Zinegoak 2020: Hamaika modu izateko, sentitzeko, maitatzeko eta bizitzeko
Zinegoak 2020: Hamaika modu izateko, sentitzeko, maitatzeko eta bizitzeko –
Jaialdiaren 17. edizioan FIK, DOK eta KRAK egitura egonkortu eta konpromisoz jositako film laburren zikloak egongo dira.
Arantza Ibarrak zuzendutako “Mi pequeño gran samurai” film labur dokumentalaren erabateko estreinaldiak protagonismoa hartuko du inaugurazio ekitaldian.
Programazioan leku berezia izango dute hainbat gaik, besteak beste, LGTBI+ pertsonek pairatzen duten indarkeriak eta suizidioen ikusgarritasunak.
Bilboko Gaylesbitrans 17. Nazioarteko Zinema eta Arte Eszenikoen Jaialdiak aurtengo programazioa aurkeztu du. Prentsaurrekoan Pau Guillen zuzendariak eta Julen Nafarrate komunikazio arduradunak parte hartu dute.
Zinegoak otsailaren 24tik martxoaren 8ra arte antolatuko da aurten, eta bere programazioan islatuko du aurtengo leloa: hamaika modu izateko, sentitzeko, maitatzeko eta bizitzeko. Sexu-orientazioaz harago, jaialdiak lehenengo planoan egon ohi ez diren sexu-aniztasunaren elementuei ikusgarritasuna eman nahi izan die, genero identitate eta adierazpena kasu: “Gizarteak sexu-aniztasuna naturaltasunez bizitzen ez duen bitartean, beti egongo da arriskua bazterketa, estigmatizazioa edo ikusezintasuna pairatzeko”.
Jaialdia otsailaren 24an hasiko da Arriaga Antzokian ospatuko den Inaugurazio Ekitaldiarekin. Bertan Pepa San Martín zuzendari txiletarrak Ohorezko Saria jasoko du, eta Mi pequeño gran samurai film laburraren erabateko estreinaldia izango da. Lan horretan, Ekai Lersundi trans gaztearen bizitza jasotzen da; 2018. urtean Ondarroan bere buruaz beste egin zuen.
Lehenengo aste horretan jaialdiaren pelikula guztiak proiektatuko dira, hiru egoitza nagusietan: Golem Alhondiga, Bilborock eta BilbaoArte Fundazioko ArtHouse Zinema. Hirugarren espazio honetan programazio osoaren “zertzelada” bat izango dugu, eta, horrez gain, Barbara Hammer zinegile aitzindariaren omenezko ziklo bat antolatuko da, doako sarrerarekin lekuak bete arte.
Orotara, Zinegoakeko 17. edizio honetan 22 film luze izango ditugu Sail Ofizialean, hiru kategoria ezberdinetan: FIK, DOK eta KRAK. Hainbat zuzendari Bilbora gerturatuko dira euren pelikulak aurkeztera.
FIK kategorian nazioarteko jaialdietatik helduko zaizkigun fikziozko film luzeak izango ditugu. Bertan batu diren lan guztiek interes eta kalitate zinematografiko handia izango dute. Horren adibide da Port Authority, Danielle Lessovitz zinegilearen opera prima. Martin Scorseseren ekoizpena duen lan hau Canneseko Jaialditik helduko zaigu, eta transfobia soziala lantzen du, mutil cis eta neska trans biren arteko harreman heterosexualaren bidez. Marko Škop eslovakiarrak zuzendutako Let there be light (Nech je svetlo) pelikulan, Europa erdialdian homofobiak eta sexu-aniztasunaren kontrako presio sozialak zer nolako hazkundea izan duen kontatzen da. Pelikula honek Karlovy Varyn parte hartu du, eta suizidioaren gaia du ardatz. Gai hau da Rodrigo Bellot boliviarraren Tu me manques lanaren protagonista ere. Pelikula honen nazioarteko estreinaldia izango dugu, eta bertan, errealitatean gertatutako kasu bat kontatzen da. Lan honen oinarrian Bolivian sortutako antzezlan bat dago, LGTBI+ komunitatearen ikusgarritasunean iraultza handia sortu zuena. Aktoreen artean nabarmentzekoa da Oscar Martinez aktore argentinar ezaguna, eta Rossy de Palma aktorea.
