pixkanaka, klase xumeen eta ertainen eskubideak, neurri handiago edo txikiagoan herrialdeen arabera, zabalduz joan ziren Mendebaldean. Mendearen bukaeran botere publikoek lan mundua bere osotasunean erregulatzea erabaki zuten, horretarako beharrezkoak ziren legislazio eta erakunde espezifikoak sortuz.
Orohar, erreforma eta hobekuntza prozesu hori XX. mendean zehar mantendu egin zela esan genezake, nahiz eta gertakari historikoek –1914 eta 1945 urteen bitartean gertaturiko auzi politikoek eta mundu gerrek, gehienbat– hainbat gorabehera eragin bere baitan. Eskubide eta hobekuntza prozesu honek bultzada berria izan zuen 1950eko hamarkadan. Mendebaldeko herrialdeetan “Ongizatearen Estatua” bezala ezagutzen dugun kontzeptua zabaldu zen. Kontzeptu honek 1942an Erresuma Batuan sortu zen Beveridge Informean dauka bere jatorria,. Dokumentu hartan babes sozialaren unibertsaltasuna adierazten zen, eta inspirazio bat bilakatu zen guztiz zapuzturik zegoen gerraosteko Europan. Eredu hori jarraituz, hurrengo hamarkadetan, Mendebaldeko Estatuek babes sozialean oinarrituriko politikak aplikatu zituzten, eta emaitza modura Mendebala “klase ertainen gizartea” bilakatu zen.
Ongizatearen Estatuak jasan zuen lehen kolpea 1970eko hamarkadan eman zen. 1973an zenbait arabiar herrialdek gerra deklaratu zioten Israeli, Yom Kipurreko Gerra bezala ezagutzen dugun gatazkari hasiera emanez, baina azken honek garaipena lortu zuenean galtzaileek bere petrolioa Mendebal mundua presionatzeko arma ekonomiko modura erabiltzea erabaki zuten. Petrolio ustiapenaren beherakadak, honen garestitzea eragin zuen, eta garrantzi handiko zenbait sektore ekonomikok –ontzigintza edo siderurgia, adibidez– Petrolioaren Krisiaren ondorioak zuzen-zuzenean jasan zituzten, eta beste zenbaitek –automobilen industria, adibidez– gaur egun arte mantentzen den deslokalizazioari ekin zioten, bere produkzio zentroak ekoizpen koste baxuagoak dauzkaten beste herrialdeetara eramanez; Asiara, bereziki. Nahiz eta krisi ekonomikoak kanpo eragile bat izan, hala-nolako izaera estrukturala ere izan zuen; izan ere, Mendebalak Ekialde Urbiletik zetozen energia iturriekiko zeukan dependentzia begi bistan utzi zuen. Krisiaren ondorioz, Bigarren Mundu Gerratik hona bizi izan zen erabateko enplegu egoera behera etorri zen bat-batean. Langabeziak herrialde industrializatuak gogor kolpatu zituen, eta krisiak utzitako zauriak hurrengo hamarkadan ere nabarmenak izan ziren. Esaterako, 1980 eta 1990eko hamakadetan gaur egun nabarmena den “lan flexiblea” agertu zen –askotan gazteek eta emakumeek pairatua–.
2008ko krisiak mundu osoak 1990etik bizi zuen garapen prozesua zapuztu zuen, eta oparotasunak gainbehera ekonomikoari, merkatuen hondorapenari, enpresen desagerpenari eta langabezia orokorrari eman zion pausu. Espainian krisiak gogor jo zuen, bertan higiezinen sektoreak pisu handia zeukalako ekonomian eta lan merkatuan. Europar Batasunak krisiaren zergatia Batasuneko herrialdeen gehiegizko gastu publikoan zegoela antzeman zuen, eta arazo honi aurre egiteko austeritate politikak ezarri zituen. Estatuen politika ekonomikoei dagokienez, presupostuek ebaki sakonak jasan zituzten, zergek gora egin zuten bitartean. Lan munduan, enpresa askok produkzio kosteen beherakada ezarri zuten, adibidez langileen soldatak eta segurtasun prestazioak murriztuz; Ongizate Estatuak iraungitze data zeukala zirudien.
Hala eta guztiz ere, Europar Batasunaren ekonomia berreskuratuz joan zen 2014tik aurrera, baina berreskurapenak ekarri zituen koste sozialak gehiegi izan ziren: langabeziak, ezberdintasunak eta pobreziak ezegonkortasun soziala eragin zuen, eta honek “lotan” zirudien langile mugimendua berpiztu zuen. Europa osoan, hegoaldeko herrialdeetan bereziki, hiritarren mobilizazioak gora egin zuen –mugimendu sozialak, protestak, manifestazioak, eraikin publikoen okupazioak, greba orokorrak; baita parlamentuen, alderdi politikoen eta entitate finantzarioen sedeen aurkako indarkeria–. Guzti honi loturik, gaur ere nabarmenak diren ondorio politikoak izan zuen krisiak. Hiritarren ondoezak hainbat aldaketa politiko ekarri zuen. Espainian, Zapaterok 2011ko hauteskundeak galdu zituen, eta hiru urte geroago 1977tik existitzen zen alderdi-bitasunak leher egin zuen; Italian 2011tik 2014ra lau estatuburu ezberdin egon ziren –Berlusconi, Monti, Letta eta Renzi–; Frantzian Hollandek Sarkozy ordezkatu zuen; Grezian Tsipras izan zen 2015eko hauteskundeetako irabazlea. Aldi berean, “euroeszeptiko” bezala ezagutzen ditugun alderdi eta korronte politikoek gora egin zuten –Brexit delakoa daukagu honen adierazle nagusietako bat–. Izan ere, krisia gainditzeko Batasunak hartu zituen neurriek bere organismoen eta kideen arteko tentsioak azaleratu zituzten, gehienbat subiranotasun nazionalari eta politika ekonomikoei dagokienez.
