Ez duzue ezer ulertu
Ez duzue ezer ulertu –
Saioa Alkaiza Guallarrek, Berria egunkarian.
Emakume bat bortxatu dute sei gizonezkok. Beste behin ere; oraingoan, Bilbon izan da, eta bertako alkate Juan Mari Aburtok esan du «beldurtuta eta nazkatuta» dagoela halako gertaerekin, «mespretxagarria» dela; gero, «legearen pisu guztia» erasotzaileengan eror dadila desiratu du, «gaizkile horien gainean». Eta entzute hutsarekin pentsatzen dut, beste behin ere, ez duzuela ezer ulertu, punitibismorako deia eginez eta «gaizkile» izendatuz patriarkatuaren seme osasuntsuak. Eskatzen du alkate jaunak «justizia» aplika dadin, iruditzen zaio-eta sei gizonezkoak zigortuz gero arazoaren sistematikoari erantzun liezaiokeela; edo, agian, hori da okerrena, indarkeria matxista zein egiturazkoa den ez duela ikusten. Eta berriz irakurtzen dut, eta soilik pentsatzen dut: gaizki, berriz ere. Ez duzue ezer ulertu.
«Bilbon sobran daude halako jazoera arbuiagarriak; Bilbon sobran daude gaizkile hauek», adierazi du minutu bat eta 28 segundo irauten duen bideoan, eta ezin dut pentsatu besterik egin zenbat esaldi egon daitezkeen gaizki horren denbora laburrean. «Gaizkile» dio, eta gaizkileak besteak dira, ez gureak, ez gure inguruko gizonak; gaizkilea arrotz zaigun hori da, ez kuadrillan duguna, ez gure aita, ez gure anaia, ez gure lagun minak. Besteak. Polizia txalotu du gero, eta «zorionak» esan die, egindako lanaz harro, eta kosta egiten zait pentsatzea inork sinetsi dezakeenik estatuaren indar armatuak direnik ezertarako konponbidea, hala uste dutela dakidan arren. Bost aldiz ikusi dut bideoa, iruditzen zaidalako indarkeria matxistarekiko aurreiritzi guztien bildumatxo bat: indarkeria salbuespentzat hartzea, kasu bakan batzuk balira bezala, eta ez ordenamendu oso baten emaitza. Instituzioen esku hartze zuriarekin amaituko den zerbait dirudi. Zerbait etereoa, gainera, nondik datorren ez dakiguna.
Ez duzue ezer ulertu, «ustezko bortxaketa» esaten duzuenean sistema kapitalista heteropatriarkalaren zimenduak mantentzeko zuen mass-medietan, erregimenaren hedabideetan, eta galdetzen diozuenean eraso baten inguruan parketik pasatzen den edozein herritarri. Zazpi hedabidetan ikusi dut berria, propio, eta, lehen ez nekien, baina orain badakit zer pentsatzen duten erosketak egitetik datorren pertsona batek, korrikalari batek eta erasotzaileak «oso-oso gaiztoak» direla uste duen beste batek. Berriak kontesturik gabe eskaintzen dituzue, begirada feministari izkin eginez, antzuki hutsalak diren hizketaldiekin. Datuak eman zenitzaketen, eta esan askoz ohikoagoa dela etxean bortxatu zaitzaten, askoz ohikoagoa dela ezagun batek bortxatu zaitzan; edo, bestela, aipa zenezaketen eraso egiten duten gehienak bertakoak direla, hemen jaioak eta zuriak. Enfatizatu zenezaketen erasotzaileak gizonezkoak direla, hori dela indarkeria matxistaren ezaugarri komuna. Baina ez. Ez duzue ezer ulertu. Eta okerrena dena, ez duzue ulertu nahi.
Ez duzue ezer ulertu
Bortxatzaileak anonimizatzea, bortxaketaren konplize bihurtzea da.
Sevillako manada ez da anonimizatu behar. Ezta beste guztiak ere.
Bortxatzaileetako bat bera ere ez da euskalduna izan. Aniztasunak aberastu egiten omen gintuen…
Nik pixkat flipatu dut mugimendu feministak prebentzioa, segurtasun-politikak, auzoetako puntu beltzak identifikatzea eta lan poliziala bezalako alorrak publikoki mespretxatu dituenean, hori “punitibismoa” delakoan. Izan ere, neurri prebentibo horiekin ez goaz arazoaren sustraietara: gure kultura, zibilizazioa eta abar.
Gogora dezagun ba, salaketa egin eta denbora gutxira, ustezko egileak atxilotuta zeudela. Iruñean, berdin: zuriz jantzitako jendez mukuru betea dagoen hiri kaotiko batean, bortxatzaile-taldea berehala harrapatu zuten. Hortik aurrera, espainiar judikaturaren ADN nazional-katolikoa dexente igarri zela, hori ere bistan da.
Dena den, hori txalotzekoa da, eta lasaigarria. Imaginatu momentu batez, nola bizi dituzten horrelako egoerak zenbait herrialdetan, non segurtasun falta ikaragarria dagoen, administrazio publikoa ahulegia eta usteldua delako; non polizia ez den fiatzekoa eta delitu larri gehienak konpondu gabe geratzen diren…
Bi kasutan gutxienez, Bilbon eta Bartzelonan, bortxatzaileek zitak bilatzeko app bat erabili omen zuten. Hori esanez gero, badirudi biktimari errua botatzen ari garela. Baliteke batzuek oraindik mentalidade jurasiko horrekin funtzionatzea, baina baita ere, zentzuna erabiliz, jendeari aholkatu beharko zaio kontu handia eduki behar duela sare sozialen bidez datu pertsonalak norekin konpartitzen dituen eta zitak nola eta non egiten diren.
Ez ba. Kolektibo feministek adierazi dute mota horretako mezuek ez dutela balio. “Ez esan emakumeei segurtasun neurriak hartzeko; esaiezue bortxatzaileei ez bortxatzeko”. Hori da arduraz eta zentzunez jokatzea, bejondeizuela andreak.
Gure gizartean kriminalitate tasa munduko baxuenetakoa da. Sexu-indarkeriari dagokionez ere bai. Horrexegatik errazago dugu arazo horiei aurre egitea, diren lanabes guztiak erabilita, Aburtok bideoan aipatzen dituenak zein mugimendu feministatik esaten direnak barne.
Eta, egia da, sexu-eraso gehienak biktimaren adiskide, senitarteko, lanbide giroetan gertatzen direla. Hor ere beharrezkoa da prebentzioa eta gertatzen denean protokoloek funtzionatzea eta biktimari babesa eskaintzea. Hori, jakina, estatu-aparatu gaixtoen lana da, fundamentuz funtzionatu ohi duen zuzenbide-estatu batean.
oso ondo eta oso argi adierazi duzu zure ikuspegia, Amonamantangorri.
Sistema kapitalista heteropatriarkala Satan berria da, edo judeomasoniko-kontubernio berria, berdin zait. Inork ez du ikusi, baina haren soldaduak leku guztietan daude, izkutuan konspiratzen eta jaungoikoaren/kaudilloaren planak etengabe oztopatzen.
Batzutan emakumeen aurkako bortxakeriaren kontrako borroka lehentasuna ez dela dirudi, beste zerbait lortzeko bitartekoa baizik.
Barre egiteko modukoa litzateke hain kontu serioa izango ez balitz.