Gazte sozialistak

Gazte sozialistak –

Iñaki Segurolak Urola Kostako Hitzan.

Ezker abertzaleko batek hala esan zidan behin kalean: “Hik hor jardutek danan kontra, ta komunixten kontra noiz idatzi ber dek?”. Iritsi da eguna. Sinesgarritasuna irabazi beharra dago, eta ezin da salbuespenik egin: ezin egon liteke “eragile politikorik” hitzezko eraso eder batetik erabat libre dagoenik.

Gazte sozialistakEz dakienarentzat esan beharra dago “ezkerreko” gazteria antolatua bi puska egina dagoela gure inguruan: batetik, ezker abertzalearen harikoa, eta bestetik “gazte sozialistak” eta beren ildo sozialista edo komunista (“klase feminismoa” barne). Hauen kontra jardutea dagokit gaur, eta ez da batere erraza, zeren historiaren (eta biografiaren) benetako motorra haixea baita, eta batetik bestera garabiltzan haixe horrek hurbilago jarri bainau haiengandik besteengandik baino.

Ez da hori bakarrik: klase-gorroto garbi bat eduki dut gaxtetatik barruan aberatsen eta etxe onekoen kontra, eta gainera helburu komunista bil lezakeen esaldi famatua ere oso maitea dut: “Bakoitzak ahal duena, eta bakoitzari behar duena”. Bestalde, munduko gauzarik naturalena zen joera politiko berri bat sortzea gazte ezkertiar antolatuen artean, zeren ezker abertzaleak, hamarkadetan gaiztoarena egiten ibili ondoren, orain, enpazte aldera, txintxoarena egitera jarri beharra zeukan nonbait, eta txintxotasun horrek ezin dio onik egin gazte sano bati.

Neri gazte sozialista hauekin gertatzen zaidana da egiten dituzten ia gauza guztien alde nagoela (okupazioak, komunalak, jantoki sozialak, elkartasun sareak…), baina esaten dituzten gauza askoren kontra nagoela. Eta, ororen buru, ildo jakin superdefinituaren kontua dago. Ildoa, bai: zorioneko ildoa. Beraiek ildo jakin batekoak izatea nahikoa ez dela, beraiek dauden gune guztiak ere ildo horretakoak izan beharra nahitaez. Zeren gauza bat baita “ildoa”, eta beste bat da “bidea”, eta politikan edo gizartean edo iraultzan bertan bidea baita garrantzizkoa, edo bideak, eta ez ildo estu, superdefinitu, hiperteorizatu eta megadotrinatu bat edukitzea. (Unibertsitateak kalte haundia egin du. Lehengo batean esaten zidan komunista izandako jubilatu batek beraiek lantegiko langileak zirela denak, eta ez zutela oraingo hauen “pedantekeria teorikoan” erortzeko arriskurik izan. Unibertsitateak jartzen zaitu sinestera zeuk aukeratutako hiruzpalau kontzeptu akademikorekin eta bibliografia mordo batekin dena esplikatzen ahal dela, eta horrek ego pertsonala asko gizentzen du, edo beharbada ego pertsonala da oro-esplikatze horretara zaramatzana).

Bideak, mugimenduak, “batzen gaituena” aurretik jartzea, antikapitalismoa edo dena delakoa…: holako gauzak ez dituzte batere maite gazte sozialistek edo, hobeto esanda, beren arteko ideologoek. Ez: balio duten bakarrak “langile zientzia” eta “langile boterea” dira. Irakurri diet “herri mugimendua” ere oso mugatua dela edo ez dela balekoa; “zentzu komuna” ere ez, interklasista omen delako; haientzat baztertzekoak direnen zerrendak ez du akaberarik: sozialdemokratak, espontaneistak, posmodernoak, autonomoak, leninistegiak, anarkoak, “erromantikoak” (!), “estetizistak” (!!)… zein ez? Orduan, hau zer da? Neuk erantzuten dut: hau da betiko “gora gu ta gutarrak” eta, ideologoen ahotan jarririk, “gora ni ta nitarrak”.

