Ez daizke bi nagusi batean zerbitza

Ez daizke bi nagusi batean zerbitza –

Ez daizke bi nagusi batean zerbitzaJan Karski, Estatu klandestino baten istorioa. Ehunka mila ale saldu dituen liburu bat da, eta makina bat hizkuntzatara itzuli izan dena. Idazlea bera du protagonista nagusi (poloniar erresistentziako kide bat), eta Polonia alemanen okupaziopean izan zen bitartean jazotakoak kontatzen ditu.

Istorio interesgarriak aurkitu nituen bertan. Haietako asko aurrez ezagunak dira, baina bada pasarte pare bat, irakurri bezain pronto “itxoin, hau berriz irakurri behar duk” pentsarazi zidana.

Estatuaren jarraitutasunaz dihardu pasarteotan, eta, egia esan, askotan pentsatu izan dut horri buruz. Ez Poloniako Estatuaren jarraitutasunari buruz, noski; gure estatuarenari buruz baizik. Gauza jakina da estatu modernoen garaia iritsi zenerako euskaldunok ez genuela izan indarrean halakorik, baina estatu moderno ia guztiek izan dute aurrekari moduan erresumaren bat, eta ia guztiek jotzen dituzte egungo estatuak erresuma haien jarraipen naturaltzat. Gurean, baina, Nafarroako erresumarekiko errezelo askotxo sumatzen ditut oraindik. Eta logikoa da, konplexuz beteriko herria baikara oraindik. Askatasuna berreskuratzen dugunean amaituko dira errezelook. Ziur naiz.

Itzul nadin, ordea, liburuko pasarteetara. Haietako batean, Karskik kontatzen digu nola bildu zen erbesteko Poloniako gobernu klandestinoko goi-kargu batekin eta nola hark ideia bat errepikatu zion behin eta berriz: “Poloniako Estatua existitzen da orain ere”. Elkarrizketa hartatik gogoratzen zituenak itzuliko ditut jarraian:

“Estatuaren jarraitutasunak ez du esan nahi azken erregimen poloniarra betirako izango denik. Polonia berria demokratikoa izango da. Erresistentziarekin bitxia izanagatik berpizturiko parlamentarismoaren poloniar tradizio antzinakoak jarraipena izango du gerra osteko Polonian. Alderdi politikoak okupatzaileen aurkako borrokan eta gobernua indartzeko elkarlanean ari dira. Hala ere, euren programetan desadostasunak dituzte, eta izan nahi dituzte. Behin etsaiarengandik askaturikoan, Parlamenturako hauteskunde orokorretara deituko dugu, eta parlamentu horrek erabakiko du Poloniaren estruktura politiko eta soziala, alderdi bakoitzaren indar erlatiboaren erakusle izanik.

Nafarroa berria ere demokratikoa izango da, ez du erresuma bat zeneko estruktura politiko eta soziala izango. Horretara iristeko, baina, Karskik deskribaturiko jardunbidearen antipodetan ditugu “gure” alderdi politikoak: okupatzaileen aurka borrokatu eta gobernua indartzeko elkarlanean jardun beharrean, etsaiaren gobernua legitimatzen eta haren “egonkortasuna lortu nahian” ari dira etengabe. Euren artean mokoka aritzen dira, herria zatituz, eta lehen arazo soziala arazo nazionala dela ukatuz era horretan. Eta, bistan denez, euskal gobernu baten helburua ez dute irudikatu ere egiten.

Horiek horrela, okupazio-egoera Polonian baino askozaz denbora luzeagoz irauten ari delako segur aski, batzuek galdu egin dute okupaturiko herri bat garelako kontzientzia. Hori gertatu ez dadin, gako batzuk ere ematen dizkigu Karskik, gobernuko kidearen ahotik:

Garbi gelditu bedi: gure kausak bizirik jarraituko du, baldin eta eusten badiegu jarraitutasun nazionalari, estatu baten ezaugarri moral eta legalei eta borrokatzeko grinari. Hori da gure borondatea: Poloniako Estatuaren jarraitutasuna mantentzea, zeina istripuz baino ez den jauzi klandestinitatera. Horiek horrela, estatu baten funtzio eta instituzio guztiak erreproduzitu beharrean gara. Estatuak gure herriarengan autoritatea izan beharko du, eta ezinezko bihurtu traidore bakar bat sortzea Polonian. Ez dugu inongo aurkaritzarik onartuko Poloniako lurraldean. Etsaiaren aurkako borroka eraginkorra izatea nahi badugu, oinarrizko baldintza batzuk bete behar ditugu:

  • Lehena. Ez dugu onartzen, ez eta aitortzen ere, okupatzaileen lege edo politikarik. Polonian erregimen alemaniar baten presentzia erabat artifiziala eta kasualitatezkoa da.
  • Bigarrena. Poloniako Estatua existitzen da orain ere, aldaketarik gabe (bere forman salbu). Haren egoera klandestinoa erabat akzidentala da eta ez du garrantzi legalik.
  • Hirugarrena. Ezin dugu toleratu okupatzaileekin kolaboratzen duen inolako gobernu poloniarrik. Traidoreak sortzen badira, hil egingo ditugu”.

Okupaturiko herri bat garelako kontzientzia galdu ez bagenu, Karskik emandako aholkuak beteko genituzke gutxi-asko. Nafarroako erresumaren (euskaldunon estatuaren) jarraitutasuna aldarrikatuko genuke, eta haren alde borrokatu. Zer da, bada, erresistentzia, inposatu nahi dizkiguten joko-arauei uko egin eta geureei eustea ez bada? Hori da herri okupatuen jokabide naturala. Horretan saiatzen gara batzuk.

Gainontzekoa kolaborazioa da (horren jakitun izan edo ez). Izan ere, Xalbadorrek esan bezala (askok Mikel Laboaren ahotsean izan dugun horren berri), “ez daizke bi nagusi batean zerbitza”.

Estatu arrotzen gobernuen artean “onena” zein den aukeratzen hasi ordez geure lurrean nagusi guk geuk izan behar dugula uste dugunok Pasai Donibanen dugu hitzordua datorren abuztuaren 15ean.

Gure kausa bizirik dago, Nafarroako erresuma da euskal herriaren estatua, eta existitzen da orain ere!

 

Mikel Erauskin, Orreagako kidea.

Ez daizke bi nagusi batean zerbitza