Agate Deunaren bezpera Donibane Lohizunen

Agate Deunaren bezpera Donibane Lohizunen –

Euskal Herriko neguko jaietako bat dugu, Agate Deuna, Dona Agata edota Santa Ageda saindu eta martiri giristinoaren egunarekin loturik dena. Saindu honen eguna otsailaren 5a bada ere, Euskal Herrian erritual guztiak bezperan egiten dira. Euskal Herri osoan ospatzen da, baina Bizkaian sekulako indarra hartzen du besta honek. Euskal giristino tradizioari jarraiki San Migel litzateke Euskal Herriaren zaindaria, irailaren 29an, eta Agate Deuna gure zaindarisa. Santa Ageda bezpera dugu, Euskal Herriko eguna, etxe guztiak kantuz pozteko aukeratua duguna —dio gure geografiaren luze-zabalean zabalduen dagoen kobletako batek.

Agate Deunaren bezpera Donibane Lohizunen

Historiak erraiten duenez, Agate Deuna siziliarra omen zen, 230. urtean sortua. Biziki neska ederra zenez, Erromak Sizilian zuen Quinciano izeneko gobernadore paganoak Agateren amodioa erdietsi nahi izan zuen. Agate, berriz, giristino sutsua omen zen, eta ez zuen Quincianok ezkontzeko egin zion proposamena onartu. Gobernadoreak ez zuen ongi hartu neskaren ezezko erantzuna eta biziki haserre zelarik, Agate kartzelan zuen sartu. Honek ez zuen neskaren deliberoa aldatu eta orduan borreroen esku utzi zuen tortura zezaten. Bularrak moztu egin omen zizkioten eta hogeita bat urte zituela, hil zen 251ko otsailaren 5ean. Giristinoentzat neskato hau izan da Europako mendebaldean izan duten lehenengoetako birjin martiria.

Eta zer egiten du saindu siziliar honek Euskal Herrian? Eta holako indarraz, gainera! Ongi aztertu beharreko gaia da, dudarik gabe. Batzuek diotenez, marinelek eta itsasgizonek ekarri zuten neska horren historiaren berri euskal portuetara, eta hortik zabaldu omen zen gure lurralde osora. Baliteke. Badira, berriz, jai hau ainitzez zaharragoa dena erraiten dutenak.

Hauen ustez, neguko solstizioaren ondorengo jaietako bat izan liteke eta otsailean oraindik lo dagoen lurra iratzartzeko errito zaharrekin loturik legoke. Hauek diotenez, bazen jai zahar bat egun horietan, eta giristinoek Agate Deunaren tradizioa ezarri omen zuten tradizio jentil zaharraren gainean, Eguberri egunean, edota udako solstizioarekin, Jondaine Joaneren eguna jarriaz, egin zuten bezalaxe. Nork daki!

Modu batean edo bestean, gauza da euskal usaian Agate Deuna abere gisa irudikatzen dela, gehienetan ahuntz edo katu itxuraz. Nafarroa Garaiko Ablitas herrian uste zutenez, Agate Deunaren bezperako gauean banatzen omen ziren hurrengo urte osorako ekaitzak.

Agate Deunaren bezpera Donibane Lohizunen

Euskal Herri osoan ohitura handia dago bezperan kopla zaharrak bidez bide eta etxez etxe abesteko. Parte hartzaileek makila bana eramaten dute eskuan eta lurra joz erritmoa markatzen dute. Euskal jantzi tradizionalaz jantzita ibiltzen dira gizonezkoak zein emakumezkoak, eta eskutan daramaten kriseiluen argitan ibiltzen dira diru edota janari eskean, kopla zaharrak kantatzen. Gehienetan, koplako bertsoak lagun batek edo bik abesten dituzte eta gainerako guztiek errepika edo leloa kantatuz erantzuten diete. Herri bakoitzak bazituen bere kopla bereziak, eta gainera, ainitzetan, urtez urte aldatzen omen zituzten. Dena den, badira bi bertso Euskal Herri osoan, zenbait aldaerekin, errepikatzen direnak. Honatx:

Zorion etxe hontako denoi,/ oles egitera gatoz./ Aterik ate ohitura zaharra / aurten berritzeko asmoz./ Ez gaude oso aberats diruz / ezta ere oinetakoz,/ bainan eztarriz sano gabiltza / ta kanta nahi degu gogoz.//

Santa Ageda bezpera degu / Euskal Herriko eguna;/ Etxe guztiak kantuz pozteko/ aukeratua deguna./ Santa maitea gaur hartu degu/ gure bideko laguna;/ Haren laguntzaz bete gentzake / egun hontako jarduna.

Antzinean, mutil gazteak bakarrik ibil zitezkeen gau horretan kantari, baina XX. mendeko azken hamarkadan jai hau emakumeentzat eta adin guztietako jendearentzat zabaldu zen. Hainbat herritan, jai hau, biziki loturik dago inauteriarekin. Herri askotan, bezperako gauean,  elizetako ezkilak jotzen zituzten eta laborariek zahato zaharrak erre eta gero errautsak bildu eta pentze eta soroetan zabaltzen zituzten suteak eta izurriak aldentzeko.

Iparraldean ere tradizio zahar-zaharra dugu, eta herriz herri, auzoz auzo, etxez etxe eta bidez bide kantatu izan dira eta oraindik kantatzen dira gaur. Donibane Lohizunen Begiraleak elkarteak antolatzen zuen besta hau, baina azkeneko hamarkadetan aski galdua egon da. Azken urteetan indarrez berpiztu da, eta gainera ohiko kantuen artean, beste honako hau ere abesten dute. Xabier Soubeletek egina da eta Agate Deuna izena du:

Agate Deuna gurea,/ martiri ezaguna,/euskal makilek gurea/ bilakatu dutena./ Agate, Agate Deuna/ ospatzen duguna,/ bezperaz eta urtez urte /kantatzen duguna. // Agate Deuna, Agate/ amodiozko izate./ Agate Deuna, Agate,/ denek zaitugu maite./ Agate Deuna gurea/ zer gaztigu dorpea,/ gogorra da bularrak moztea,/ emetasuna galtzea./ Agate, Agate deuna,/ ahazten ez dena,/ euskaldunen eredu/ behin bihurtu zena.// Agate Deuna, Agateamodiozko izate./ Agate Deuna, Agate,/ denek zaitugu maite. // Agate Deuna gurea,/ guk abesten duguna,/ emazte on ta aurre-egile / etsigabetuena. // Agate, Agate deuna/ guk maite duguna,/ betiereko esker ona/ zor dautzuguna. / Agate Deuna, Agate / Otoi erruki zaitez,/ Agate Deuna, Agate / denek zaitugu maite.

 

Donibane Lohizuneko adibidea:

Lehen erran bezala, Begiraleak elkartea dugu Donibane Lohizunen Agate Deunaren usaia edo tradizioa berpiztu duena. Osora 25 bat gizon eta eemazte atera ziren etxez etxe kantari, ohiko euskal janzkeraz prestaturik, eta eskuan makila eramanik. 2017. urtean honako ibilaldi eta erritualak bete zituzten. (Oharra: hainbat arazo izan zirela eta, 2018an eta 2019an ez zen Agate Deuna Donibane Lohizunen egin. Aurten berriz karrikaz karrika ibiltzekoak dira.)

Lehen geldialdia elkartearen sortzaileetako bat izan zen Madalena Jauregiberri xiberotarraren ondorengoen etxean. Arratseko seiak eta laurden ziren. Xabier Soubelet elkarte buruak honako bertsoa bota zuen:

Gure sortzailea Madalena etorri zen Xiberutik/Herria maite zuen bihotzez, euskara denen gainetik / Zuen etxera gaur heldu gara, arrazoin horrengatik / Santa Ageda maite dugulako denok bihotz-bihotzetik

Ondoren ohiko hiruzpalau kantu etxekoekin batera kantatuz eta gero etxeko nagusiek mahaira hurbiltzeko gonbita egin zieten etorri berriei. Bertan baziren jan-edateko ugari. Gero, joan aurretik, beste bi kantu eman zituzten.

Agate Deunaren bezpera Donibane Lohizunen

Bigarren geldialdia betidanik begirale izan ziren Legarto familiaren etxean egin zuten. Bertan bazen haien aiduru elkarteak duen kiderik zaharrena, Iturralde Anderea, 102 urterekin, laster 103 betetzekoa zena. Lehen geldialdian egin zuen bezalaxe, elkarte buruak bertso bat bota zuen:

Atsalde on etxeko andere, egun kantatzera gatoz / Santa Ageda gure martiria maitatzen baitugu gogoz /Begiraleko xahar guziez gaude beti gu amoros / kantatzen hasiko gara orai, hemen buru eta bihotz.

Gero, Mailux Legarto etxekoandreak etxeko mahaira gonbidatu zituen kantari joandako guztiak. Hor ohiko kantuak eta jan-edateko ainitz izan ziren.

Agate Deunaren bezpera Donibane Lohizunen

Hirugarren geldialdiaLuzean pilotarien elkartean izan zen. Eta bertan euskal pilota eta pilotariak omendu zituzten. Elkarte buruak bertso hau luzatu zien:

Luzean pilota elkartea, zuen egoitza Donibane / Horren zaindariak aspalditik, pilotaren begirale / Esku hutsa edo joko garbi, errebota edo xare / zer litzateke Euskal Herria egun pilotarik gabe.

Hau entzun ondoren, Luzean pilota elkarteko buruak denak mahaira gonbidatu zituen. Berriz ere, errituala errepikatu zen: kantuak, jan-edatekoak, solasak…

Agate Deunaren bezpera Donibane Lohizunen

Laugarren geldialdia Begiraleak elkartearen egoitzan izan zen eta bertan andereño jubilatua den Kattin Mendibururi elkarte buruak honako bertsoa eskaini zion. Euskara omendu nahi zuten azken geldialdi honetan.

Begi sortu zenean aspaldi xedea zuten euskera / larogoita bi urteen ondotik, gure asmoa da berbera/ euskaraz egun kantatzen dugu Santa Ageda bezpera / ta orduko xede euskaldunez egarrituak baigera.

Segidan bizpahiru kantu abestu zituzten eta ondoren elkarte buruak sukaldeko mahaira gonbidatu zituen denak. Hor baziren bizkotxak eta edariak  Agate Deunaren errondari bukaera goxoa emateko. Solasak, irriak, kantuak, kafeak… eta etxera erretiratzeko tenorea. Gaueko hamarrak ziren.

Oharra: Hemen Donibane Lohizuneko Agate Deunaren bezperako erronda aipatu dugu, baina jakina da herri guztietan antzeko ibilaldi eta egitarauak egiten dituztela.

Agate Deunaren bezpera Donibane Lohizunen
Agate Deunaren bezpera Donibane Lohizunen
Agate Deunaren bezpera Donibane Lohizunen  gate Deunaren bezpera Donibane Lohizunen
Agate Deunaren bezpera Donibane Lohizunen

Euskaltzalea eta irakasle-ohia