Argazkilaria vs. Mugikorra
- 2019-10-23 07:28
- Salabardoa
Geroz eta argazki hobeak ateratzen dituen mugikorrek kenduko al diote lanpostua argazkilariei? Noski ezetz!
Bai, gure sakeleko mugikorrek geroz eta pixel gehiago dituzte, eta bai, ateratzen ditugun argazkiei geroz eta edizio gehiago eman ahal diegu, modu erraz batean eta doako aplikazioak erabilita. Baina ez, ezingo dugu inoiz argazkilari batek lor ditzakeen emaitzak izan.
Dena den, mugikorra gurekin daramagu, eta edozein momentutan argazki bat egiteko aukera ematen digu. Beraz, argazki horren erabilera sare sozialak edo webgune bat bada, askotan nahikoa izan daiteke. Edota, asmatuko al zenuke bi argazki hauetatik zein izan den mugikorrarekin aterata eta zein reflex batekin?
Hausnarketa hau egin eta gero, errealitateak dio askotan guk geuk lortu behar dugula argazkia. Eta ez dakigu nola hasi, ezta zer egin… Beraz hona hemen argazki bat mugikorrarekin ateratzeko orduan kontutan izan beharreko 3 pausu:
1.Argazkia pentsatu
Ezer baino lehen, orri txuri bat imaginatu zure buruan, enkuadre egokiarekin. Bertikalean edo horizontalean aterako al duzu argazkia? Behin lehen pausu hau emanda, gogoratu batzuetan ondoko koloreak kontrastea egiten lagunduko duela, eta beste batzuetan objektuen konposizioan egongo dela gakoa.
2. Argazkia atera
Ez egin zoom digitala, eta enfokatu, enfokatu ondo! Argiarekin adi ibili! Argi naturalarekin nahikoa izango da edo gehigarri bat beharko duzu? Hainbat argazki atera horietatik hoberena aukeratu ahal izateko. Botoiari ematea soilik balitz…
3. Edizioa
Ez argitaratu argazkirik edizio minimorik gabe! Argia ukitu behar izaten da, kontrastea eta saturazioa ezinbestekoak izaten ohi dira. Mugikorrean gaudela, Snapseed aplikazioa Google-en tresna bikaina dela esango nizueke, erraza eta oso erabilgarria. Bestela, InShot aplikazioarekin enkuadre arazoak konpondu daitezke edizio mailan.
Mugikorren iraultzak aurrera darrai…. Eta bien bitartean zu, argazkiak ateratzen. Agian ez zara argazkilari bat bezain ona izango, baina saiatu aholku guzti hauei bere garrantzia ematen.
Argazkilaria vs. Mugikorra