Gipuzkoak erdiesten ditu hizkuntza-politikarik egokienak, normalizazio prozesuan trakzio lana egitea dagokio

Donostia-UHPN-ekitaldia1

Normalizazio funtzionala gaindituta normalizazio geografikoan aurrera egiteko arnasguneen artean sinergiak sortzea gakoa da

Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak udaletan garatzen diren hizkuntza-politikak neurtu ditu, herritarrengan duten eragina handia delako. 2010ean 116 herritan egin da bigarren neurketa, ziklo politiko oso bat iragan denean, hain zuzen ere, eta honen bidez Euskal Herri osoan 2.410.450 biztanlerengan eragina duten hizkuntza-politiken azterketa jaso da.

 

Gipuzkoan ondorioa argia dela azaldu du Paul Bilbaok, Kontseiluko Idazkari Nagusiak Donostian egin den aurkezpen ekitaldian, “Gipuzkoan metatzen dira hizkuntza-politikarik egokienak, normalizazio prozesuan trakzio lana egitea dagokio beraz”. Euskararen normalizazioa bideratzeko hizkuntza-politika egokia 7tik gorako notak definitzen duela adierazi dute hizlariek. Izan ere puntuazio horrek euskara lehenesten dela adierazten du eta minorizatua den hizkuntza normalizatzeko diskriminazio positiboa beharrezkoa den heinean, 7tik gorako notak dira behar direnak. “
Zentzu honetan Gipuzkoan aztertutako 39 herritik 29 ari dira hizkuntza-politika egokiak garatzen. Hauen artean guztiek ere %70eko ezagutza gainditzen dute eta Anoetak du Gipuzkoako notarik altuena eta Euskal Herriko bigarren puntuaziorik altuena 9,33ko notarekin. Bilbaok argi hitz egin du: “euskararen normalizazio prozesua Euskal Herri osoan modu koordinatuan garatu beharrekoa da, bakoitzak duen errealitatetik abiatuta. Gipuzkoari, zentzu honetan, trakzio lan garrantzitsua egitea dagokio.
Bihar Tafallan zerbitzuak euskaraz izan daitezen, gaur Anoetan lan munduan euskarak egoera normalizatua erdiestea beharrezkoa da. Normalizazioak aurrerabide funtzionala eta geografikoa behar ditu: alegia, nork bere herrian erabilera funtzional guztiak erdiesteko lan egiteaz gain, geografikoki inguruko espazioetara hedatzea ere klabea da. Usurbilek Lasarte-Oria irabazi beharra du zentzu honetan. Helburu honetarako arnasgune diren herrien arteko sinergiak sortzea estrategikoa da. Zentzu honetan, Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak betetzen duen funtzioa azpimarragarria da. Bada, aztertutako herrien artean 33k gainditzen du %70eko ezagutza tasa eta horietatik 12 baino ez dago UEMAn sartuta. Trakzio lana modu antolatuan egingo duen arnasguneen taldea handitzera jo behar da”.

Euskal Herri osoko herriak kontuan hartuz neurketak eman duen ondorio nagusietako bati erreferentzia egin dio Paul Bilbaok Gipuzkoan ezagutza tasa baxuagoa duten herrietako hizkuntza-politiken nondik norakoak azaltzean: “ezagutza tasari erantzuten dioten hizkuntza-politikak garatzen dira. Herritar guztiok gara hizkuntza-eskubideen jabe. Bizi garen herriak duen ezagutza tasaren arabera eskubideak aitortzea etikoki eta politikoki zitala da.

EAEra etorriz, Euskararen legeak herritar orori euskaraz aritzeko duen eskubidea aitortzen badio ere, lege horren garapenerako plangintzetan lanpostuen Hizkuntza Eskakizunen kopuru minimoak herritarren ezagutza tasaren arabera definitzen dira, esate baterako. Hori gauzatzera jotzen dute Udal gehienek eta ondorioz zonifikazio estali bati erantzuten diote hizkuntza-politikek. Bestalde, egun dagoen errealitate demolinguistikoari erantzuten dioten politikak direla esan dugu eta euskararen normalizazioak hizkuntza-politika eraldatzaileak behar ditu, diglosia gainditu eta egoera iraultzera joko dutenak”.

Donostiako Udalari dagokionez, 4 urte hauetan hizkuntza-politikan aurrera egin dela adierazi dute Kontseiluko ordezkariek. “2006an 5,38ko nota izatetik 2010ean 6,46 izatera pasa da. Hiriburuen artean hizkuntza-politika egokiak definitzen dituen mailara iristeko gertuen dagoena da. Hobetzeko bidea badu oraindik, ordea. Nagusiki laguntza bidezko politika du eta hizkuntza-eskubideen bermerako erabaki mailako neurriak ez ditu maila berean garatzen. Bestalde, hizkuntzaren trataera kasurik onenean orekazkoa da eta ez da euskararen aldeko diskriminazio positiborik egiten.  Bi ezaugarri nagusi hauetan aldaketak ematea da aurrera egiteko modua”, adierazi du Indak. “Aurrerapauso handiena langile guztiak erabilera planetan sartzean ikus dezakegu, baita 0-3 urteko hezkuntza soilik euskaraz eskaintzean. Hizkuntza paisaian dezente aurrera daitekeela esan liteke eta ez dela egon joera koherenterik behatutako elementuen artean” gaineratu du.

Modu zehatzagoan, azpimarragarriak diren elementuak aurkeztu dira: “Ordenantza, plan orokorra eta euskara zerbiztua ditu. Langile guztiak erabilera planetan sartuak daude eta euskalduntzeko aukera eskaintzen zaio langileari. Herritarrekiko harreman zuzena duten azpikontratazioetan eta herritarren aholkularitzarako zerbitzu espezifikoetan hizkuntza-irizpideak dituzte. Merkataritzan euskara sustatzeko egitasmoa du abian eta merkatariei horri begirako laguntzak ematen zaizkie.”.

Halere, hobetu beharreko hutsuneak ere nabarmendu dira: “Langile kontratatu berri guztiak euskaldunak izan daitezen ez dago erabakirik. 20 udal ataletik soilik 2k lan egiten du euskaraz. Udalak diruz lagundutako talde eta entitateek errotulazioa euskaraz izan dezaten erabakirik ez da hartu. Udalak hizkuntza-paisaian eta komunikazioetan euskara erabiltzeko erabakia hartua badu ere, erdara hutsezko edo nagusiki erdaraz diren elementuak daude (obretako txartela eta zamaketakoak dira horren adibide). Ez da erabakirik hartu udalari aholkularitza juridiko eta teknikoa eskaintzen dioten enpresek txostenak ele bietan helarazteko. Praktika handieneko kirol eskaintzan helduek zailtasunak dituzte zerbiztua euskaraz jasotzeko”, besteak beste. Honek guztiak donostiarren hizkuntza-eskubideak urratzeko bide ematen duela adierazi dute Kontseiluko ordezkariek eta bestelako hizkuntza-politika bat posible dela azpimarratu.

Izan ere, Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak definitua du euskara normalizatzeko Hizkuntza-Politika Berri Eragingarria eta Paul Bilbaok bertaratutako ordezkari politiko eta sozialei eman die, elkarlanean aritzeko prestutasuna adieraztearekin batera.

Kontseiluak udalen hizkuntza-politikari lotuta egiten dituen proposamenak, datuak eta irakurketak www.udalenhizkuntzapolitika.org web gunean jaso dira.

euskara, Udalen hizkuntza-politika

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude