Castejón PAItik atera da: koherentzia eta profesionaltasuna hezkuntzan

Castejón PAItik atera da: koherentzia eta profesionaltasuna hezkuntzan –

Orain dela egun gutxi jakin genuen Castejongo ikastetxe publikoak ingelesa ikasteko programatik  (PAI) ateratzea eskatu diola Hezkuntza Departamentuari. Berri honek lotura sakona dauka programa ongi ezagutzen duten irakasle gehienen eta familia askoren egonezinarekin. Eta horren oinarrian dago programa duela 8 urte ezarri zela, nolanahi ezarri ere, testuinguru ikerketarik eta hezkuntza plangintzarik gabe, Foru Komunitateko hezkuntzan mozketa latzenak gertatu zirenean bai dirulaguntzetan bai langileak hartzerakoan. Ez zegoen ez materialik ez aurrekontu-zuzkidurarik ingeleseko irakasle adituak kontratatzeko. Eta horiek dira  gakoak hizkuntzak irakasteko programak nahi den arrakasta eskura dezan, hots: komunikazio gaitasuna handitzea ikasten den hizkuntzan.

Hezkuntza Departamentuak ikerketa hau burutu zuen: “British edo PAI programa duten ikastetxeetan matrikulatutako ikasleen ingeleseko hizkuntza gaitasunaren ebaluazioa eta jarraipena”. Bada, bertan ikusi zen 9 urte eta gero, asteko 8-14 saio hizkuntzan ikasi ondoren, ikasle erdiek baino geihagok Aurre-A1 eta A1 mailak (Hizkuntza Eskolako 1. maila) lortzen zutela ahozko eta idatzizko adierazpenetan. % 15-21 bakarrik ailegatzen ziren Hizkuntza Eskolako 2. mailara, eta idatzizko ulermena pixka bat hobetzen zuten, beti bezala. Hau da, eskolatze urte guztiak ingelesarekin jo eta ke aritu ondoren, ikasle gehienek erdiesten dute heldu batek urte batean, astean lau ordu sartuz, lortzen duen ahozko eta idatzizko adierazpen gaitasunaren adina. Kezkagarria.

Baina ez da bakarrik ingeleseko gaitasauna ez dela garatzen espero zitekeen bezala, hainbeste urte ikasi ondoren, baizik eta tamalez ingelesez irakasten diren arloek edukien sakontasuna eta aukera pedagogikoak nabarmen galtzen dituztela; portaera arazoak areagotzen dira eta aniztasunaren trataera lausotzen da, ikasleek jardunaldiaren heren bat baino gehiago ikasten jarduten baitute eta ikasketa berriak eskuratu behar baitituzte ezagutzen ez duten hizkuntza batean. Hau dena aipatu gabe eskolaldiko urteetan sortzen den autoestimuaren eta autoiritziaren galera, pedagogia eta curriculum mailan gaizki planteatutako programa batengatik.

Ikasleak ez dira hizkuntzan murgiltzen, bertan ito baizik. Bidenabar, oso deigarria da PAI ezarri zenetik, ingeleseko akademien, ikastaroen eta laguntzen negozioa asko handitu dela Nafarroan,  ustezko programaren helburua kanpoko laguntza hauen beharra desagertzea zenean, ingelesa ikasteko ikasle guztien eskubidea bermatzeko.

Urrats hori emateko, ikastetxeak klaustroaren eta eskola kontseiluaren berariazko onarpena eduki du, azken hau osatzen dutela irakasleen, familien eta administrazioaren ordezkaritzak. Bestalde, programatik ateratzeko plan bat eratu dute, ateratzeko arrazoiak argudiatuta, ikastetxeko hizkuntza helburu berriak planteatuta, geroko plantilla aurreikusita eta programaren iraungitzea ikasturteka antolatuta. Hortaz, ikastetxeak oso ongi aztertu ditu diharduen testuingurua eta metodologia honek bere ikasleentzat dituen abantailak eta eragozpenak, eta erabakia hartu du erruz hausnartu eta adostu ondoren, haien hezkuntza errealitatea urte askoan ebaluatzetik abiaturik.

Horregatik, lotsagarria da esatea, UPNk dioen bezala, Klaustroa eta Eskola Kontseilua abertzaleak izateagatik itzultzen direla duela 8 urteko antolamendura. Eta lotsagarria izateaz gainera, arazoa desitxuratzen du eta sinpletzen, eta gezur borobila da, jendea engainatzen saiatzen baita. Eta UPNz  ari garela, ongi dakigu beraiek zabaldu zutela nolanahi PAI programa, pentsatu gabe irakasle, baliabide ekonomiko edo laguntza kurrikularretan, helburu harturik aurre egitea D ereduari, Yolanda Barcinak aitortu zuen bezala. Ezin da errealitatea behartu, ez horrelako argudiorik sinetsi, irakasleok ederki baitakigu ikasle gehienentzako kalteak lehenago direla alderdi politiko baten aurrerako ihesa baino, nahiz eta orduan eta orain PSNk lagundu. Gure ikasleek ez dute zertan jasan politika alderdikoiaren antolamendu eza, eta irakasleok ez gara isilik geldituko ikasle belaunaldi oso batekin  probak egiten dituzten bitartean, edozeinen burutazio txatxuak zuritzeko.

Bada, zoriontzen ditugu irakasleak, erakutsi duten profesionaltasunagatik, eskola askoren testuinguruan kontrakarrean eta koherentzian adoretsu jokatzeagatik, baita gizartea gidatzen duen gezurra ez sinesteagatik. Hizkuntzak ikasi bai, baina ikasleen beharrak lehenetsi ere bai.

Castejón PAItik atera da: koherentzia eta profesionaltasuna hezkuntzan

Castejón PAItik atera da: koherentzia eta profesionaltasuna hezkuntzan

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude