Euskaldunon hizkuntza eskubideekiko bazterkeria merke saltzen da
Euskaldunon hizkuntza eskubideekiko bazterkeria merke saltzen da –
Berriaren bidez jakin dugu Eusko Jaurlaritzaren Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak kontsumitzaileen estatutu berria egin nahi duela. Sailak prestatu duen aurreproiektuan, ordea, kontsumitzaileen hizkuntz eskubideak bermatzeko urratsak ematea baztertu dute.
Herritar kontsumitzaileok ez ditugu antza hizkuntza eskubideak beste eskubideen pare. Eta halakoetan ohi denez eta batzuek gustuko dutenez, atera dute beste behin hori arrazoitzeko betiko arrazoibide errepikakorra: Hemen ezin da inposatu, gero! Tira, zehatzago, halaxe erantzun omen du sailaren aholkulari juridikoak: «doktrina konstituzionalak ezartzen duelako ezin dela hizkuntzarik inposatu».
Argudiaketa horrek, bi galdera behintzat jartzen ditu begien bistan: Hizkuntzarik ezin dela inposatu dio; benetan? Gaztelera ere ez? Alegia, enpresa batek erabaki dezakeela bezeroari gazteleraz ez ematea informazioa? Tira, bistan da, hizkuntzarik ez inposatzearena ez dela maxima edo doktrina konstituzionala, bere hirugarren artikuluan bertan ezartzen (inposatzen) baitu espainiar guztiek gaztelania ezagutzeko betebeharra dutela. Akaso, kontua izango da gauzak aldatzen direla gaztelania ez den beste hizkuntzen kasuan[1]…
Bigarren galdera, ordea, bestelakoa da: Zergatik deitzen dio Eusko Jaurlaritzako aholkulari batek hizkuntzagatiko bazterkeria saihesteko neurri bati, edo bestela esanda, hizkuntza eskubideen urraketa saihesteko neurri bati, inposaketa? Zer nolako inposaketa izan liteke, bada, hizkuntza bakarrean eskaini beharrean arreta, informazioa, dokumentazioa… bi hizkuntzatan eskaintzea? Ez ote da, bada, inposatzea, hizkuntza bakarrean eskaintzea bera?
Beraz, inposatu, gaur egun egiten zaigu, gaztelera, herritar/kontsumitzaile euskaldunoi. Eta proposatzen denak, enpresek euskaldunoi zerbitzua euskaraz ere emateak, inposaketa edo bazterkeria hori gainditzea suposatzen du. Enpresei ezer kendu ez, baizik, hizkuntza bat gehitzeko eskatuz, baina eurak nahi duten hizkuntza inposatzeko bedeinkazio guztiak eta alfonbra gorria jarri gabe, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren kontsumitzaileen estatutu berriak egin asmo duen bezala, antza.
Mesede gutxi egiten diote euskararen normalizazioari Eusko Jaurlaritzatik halako diskurtsoak zabaltzen direnean. Ez legoke gaizki, emakumeen berdintasunaren arloan izan den bilakaera aintzat hartuta, euskararen aldeko neurri positiboei buruz hitz egiten eta pentsatzen hasiko balira, euskaldunoi, inposatzaile etiketa etengabe bizkar gaineratuz, diana jarri eta erdara hutsezko jardunari halako estaldura juridiko, politikoa eta diskurtsiboa eman beharrean.
[1] Ondo legoke Jaurlaritzako legelariek katalunian halakoak nola egin egiten dituzte kontsultatuko balute: http://consum.gencat.cat/es/el-consum/durant-la-compra/drets-lingueistics-/
Eta zer egingo lukete emakumeek baldin aprobatuko balitz haien eskubideei ez ikusi dagien lege bat?
Berdintasunerako politiken adinako indarra hartuko balu euskararen gaiak, euskara bazter guztietan topatuko genukeen, baita zopan ere. Baina botoak, hori da kontua! Eta EAJk (azeri zaharra) ondo baino hobeto daki gure gizartearen parte handi-handi batentzat (harritu egingo ginateke portzentaia ezagutuz gero) euskara inposizioa dela.
Ikusirik zenbat detraktore dituen emakumeen aldeko diskriminazio positiboak, ez dakit zer puntutaraino esan daitekeen botoak lortzeko aplikatzen dutela agintariek.
Bestalde, ustezko gehiengo baten pentsaerak ez lieke eragin behar euskaldunon eskubideei, giza eskubideak diren aldetik. Alde horretatik badugu norengandik ikasi eta noren ondoan borrokatu: gutxiengo baztertuak. Gustatu ala ez, horien maila berean gaude.
Hori bai, pedagogia egin behar da (edo lobby lan gogorra) jendeari ikusarazteko gaur-gaurkoz espainol-frantsesak direla legez inposatzen diren hizkuntza bakarrak, eta horren aurrean zilegi zaigula hemengo jatorrizko hizkuntza defenditzea eta lehenestea.
Ez, berdintasunerako politikak ez dituzte bertakoen botoengatik egiten. Hori hemengo botoemaileez haratagoko indar handi bat da eta politikoek badakite hor egon behar dutela bai ala bai. Sekulako indarra hartu duena hain denbora gutxian. Ez naiz ari noski politika horiek kritikatzen. Baina ez didazu ukatuko euskararen gaiak horrelako indarra hartuko balu… Baina, euskararen gaia bai dela bertako botoemaleen kontua, hor ez dago haratagoko indarrik, eta hor botoen kalkuluak noski sartzen direla. Euskaldunon eskubideak diozu?! Zure eskubideak boto kopuruarekin zenbatzen dira, punto! Beraz, hobe genuke ume gehiago ekarriko bagenitu mundura eta familiak babestu. Jendeak badaki inposatzen diren hizkuntzak zeintzuk diren, ez dago ikusarazi beharrik. Eta zer?! Española lotsarazi nahi duzu hori ikusiaraziz, ala?! Barre egingo du, badaki zu baino indartsuagoa dela. Galiziar etorkin gazte batek esan zidan (hemen lanean 3 urte zeramatzan): a mí no me van a obligar a aprender euskera, prefiero aprender aleman. Emaiok horri buelta! Baina beno… zuk jarraitu gutxiengoekin lanean eskubideen aldarrikapenean, eta “ongi etorri errefuxiatuak” eta lalari-lalara mundu berri bat eraikitzen. Denbora gutxian asko aldatu gara gero!
“Beraz, hobe genuke ume gehiago ekarriko bagenitu mundura eta familiak babestu”.
Hori egiteko lehenengo pausoa litzateke euskaldunak bikotekide euskaldunak bilatzen tematzea, baina uste dut egiaren orduan lekutan geratzen dela euskalduntasuna.
Pedagogia batez ere egin behar da euskara inposatzea begi txarrez ikusten duten euskalzaleekin, izan euskaldun nahiz erdaldun. Euskararen kontrakoei zuzenean euskaraz hitz egin behar diegu, espaloitik jaitsi gabe, eta guk eurak bai ulertzen ditugula aprobetxatu.
“Baina beno… zuk jarraitu gutxiengoekin lanean eskubideen aldarrikapenean”.
Gutxiengo bateko kide banaiz, zer egingo dut ba, gehiengoen eskubideen alde jardun?
Euskaldunok politikoki armairutik aterako garenean, berehala jantziko dituzte pilak orain arte erdara hutsean edo batez ere erdaraz gobernatu nahi gaituzten denetariko alderdiek. Metxa prestatzen ari gara sua behar bezala pizteko, gero bolbora bezala korrituko da mezua: euskaldunak azkenean erakundetzen ari dira!
Hona azken heuteskundeon emaitzak:
EH osotasunean onartzen duten alderdiak: EAJ, 377.423 + EH Bildu, 276.519 + Geroa Bai, 12.622 = 666.564.
Espainolistak / Baskistak, euskara ere zeozer erabiltzen dutelako: PSE -N?, 309.147 + Podemos, 236.528, + Más País, 8.463, + Besteak, 12.386 = 570. 524.
Euskaldunon aurkakoak, euskara ezertxo ere erabiltzen ez dutelako: PP, 103.821 + Na + 98.448 + Vox 47.315 + C´s, 13.058 + Recortes 0, 2.635 = 264.277.
“Gureak” 666.564
beste guztiak (espainolistak/baskistak, aurkakoak) 835.301.
Euskaldunia edo Euskaldunon Erakundea behar da balantza gure alde ipintzen hasteko. Zuk ere badaukazu hitza.