Ildo estu eta jakina; ideologia jakin eta estua. Beharrezkoak omen dira horiek, eta baita, esanda bezala, boterea eta zientzia ere (Foucault-en “savoir-pouvoir” hura ekartzen dit gogora), eta behar omen da alderdi komunista bat, eta diziplina eta zentralismoa, eta abar zatar bat. Bestela jai omen dago, eta eraginkortasunik batere ez, baina, nere ustez, eraginkortasun hori hutsean gelditzen da ildoaren itxikeriak, auzo-ildo guztien ukatzailea izanik, beregan daramalako zatiketaren eta atomizazioaren hazia. Eta arriskurik txarrena da beraiek aspertzea, eta ildo-zulo klaustrofobiko horretan itotzea, nazkatzea eta, erreakzioz, heldu-ziniko atzerakoiak bihurtzea orduz lehen. Zeren ildo estuaren itxikerian ez baitago iraultzarik eta ez ezer; dagoena da irauntza; hau da: geure ideia partikular zoragarrietan irautea gozo eta eroso, eta besterik ez.

Bestela, gazte sozialistok, dena ondo, benetan. Eta “desjabetu” guztiok jabetzeko (ulertzeko) moduan hitzegin eta idatzi ezkero, askoz hobeto.

(Adibide koxkor bat: ez dago amaren umerik “langileen kontrolpeko guneak” irakurri eta gaztetxeaz ari direla ulertuko duenik. Nolanahi ere, gauza onak ere irakurtzen dizkiet, eta oso interesgarriak iruditu zaizkit, berrienak aitatzeagatik, Gedar-en Maddi Sarasuak kultura kolektiboaz edo Jon Kortazarrek euskararen zapalketaren izaera klasistaz idatzitakoak, besteak beste. Ideologo eta teoriko gogorrenak izan ohi dira jasangaitzenak, nahiz-eta Kolitzak “Marijaiak ezkutatzen duenaz” idatzitakoak oraindik gogoangarria izaten segitzen duen).

Gora iraultzaren bideak, zidorrak, zubiak, estratak, etorbideak eta espaloiak!

Gazte sozialistak

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

24 pentsamendu “Gazte sozialistak”-ri buruz

  • euskaldun bat 2019-10-17 09:47

    Hasi zarete konturatzen nonbait! Ez da gutxi! Gaztetxeari “langileen kontrolpeko gunea” diotenekin Euskal Herri independente batean zer espero daiteke? Barne liskarra besterik ez. Bata bestearen aurka, nire pentsamoldea gailentzen ez bada, “estatu zapaltzailea” dioten ume berekoiak. Euskal Herria euskalduna izango da edo ez da izango, eta beste ismo guztiak soberan daude.

  • euskaldun bat 2019-10-17 23:34

    Non dira gazte sozialistak emakume hau defendatzeko?
    https://elpais.com/politica/2019/10/17/actualidad/1571311618_971788.html

  • Insistentzia 2019-10-18 10:47

    Ez dut ulertzen non dagoen arazoa. Euskaldunak, abertzaleak eta sozialistak dira, argi-ilunak argi-ilun. Hau eta beste idatzi dutela gainontzekoei buruz? Idatzi hau bezalaxe, zer egingo zaio ba.

    Itxia, klaustrofobikoa, heldu-zinikoak… erraz idatzitako hitz ederrak gazte ekintzaile hauentzat. Ez dakit, baliteke itxiak eta klaustrofobikoak izatea talde hauek, ziur izan kolaboraziotik kanpoko lekua itxia, estua, klaustrofobikoa, malkartsua… dela.

    Baina egileraren lagun jubilatu omen den horrek bete betean asmatzen du. Unibertsitatea tontotze sistema bat besterik ez da, kontzeptu irrealez betetzen ditu 20-30 erdi-gazteen buruak, esperientzia errealak gidatzen utzi ordez. Gurasoengan akademiaren aldeko kanpaina bat burutu zen, beren seme-alabek 25 urterekin sakelak hutsik, ikasketa ezdeusekin eta adoktrinaturik amaitzeko. Egunkariek entrebistatzen dituzten pentsalari eta ideologo gazteak ikusi besterik ez dago, Martetik datozela dirudi.

