Hiper-letrak ere hiper-herdoildu egiten dira
Handiustez erantsiko zituzten HIPER osatzen zuten letra erraldoiak, 80. hamarkada hasieran izan zen. Baina, zehazki noiz gertatu den atzeman ez arren, handinahiaren ugerrak letra harroputzak jan ditu. Ezagutu nahi haien istorioa?
Ugasko Dorreak dute berez izena, baina Plaza dorreak ere izendatzen zaie Bilboko Deustu unibertsitate ondoan zutunik dauden 73 metro garaierako kankailuei. Dorre handi horiek tamainako zerbitzua beharko zutelakoan edo, hipermerkatu oparoa jarri zuten martxan, hala diote behintzat garaiko elkarrizketen oihartzunek.
Ustezko garapen etengabearen porrotaren sinbolo da HIPER zarpaildua. Bi solairu beherago: “END S… HIPERMERCADO.. CAFETE IA…”; eten-puntuek nola jakin zezaketen ba denda, hipermerkatu eta kafetegi abandonatuez gain, zikinkeria, hautsa eta iraganaren nostalgia izango zirela letra malapartatu horien laguntzaile eternalak?
Lotsa gainditu ezin zuten letrek (eta zenbakiek!) egun batean lurra jo zuten, txatar saltzaile baten eskuetan erori balira, gaitzerdi . Izango dira zutabe edo katilu, ez behintzat iraganeko aztarna baztergarri, begirada axolagabeen jomuga etengabe.
Nork iragarriko lieke halako etorkizun zorigaiztokorik? Kartel hutsal bat besterik ez balitz…edo kolore biziz egindako letra xumeak… Baina, ez. Norbaitek erabaki zuen HIPER-letrak izango zirela. Norbaitek sekulako etorkizuna marraztu zien letra horiei. Horregatik, heriotza ere jaiotza bezain espektakularra izan da, HIPER-herdoiltzen ari dira.
Ahaztu naiz ia, HIPER gaixoak laguna topatu du Bilboko eraikin berri batean. “I B E R D R O L A”.