2008ko krisiak oro har XIX. mendetik zetorren prozesu bat zapuztu zuen. Ehun urte baino gehiagoz, Mendebaldeko langileek, pausoka, bere lan baldintzak eta eskubideak hobetzea lortu zuten, eta mundu mailan beste edozein herrialde edo eskualdeko langileek baino eskubide gehiago bereganatu zituzten. Krisiak hobekuntza prozesu hori nabarmenki kaltetu zuen, eta horren ondorioetako bat lan istripuak dira.
Eurostaten arabera, Europar Batasuna osatzen duten 28 kideen artean, Espainia lan istripu gehien dauzkaten herrialdeetako bat da, Portugal, Frantzia eta Belgikarekin batera. Egia da krisitik hona lan istripuen kopuruak behera egin dutela. Esate baterako, 2007an 1.022. 067 lan istripu egon ziren Espainia osoan, hauetatik 1.167 mortalak izanik; eta 2008an, krisi ekonomikoa hasi zen urtean, 895.679 egon ziren, hauetatik 1.065 mortalak izanda. Hurrengo urteetan lan istripuek behera egin zuten, minimoak 2012 (471.223 zauritu eta 564 hildako) eta 2013 (468.030 zauritu eta 558 hildako) urteetan joz. Datu hauek, 1990eko hamarkadatik honako datuekin konparatuz, oso positiboak direla esan genezake. Esaterako, 1990ean lan istripuetan 1.996 langile hil ziren, eta 2001ean 1.024.936 zauriturik suertatu ziren. Dena den, datu hauek ezin gaituzte engainatu. Argi izan behar dugu jaitsiera honen zergatia ez dagoela langileen lan baldintzen edota enpresen prebentzio protokoloen hobekuntzan, baizik eta 2008tik bizi dugun testuinguru ekonomikoan.
Izan ere, lan istripuen beherakada honen eragile nagusiena langabezia da; hau da, lan istripu gutxiago gertatzen dira, baina langile gutxiago daudelako aktiboan, eta hori bereziki nabarmena da langabeziak indartsuen kolpatu zituen bi sektoreetan: eraikuntzan eta industrian, hauek zirelako krisiaren aurretik lan istripu gehien zeuzkaten sektoreak. Horrez gain, azken urteetan hainbat sindikatuk salatu dutenaren arabera, lan istripuak ez dira errealki islatzen estatistiketan, langileek ez dituztelako behar bezala salatzen, lana galduko ote duten beldur, bereziki kontratu finkoak ez dauzkatenen kasuan. Honen frogarik hoberena 2014ko berreskurapen ekonomikoa da. Ordutik, langabezia murriztu den heinean, lan istripuek berriz ere gora egin dute. 2014an 491.000 lan istripu egon ziren, eta hauen ondorioz 580 langilek galdu zuten bizia. Urte horretatik aurrera eta ekonomiaren egoerak hobera egin duen ahala, lan istripuetan zaurituak izan diren langileak 530.000tik gora izan dira, eta hildakoak 600etik gorakoak –2019an izan ezik, 578 hildakorekin–.
Datu estatistikoen arabera, lan istripu gehienek ohiko profil bat daukate. Hauek gehien pairatzen dituen populazio sektorea gizonena da –2018an lanpostuan hil ziren 652 pertsonetatik 602 gizonak izan ziren–, lan istripu gehien dauzkaten hiru sektoreetan (eraikuntza, industria eta garraioak) enplegatuen gehiengoa osatzen dutelako.
Hala eta guztiz ere aipatu beharra dago azken urteetan lan istripuek gora egin dutela emakumeen artean, bereziki in itinere istripuen kasuan. Adin aldetik, estatistiken arabera istripu gehienak 35 eta 50 urte bitartean dauzkaten gizonek sufritzen dituzte, nahiz eta azken urteetan gazteen artean ere gora egin dute, askotan esperientziarik gabe berme eta segurtasun gutxiko lanetarako kontratatzen direlako, normalean denboraldi laburretarako.
Bukatzeko, gogoeta modura zerbait adierazi nahiko nuke. Oro har lan munduan inolako lan istripurik ez gertatzea –bereziki ageriko arrisku fisikoa daukaten lanpostuetan, meatzaritza edo eraikuntza, kasu– ia ezinezkoa da. Izan ere, eta nahiz eta gaur egun lan asko neurri handiago edo txikiago baten automatizaturik egon, gizakiok ez gara inoiz makinak bezain zehatzak izatera helduko, eta askotan ondorio tragikoak dakartzaten akatsak izan ahal ditugu. Zer esanik ez zorte txarraren inguruan. Hala eta guztiz ere, datuek argi erakusten dute 2008ko krisi ekonomikoak negatiboki eragin duela Mendebaldeko langileen lan baldintzetan eta bizimoduan. Horrela izanda, eta lan istripuen auzia ekiditu behar dugun drama dela jakinik –langileek bizia aurrera ateratzeko egiten dute lan, ez bizia bertan galtzeko–, beharrezkoa da, langileen mobilizazioaz gain, erakunde politikoek egoera hau konpontzeko borondatea adieraztea, betiere etorkizunean lan gatazken gorakada ekiditu nahi badute.
Urritasunetik oparotasunera Urritasunetik oparotasunera Urritasunetik oparotasunera Urritasunetik oparotasunera Urritasunetik oparotasunera Urritasunetik oparotasunera