  • euskaldun bat 2019-10-18 11:48

    Berrian hitzerdirik ere ez honi buruz. Insistentzia, ez ezazu inuxentearena egin. Berrian albiste honi buruz ezer ez esatearen arrazoi beragatik kritikatzen ditu eta artikuluak gazte “iraultzaile” horiek.

  • “Bakoitzak ahal duena, eta bakoitzari behar duena”
    Eta nork eta nola erabakiko du noraino iristen den bakoitzaren beharra?

    Esaldi honi ikusten diodan akats nagusiena zera da:
    Ez duela kontuan hartzen gizakiaren izaera bikoitza eta aldakorra, eta amestutako berdintasun baten izenean pertsonaren norbanako alderdia ezabatzen dela, gizakia bere osotasunean ulertu gabe.

    Nire ustez, lelo hori gizartearentzat baino egokiagoa litzateke inurritegi baten bizimodua adierazteko.

  • Kaixo. Nahiko ergela iruditu zait iñaki segurolaren atakea. Gomendatzen diot kapitala ta grundiseak irakur ditzala ta ergelkeri paternalista gutxiago idatzi ditzala. Gora gazteen sormen emantzipatzailea.

  • Niri ere artikulugileari pasatzen zaion gauza berbera pasatzen zait. Egiten dituztenak ondo ikusten ditut baina esaten dituztenak batere ez.
    Adibide gisa, alde ederra hauek antolatu zituzten topaketatik Ernai eta Aitzinak antolatu hoi duten aste santuko topagunera. Batean formakuntza ideologiko eta teknikoa, harremantzea eta aisia bai baina lehentasunak argi. Bestean betikoa, hitzaldi eta “tailerren” anabasa inkoherentea eta desfasea, geroz eta musika festibal konbentzional baten antza handiagoa. Beren planteamentuekin ados egon gabe, IAn eta GKSn fuldamentua behintzat badutela aitortu behar zaie.
    Orain, beren ildo politikoa beste gauza bat da. “Prozesu sozialista”ren izenean afera nazionala baztertzea onartezina da, garai batean felipeek, LKI, Batzarre eta horrelako oportunistek egin zuten parekoa. Abertzalez jantzita, espainolismoa zabaltzen ari dira gazterian, herriaren noraeza ideologikoa baliatuz. Arriskutsua, zinez.

    PD: iruditzen zait gazteria abertzaletik gaindi afera hauei behar bezalako garrantziarik ez zaiela ematen. Baina azaleko zaratatik haratago sortzen ari den arrakala zinez ikaragarria da eta datozen urteetan zeresan asko emango ditu. Ez esan abisatu ez nuenik

  • joxe iriarte bikila 2019-10-22 11:16

    Batzuk duela berrogehi urteko eztabaidetan geratu zarete, fobia eta prejuzio guztiekin. Beti egongo dira nabardurak, lehentasunen inguruko eztabaidak, baina gakoa da, zapalkuntza guztiak bere baitan hartuko duen egitasmo POLIEDRIKOA bultzatzea. Nazio askatasuna eta soziala, feminismoa, ekologismoa, et abar. Nork du zilegitasuna esateko: gai, arazo edo dena delakoa, bestea baino garrantzitsuagoia dela (gailendu behar dela bestekiko) ?

  • . Nire iritzia, borobilduko dut: Izan ziren garaiak non batzuen ustetan “lehenengo etxea -nazioa- eraiki behar genuen eta geroago ikusiko zer koloretan pintatu” (sozialismoa edo bestelako gizartea). Zorionez, ETAren bosgarren biltzarrean askapen nazionala eta soziala “txanpon bereko bi aldeak” zirela aldarrikatu zen, eta horrela izan da gaurdaino. Horren aurrekaria genuen Hirugarren Internazionalean: Mundu uztiko langileak eta herri zapalduak, elkar gaitezen! Aldarri egin zuenean Lehenengo Internazionalaren aldarri proletalgo hutsa zuzenduz.
    Duela gutxi sortu berria den gazte mugimendutik, badirudi sintonia aldatua datorkigula, arazo sozialen lehentasunaren aldarriarekin.
    Nire uste apalean, txanponaren bi aldeko metafora hori zaharkitua geratu zaigu. Balio izan zuen bere garaian, baina egun, irudi hori baino, izaera poliedrikoa duen emantzipazio proiektua aldarrikatuko nuke. Alde batetik, aipaturiko bi mugimendu nagusiak (langile mugimendua eta nazio askapenekoa) asko aldatu direlako, gurean eta munduan, eta batez ere, emantzipazioaren egitasmoa askoz transbertsala edo zeharkakoa delako, non mugimendu berrien garrantzia asko handitu den (batez ere feminismoa eta ekologismoa) eta besteen protagonismoa apaldu.

