Runner

Runner –

Karmele Jaioren blogetik jasoa.

Ez dut zure kexa ulertzen ba, esan dizu amak telefonoz. Sekulako zortea duzue oraingo bikoteekin: ez dute edaten, ez dute erretzen eta gainera kirola egiten dute… Ez gure garaiko senarrak bezala, edan, erre eta egunero txikiteotik berandu heltzen ziren haiek… Amak ez dizu kexa onartu zure senarra gaur ere korrika egitera irten dela eta nazkatuta zaudela esan diozunean. Triatloiaren kontuarekin hasi zenetik arratsaldero irteten da, justu zu bikiak bainatzen hasten zarenean, afaria egiteko dagoenean, hurrengo eguneko gauzak prestatzeko…

Gaur ere han irten da, bere runner zapatilla berriekin eta eskumuturrean  tamainagatik paretako erloju baten antza duenarekin. Baina handia izan behar derrigorrez hainbeste gauza baditu: GPSa, pulsometroa, ibilbideak diseinatzeko mapak, bluetooth aurikular inalanbrikoak, altimetro barometrikoa… Erosi zuenean emozionatuta irakurri zizkizun prestazio guzti horiek.

Eta gaur, ontzi-garbigailutik plater garbiak ateratzen dituzun bitartean, pentsatu duzu agian ez duzula kexatzeko eskubiderik, zure senarrak kirola egiten duela, besterik ez, eta hori ona dela, eta gizartean ondo ikusia dagoela gainera. Baina zazpi t’erdietatik hamarretara desagertzen da etxetik, etxeak eta umeek lan gehien eskatzen dizuten ordutegian. Eta konturatu zara zure aitaren txikiteoaren ordutegia ere horixe bera zela. Ordu horietan bera ere ez zen sekula etxean izaten.

Dena jaso eta umeak lokartzea lortu duzunean, zure senarra agertu da, ile bustia eta dutxako xaboiaren usainarekin. Lur jota nago, esan diozu, eta logelara joan zara. Ohean eserita pentsatu duzu zorionez gauzak asko aldatu badira ere, eta gizon asko etxe barruan duten erantzukizuna berea egiten hasi badira ere, oraindik zure aitaren garaiko gizon horietako asko geratzen direla. Txikitero berriak dira, pentsatu duzu. Diferentzia bakarra lehen gibela izorratzeko arriskua zutela, eta orain oin-zolako faszitisa  eta tendinitisa sufritzekoa.

Runner

Runner

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.