Orain itsasoa gara
Orain itsasoa gara –
PASO-ak (hauteskunde primarioak) izan zirenetik, zer gertatzen ari den zuei azaltzeko testutxo bat idatzi nahi dut. Hala ere, momentu batzuetan, Argentina denborazko zurrunbilo batean sartzen da; beraz, une batetik bestera, berriak zaharrak dira. Ez dakit nola egiten duten hemengo kazetariek, baina ziur nago lanbide hori hemen ezberdina dela. Dena den, birpasa laburra egiten saiatuko naiz.
Astelehenean, igandeko euforia pasa ondoren, bagenekien zer edo zer astuna gertatuko zela. Goizean, Presidentea ez zen agertu. Emaitzak ezagututakoan, merkatuak gaizki ireki ziren; gainera, dolarra 60 peso arte igo zen (aurreko ostiralean $46,59 zegoen). Honek gure soldataren debaluazioa eta prezioen igoera ekartzen ditu. Geroago, arratsaldean, Macri agertu zen hitz egiteko. Zer esan zuen? Funtsean, gure aukera txarra izan zenez, gure errua izan zela esan zuen. Orduan, gehienek gaizki botoa eman genuenez, dolarra igo zen.
Bi egun pasa ondoren, berriro agertu zen. Une horretan, bideo baten bidez. Hasieran, esandako hitzengatik barkamena eskatu zigun, lo gutxi egin zuelako eta triste zegoelako esan zituenean. Ondoren, urria arte, erregaien prezioak izoztuko zituztela, estatuko enplegatuei 2000 peso emango zizkietela, eta horrelako agintzariak esan zituen. Alabaina, gauean, erregaien prezioen izozketa ez zela posible esan zuten. Momentu honetan hori erabakitzea oso arraroa da. Beraz, diruaz gure botoa aldarazi diezaguketela pentsatzen dute. Horretaz gain, bere ustez, arazo ekonomikoak abuztuaren 11a arte Cristinaren akatsengatik ziren, eta abuztuaren 12tik Albertorenagatik (legalki hau ez da hurrengo presidentea; hauteskundeak ez zirelako, PASO-ak baizik). Beraz, ez dakigu noiz hartuko duen (edo noizbait hartuko duen) ardura Macrik.
Nola gaude? Ez dakit, eta hori ez da nire zalantzati izaera galiziarragatik. Macriri metaforak erabiltzea asko gustatzen zaio: behin ibaiaren erdian geundela esan zuen; beste batean, Aconcaguara igotzen ari ginela esan zuen. Hortaz, Macriren antzeko esamoldeak erabilita, Titanic-en gaude eta, jakina, badakigu non zeuden txiroak itsasontzi horretan eta nortzuk atera ziren bizirik. Hemen, antzeko gauza gertatzen ari da: txiroak gero eta itoago daude, aberatsek salbamendu-txalupa guztiak dauzkate (dolarra igotzen bada, diru gehiago daukate eta enpresariei gastuak murrizten zaizkie).
Macri edo Alberto Fernandezekin, etorkizun beltza argentinarrentzat. Biak ala biak ideologia berberaren gatibuak dira. Onena opa dizuet. Zorte on!