    Hau da, Euskal Herriko eraikuntza nazional demokratikoa, ezkerrekoa, ekologikoki jasangarria, ikuspuntu feministatik emantzipatzailea. Eta proiekzioz internazionalista izango dena.
    Hots, emantzipazio prozesuaren irudi geometriko horrek alde guztiak hartzen ditu bere baitan, batak bestea baldintzatuz eta aldagaien interakzioa lortuz: lurraldea, energia, elikadura, ekologia, zaintza, gorputza, baldintza materialak eta esplotazio ekonomikoa… beraz, interakzioa eta, borroka desberdinen artean komunean dutena artikulatzea lortzean datza gakoa.

  • Iraultzaileen ezaugarri nagusienetako bat, egoera berrietara egokitzeko etengabeko aldaketa da. Benetako gaitasuna erakusi dute eta erakusten ari dira aldarrikapen guztietara iristeko.

    Orain gutxi arte askapen nazionala eta soziala ziren erreferente nagusiak, baina eten gabe, feminismoa, ekologia, migrazioa, demokrazia, etabar luze bat, bereganatu dituzte.

    Aldatzen ez duten gauz bakarra bere azken helburua da: Estatu kapitalistaren suntsipena. Eta horregatik, borroka mota horiek guztiak helburu horretara bideratuta daude.

    Adibide bezala. Zergatik irautzaileek ez dira mugitu Victoria de Castroren etxe-kanporatzea salatzeko?
    Kanporatazaileek gaizkile arruntak ordez KUTXABANK izan balitz………

  • Egitasmo poliedrikoa, transbertsala, kolore guztietakoa… eufemismo gehiegi, kontraesan nagusiei heldu gabe iraultzailearena egiten jolasean jarraitzeko.
    Hori bai, zapaltzen gaituzten horien botetik sosak jaso eta poltronak berotuaz, betiere. Liberatuak ez dira bakarrik ordaintzen, ez eta entxufismo orokortua ere. “Kulturgintza” mertzenarioa ahaztu gabe. Ondo asko dakite batzuek herriaren askatasun egarria probetxu pertsonalerako erabiltzen.
    Bai, gauza batzuk beste batzuk baina askoz ere garrantzitsuagoak dira, posmoderno horiek. Afera sozial deritzaien ia guztiak hemendik 200 urtera ere eztabaidagai izan genitzake, baina batzuei ahazten zaizuena (edo ezinikusia egiten diozuena) HERRI GISA DESAGERTZEN ARI GARELA da. Egun geure lurrean euskararen erabilera %16 (!) eskasa bada hondamendi demografikoaren eraginez bizpahiru belaunalditan atzera ezinezko %5 beldurgarrian jar gintezke. EZ DA INONGO TXANTXA. Segi beste edozer gauza herriaren biziraupenaren aurretik jartzen, amildegira zuzen-zuzenean

  • Lander Erkizia 2019-10-22 21:42

    Ados Joxeren askapen bulkadaren ikuspegi poliedrikoaren aldarrikapenarekin.

    Mikelatsen iritzia estua zinez, penagarria.

    Lorerekin ,ados klasikoen irakurmenen garrantziaz baina iruditzen zait ez duela asmatu Iñaki Segurola anarko azpeitiarra kritikatzen. Ustet Iñakik testuan adierazi dituela kontziliazio eta identifikazio nahiko gazte sozialisten ekimen eta diskurtso zenbaitzuekin.

    Uste dut askapenerako klasiko handiak erabili baehar ditugula gure errealitate poliedriko eta konplexuak ulertzearen saiakeran eta herensuge zapaltzailearen( hau da kapitalismo finantziero berantiarraren) aurrean azterketa ahal eta zientifikoen eta erantzun ahal eta eraginkor eta gozagarriak antolatuaz.