DOK sailean, hots, film luze dokumenten kasuan, trans errealitateek hartuko dute protagonismoa. Ian W. Thomson australiarraren Becoming Colleen pelikulan, zahartzaroko trantsizio-prozesuak aztertzen dira, LGTBI+ nagusien arretarako zentroen faltarekin lotuz. Enrico Masiren Shelter-Farewell to Eden lana, trans pertsona batek Europako mugen artean aterpe bila egiten duen bidaiaren kronika da. Marwa Zein zuzendariaren Khartoum Offside lanean, ostera, emakumeek Sudanen zer nolako trabak eta mugak bizi dituzten ezagutuko dugu.
KRAK sailean, beste urte batez, proposamen narratibo ausartak eta berritzaileak izango ditugu, genero, lengoaia eta estetikak nahastuko ditugulako. Hainbat lan poetiko eta bisual izango ditugu, adibidez, Lemohang Jeremiah Mosese zuzendariaren Mother I am suffocating. This is my last film about you, Sundance jaialdian saritu berria. Bogdan Theodor Olteanu zuzendariaren Câteva conversatii despre o fatâ foarte înaltâ lanean, harreman lesbikoei ikusgarritasuna ematen zaie Errumanian. Azkenik, Cannesko zinema jaialdian Urrezko Palma irabazi zuen Lluis Miñarro zuzendari eta ekoizleak Love me not pelikula aurkeztuko du Zinegoaken.
Zinegoaken film laburren hautaketa zabala izango dugu aurten ere: guztira 45 izango dira, Nazioarteko hainbat herrialdetatik jasotakoak, eta hainbat gairi buruzkoak. Beste urte batez, “Emakumeak” eta “Haurtzaroa eta Nerabezaroa” zikloak izango ditugu; baina film laburren zikloen kasuan, berritasun nagusi bi izango ditugu: alde batetik “Indarkeria patriarkalak”, patriarkatuak hainbat arlotan bultzatzen duen bortizkerien inguruan; eta, bestetik, “Gorputz errebeldeak”, gorputzek har ditzaketen hamaika forma eta identitateen ingurukoak.
Horrez gain, Euskal Herrian sortutako 13 lan izango ditugu; bederatzi film labur (bi sail ofizialean eta gainontzekoak “Erroak: euskal panorama” sailean), film luze dokumental bat sail ofizialean (Iban del Camporen Glittering Misfits) eta hiru lan eszeniko, tartean, Lurrun Minez antzezlanaren aurre-estreinaldia, La Fundición eta Loraldiaren lankidetzarekin.
Zinegoak, gainera, berritasunez josita helduko da. Aurten goizeko 12:00etan ospatuko diren “Bilgune Vermut” saioak izango ditugu, Bilborocken. ZG/PRO jardunaldiak ere izango ditugu, masterclass saioekin eta Europa hegoaldeko LGTBI+ jaialdien arteko topaketarekin (Paris, Lisboa, Tesalonika eta Milanetik etorriko dira). Azkenik, Zinegoak Sari Nagusia ere egongo da lehenengo aldiz, FIK, DOK eta KRAK sail ofizialen eta publikoaren iritziaren artean adostuta.
Behin jaialdia Bilbon amaituta, Zinegoak herriz herri ibiliko da Euskal Herrian zehar. Aurten aurreko urteetako markak hautsi eta 60 udalerri baino gehiagotara helduko da, 70 proiekziorekin. Hazkundea batik bat Araban egongo da. Urtero bezala, beraz, herri txikiek aukera izango dute ohiko zinema zirkuitoetan egon ez diren pelikulez gozatzeko.