Hizkuntzen ikasketa: erdizkako egiak
Hizkuntzen ikasketa: erdizkako egiak –
Hizkuntzen ikasketa munduan, erdizkako egia ugari dabiltza dantzan batetik bestera. Behin eta berriro entzun arren ez dira egia bihurtzen baina. Neurologoen arabera, burmuinak bi alderdi ditu: Broca gunea -hizkuntzaz, oro har, arduratzen dena- eta Wenicke alderdia -hizkuntzaren soinuaren interpretazioaz arduratzen dena-. Bi guneok burmuinaren ezkerraldean kokatzen omen dira.
Behin norbaiti entzun nion euskarak beste hizkuntzek ez bezala, eskuineko alderdia erabiltzen zuela. Iruzkin horrek zur eta lur utzi ninduen, hori dela eta Google oroerantzuleari galdetu nion ea hau posible zen. Euskara gainontzeko hizkuntzekiko ezberdintzen da eta baditu berezko berezitasunak, baina momentuz euskaldunok gainontzeko hiztunak bezain gizatiarrak gara. Alegia, eskuineko alderdiaren baieztapen horrek ez du ez hanka ez buru.
Alemaniera, txinera, hungariera, euskarak… “zail” ospea dute. Bada, hori ez da berez, egia.
Ez dago hizkuntzarik besteak baino zailagorik.
Utzidazue, arren, errepikatzea, letra larriz:
EZ DAGO HIZKUNTZARIK BESTEAK BAINO ZAILAGORIK.
Guk antzematen duguna, hizkuntza batetik besterako jauzia da. Gaztelaniatik txinerarako saltoa izugarria da; ez dute ez alfabeto bera ere. Intonazioa bera ere, berrikasi behar dugunean, hizkuntza ezinezko iruditzen zaigu.
Baina ez da askoz ere zailagoa izango, hizkuntza horretako giroan hazi eta hezitako umeak, 3 urte bete aurretik, hitz egiten ikasten badu, ezta?
Ez diogu erreparatu behar guri zenbat kostatzen zaigun hizkuntza hori ikastea, baizik eta natiboei zenbat kostatzen zaien.
Zailtasun horren oinarria hizkuntzen arteko distantzia da. Hizkuntzak familietan sailkatzen dira. Ingelesa alemaniarrentzat errazagoa da greziar batentzat baino. Gaztelania jatorrizko hizkuntza duen batentzat erromantze hizkuntza errazagoak izango dira beste edozein baino.
.
Txikitan hizkuntzak ikasi ez badituzu, heldutasunean ezinezko.
Azken baieztapen hau askotan entzuten da. Baina ez da horrela, izan ere, beste faktore batzuk dira garrantzitsuagoak. 65 urte bete arte, bederen, edozein hizkuntza ikas daiteke, aipatu faktore batzuek bat egiten badute. Helduek dituzten zailtasunak hurrengoak dira: badute jada barneratua duten hizkuntza bat eta horri uko egiteko prest ez bazaude, prozesua zailtzen duzu. Ez dugu ume batek beste denbora ematen ikasteko, hots, egun osoa.
Ikasi nahi dugun hizkuntza hori hitz egiten den herrialdean bizi ezean, ikasitakoa egun osoan praktikan jartzera behartuta ez bagaude, ikasketa prozesua maldan gora jartzen da. Aldi berean horrek motibazioan eragiten du. Motibazioa lan kontuengatik izan daiteke, baina baita ume, seme-alaba, biloba edo inguruak erabiltzen dutelako. Jakinmin hutsa ere izan daiteke. Badakizu, “non gogoa, han zangoa” edo “gogoko tokian, aldaparik ez”.
Baina motibazio horrek huts egiten badigu, hau da, lan kontuengatik soilik ikasi nahi badugu eta gainera ez dugu hizkuntza horrekiko inolako atxikimenik eta pizgarririk, gure motibazioa erabat ahula izango da. Eta ikasitakoa nekez barneratuko dugu.
Datu esanguratsua: heldu batek B1 maila lor dezake 500 ordutan, ume batek 10 urte behar dituen bitartean. Arrazionalago eta kontzienteago eginez gero, ikasketa azkartu daiteke (egin dezagun gogoeta Euskal Herrian bizi diren nagusien kasuan, mesedez).
.
Gramatikak ez du ezertarako balio
Ufa, gramatika… gixagaixo hori… Gramatikak duen arazoa zera da; denok erlazionatzen dugu liburu eta ariketa amaitezin eta aspergarriekin. Termino arraro eta ulertezinekin. Baina izatez, hizkuntza guztiek dute gramatika-oinarri abstraktu eta ikusezina. Umetatik bereganatzen dugu, konturatu gabe, entzunaren entzunez eta mintzatzearen mintzatuaz.
Pentsa dezagun nola umeek 2 urte eskasekin esaldiak egiten hasten diren. Nolatan esaten dute “Sukaldera noaz?”(zu “zoaz”, beraz, ni “noaz”). Edo “Nik egiten ari dut”. Ez dute aurretik inoiz entzun baina eurek logika baino ez dute aplikatzen. Komunikatzeko bide bat topatu beharrean daude, gainera.
Gramatika beharrezkoa da, etxe baten planoa garrantzitsua den bezala. Zentzurik ez duena da, gramatika ikasteari ekitea, NOR-NORI-NORK ikasten ibiltzea, benetako testuinguruan inolako erabilerarik ematen ez badiogu.
Gramatika hori barneratzean, inkontzienteki erabili behar dugu. Autoa gidatzean, hirugarren martxa sartu eta aldi berean enbragea zapaltzea pentsatu gabe egiten dugun bezala. Baina izan zen garai bat non, heldutan, enbragea eta palanka koordinatzea, aldi berean errepidea ikusten genuen bitartean, ezinezkotzat genuenean.