    Nere herrian , gazte-gaztetxo bulkada askatzaileatan aritzeko saiakeretan dabiltzanak lau koadrila multzo ezberdinduetan dabiltzate. Batzuk feminsimoaren inguruan dabiltzate, ernairen inguruan besteak, prozesu sozialistaren inguruan beste batzuk eta besteak animalismoaren inguruko dinamikan.

    Zatiketa eta konpartimentazioa nabaria da beraien egunerokoan . Baina gazte kondizioaren hibridazioa eta konexioak hor daude , beraien gaur egungo azeleramendu teknolojikoek sortzen dizkieten(dizkigun) sufrimendu guziak eta ikuspegi material kaxkarrak kotuan izanik ere.

    Eta kontuan hartzekoa ere bai “Friday for future” altxatzen ari den mundu mailako gazte mugimendu orokorra, zalantzarik gabe.

    Uste dut erantzuna poliedrismoan, zientzian eta gozamenean dagoela .Gure heldu munduetatik , gazteekin konektatuaz, beraien alaitasun askatzaileak busti gaitzala.

  • Insistentzia 2019-10-22 22:58

    Nik oso begi onez ikusten ditut gazte hauek. Abertzaleak direlako, beste -ista horietakoren batez gain. Besterik ez. Eta erakunde batek gero eta -ismo gutxiago eduki are eta hobeto.

    Batzuk politikaz jardutean ez dakit zertaz ari diren egia esan, tetraedroak, esferak… Geometria alde batera utzita, auzi bakarra zera da: abertzaleak dira? Zer egiten dute aberriaren alde? Eta argi dago bai direla abertzaleak.

    Aurrera gazteak!

  • Lander Erkizia 2019-10-23 08:21

    Ah, ta aurrekoan funtsezkoa beste zerbait ahaztu zait aipatzea.Poliedrismoa,zientzia eta gozamenaz gain euskara falta zitzaidan. Euskara,noski. Euskararen maitasunezko eta majiaz betetako ekarpena. askatasun bulkada.

  • Beñat Castorene 2019-10-23 08:52

    Lander, euskararena ez da beharbada ahantzaldi sinple bat.
    Dena nahi duzu batera . Ba ote da munduan zerbait nahi edo gozatu nahi ez duzunik?
    Euskara ez ote da zuretzat beste guzien arteko azken osagailu bat.
    Emaiten duzu 68eko diplodocus hedonista bat.

  • euskaldun bat 2019-10-23 09:04

    Beñat, bete-betean asmatu duzu. Zu ere ohartu zara jende hau nolakoa den. Imaginatu egunen batean Euskal Herri independente batean gaudela. Nola eduki jende hau pozik beraiek nahi duten guztia (eta zerrenda luzatu eta luzatu ari dira urteak pasa ahala) ez badaukate? Neurri batean Podemosekoen antza daukate, haiek ere mundua aldatzeko hasi ziren baina gero beraien artean haserretzen dira eta hori oraindik boterea dastatu ez dutenik! Nire Euskal Herriko parlamentuan ezkerreko partiduak, eskuinekoak, kapitalistak eta komunistak daude. Hauen Euskal Herriko parlamentuan beraiek bakarrik egoteko asmoa dutela uste dut.

  • euskaldun bat 2019-10-23 09:11

    Eta gero bestea datorkigu esanez ETAren boskarren batzarrean zer erabaki zen esanez, hor erabaki zena Herriaren erabakia balitz bezala. Denok ikusi dugu azken urteetan ze pelajetako jendaila sartu zen erakunde horretan, banan-banako jendea. Jende horrek jada ba al zuen euskararekin eta euskal kulturarekin inongo loturarik?!

