Azken makroepaiketak estatu espainolaren kondena politikoa ekarri behar du
Azken makroepaiketak estatu espainolaren kondena politikoa ekarri behar du –
ELEAK-Libre mugimenduak datorren irailaren 14an Bilbon egingo den 11/13 sumarioko 47 euskal herritar auziperatuen aurkako epaiketa salatzeko antolatu den manifestaldian parte hartzeko deia luzatzen dio euskal jendarte osoari. Makro epaiketak makro erantzuna jaso behar behar du.
Ez dakigu nolakoa izango den epaiketa honen kondena juridikoa, Madrilgo sabuespeneko Entzutegi Nazionaleko epaiketen emaitzak normalean euskal herritarren eskubideen kontrakoak izaten baitira, baina ez dugu zalantzarik epaiketa honen amaieran Estatu espainolaren aurkako kondena politikoa lortu behar dugula.
Izan ere, Eskubide Zibil eta Politikoen aldeko mugimenduaren ustez, datorren irailaren 16an hasi eta hiru hilabetez luzatuko den epaiketak Estatu espainolaren kondena politikoa ekarri behar du, euskal preso politikoen eta hauen senideen eskubideen alde lan egitea ezin baita inola ere delitutzat jo Estatu demokratiko batean. Hori egingo lukeen Estatuak demokraziaren zutabeak diren oinarrizko Eskubide Zibil eta Politikoak suntsitiko lituzke, herritarren adierazpen askatasuna, elkartzeko askatasuna eta manifestatzeko askatasuna zapuztuko bailituzke, ezinbestean.
Entzutegi Nazionalean epaitu nahi diren egitateak gainera, 2012tik aurrerakoak izateak, hau da, ETAk borroka armatua behin betirako bukatutzat eman ondorengoak izateak, are eta onartezinago eta ulertezinago bihurtzen ditu epaiketa bera eta, zer esanik ez, inolako zigorra. Eta egoera horretan, 47 herritar hauen lana ETA indartzeko izan zela argudiatzea absurdoa da.
Beste eragile askorekin batera, Herrirak, Bitartekariek, Abogatuek, Etxeratek eta Jalgi Hadik euskal preso politikoen eta beren senideen inguruan eginiko lana ETAren amaieran lagungarria izan da. Euskal gatazkaren konponbide politikoaren alde lan egiteagatik 601 urteko kartzela zigorra eskatzeak eta horrekin batera, 38 web orri, ehun bat twitter kontu eta facebook atariak ixteak konponbidearen alde lanean diharduen sektore soziala kriminalizatzea du helburu. Benetako “vendetta” politikoa da.
Salbuespen epaitegi batean, salbuespeneko legeria erabiliz bideratuko den epaiketa hau salbuespeneko egoera batean burutuko da, gainera. Batetik, ondorengo asteetan ezagutuko direlako Kataluniako arduradun politikoen aurkako zigor gogorrak eta, bestetik, berriro ere Estatu espainoleko hauteskunde orokorrak deituko direlako, ziurrenik. Bi erabaki horiek erabat aztoratu eta areagotuko dute Estatu espainoleko inestabilitate politikoa. Horrek guztiak auziperatuek epaiketa justua izateko duten eskubidea erabat zapuztuko du.
Horregatik guztiarengatik, azken makroepaiketaren anulazioa eskatzen dugu eta 47 auziperatuen kontrako akusazio ororen behin betirako artxiboa.
ELEAK-Libre mugimendua.
Joseba Alvarez
Ione San Ildefonso