  • Kontraesan nagusia? Maoistek erabiltzen zuten kontzepto horri gorroto diot: zer den benetan garrantzi duena eta ondorengo bigarren mailakoak nork erabakitzen du? Emakume kurduek oso argi ta garbi erakusten digute bidea. Bestaldetik, Mikelats gai zara zure ikuspounditik mundu honentan zer duen garrantzi nagusia tajutzeko. Nazioa? eta nazio horretan kalamitatez bizi bazera? Zergatik ez esan, ni euskalduna naiz, emakumea, gai, ekologista, demokrata, nire helburua da: pertsona libre eta eskubidez berdinez izango garen herri libre eta burjabe dut helburua. Beste gauza bat. Anonimatoen mozorroz baliatuz esatea:zapaltzen gaituzten horien botetik sosak jaso eta poltronak berotuaz, esatearekin ez dakit zeinei kontra ari zara? Lotsagarria deritzait ez baduzu konkretatzen. Zeinei buruz ari zara? Nire biztza guztian borrokan ibili naiz, batzuetan fin bestetan ez hai,beste, eta nire jubilazioia minimoetan dago. Horregatik nabil jubilatuekin ere borrokan. Agian hori zuretzako ez da lehentasunezkoa.

  • Bikilari erantzuna;
    emakume kurduek zerbait erakusten badute, lehenik eta behin beren aberri Kurdistanen alde altxa direla da. Gero beren gizarte-proiektua dator, baina haiek kontraesan nagusia zein den argi daukate. Gero autogestio-feminista horren mozorropean erabaki garrantzitsuak nork hartzen dituen beste gauza oso ezebrdina da. Bestela begiratu harreman diplomatikoetan nor dagoen kurduak ordezkatzen.

    Nire akusazioa herri honetako klase politikoari dago zuzendua, EAJri eta EHBri. Herri honen asimilazioaren eta porrot politikoaren erantzule ere badirelako. Esp./Fran. inperialistak eta etsaiak dira baina etxean bertan dauzkagu panorama politiko etsigarri honen erantzuleak, urrutira joan gabe. Bakoitzari berea.

    Bejondeizula. Jubilatuen borroka zilegia dela esan gabe doa. Kontua da klase borroka (jubilatuena hemen sartzen da) hemendik 200 urtera ere existituko dela bere forma propioekin; baina borroka abertzalea agian ez, herri gisa desagertuko garelako eta ez delako egongo borroka hori justifikatuko duen herririk. Horregatik lehentasunak. Goazen herria salbatzera, eta gero beste aferei emango diegu merezi duten arreta. Baina beti herria ideologiaren gainetik jarrita.
    Ondo izan

  • Lander Erkizia 2019-10-27 07:40

    Mikelats:aurreko testu batean adierazten dezu ” geure lurrean euskararen erabilera %16 eskasa dela”. Ba soziolinguistika klusterrak egindako azkeneko 2016ko kale neurketak dio euskal herriaren lurralde osoan euskararen erabilera batezbeste %12,6koa zela , jaitsierazko tendentzian eta 1989 eko %10,8 hura kontuan izanda eta 2000 urtean neurtu zen %13,3ko gailurra kontuan edukita ere . Nik bat egiten det Txilardegi handiak adierazitako idei harekin . Hau da , “errepublika- estatu batekin agian euskara ez da salbatuko baina errepublika-estaturik gabe ziur ezetz “Are gehiago kontuan edukita demografian gertatzen ari diren tendentziak .

    Baina gaur egungo errealitatearen datoak euskal etorkizun euskaldun eta burujabe batean amesteko zinez pesimista izatera eramaten gaituzte, giza espezieren biziraupen orekatu eta duinaren ingurukoak bezalakotxe. Nik zapalketen ingurko ikuspegi integralaren alde nago, noski , euskal kosmobisiotik.

    Poliedrismoa(deshazkundea, feminismoa), zientzia , plazer etikoa, euskara,Horra hor gako askatzaileak nere ustetan, saiakeretan aritzeko eta noski helduen poterearen kudeaketa ez zapailtzaile baten behar funtsezkoa . Finean haurrak eta gazteak dira heldu jendartearen osasunaren eta zorionaren neurgailu eta ispilu.

  • Euskaldunak? Vascongadoak bai! Beharrik Nafarroan holakorik ez dugun, behinik behin! Boa!

  • Hori, Sartoriusena, adibide bakar baino ez da. Ez al dugu inioiz ikasiko espainiarra izatea zer dakarren? Gazte sozialistak? Gazte espainolistak.