[Kafe Aleak] Asier Gogortzak Laddio Bolocko
[Kafe Aleak] Asier Gogortzak Laddio Bolocko –
.
Laddio Bolocko
“As if by Remote“ (Hungarian Records, 1999)
.
Ostatua ixteko musika
Ba omen dira zenbait musika tabernak ixteko egokiak direnak. Zeinek ez dio noizbait erran tabernariari “ostatua itxi nahi duk edo?” musika ustez lasaiegia jarri duelarik. Taberna batzuetan, gainera, ageri da nahita egiten dutela hori, jendea bidaltzeko. Mikel Laboaren Izarren hautsa jartzea jendea eskobarekin jotzea baino eraginkorragoa izan daiteke goizeko hiruretan. Ez beti, ordea. Aski da norbaitek letra ezagutu eta emozionatzea, guztiz kontrako efektua egiteko. Orduan, akabo
Bertze zenbait kasutan, berriz, abesti zehatz bat jartzea ostatua itxi behar duten seinale izaten da, Iruñeko Txukindenen jartzen zuten abesti xelebre hura bezala, lehen notak entzun bezain laster jendea ostatua husten hasten baitzen, eta abestia burutik ezin kendurik, hurrengo tabernarako bidea txistuka egiten zuten denek batera, sinfonia ibiltarian.
Baina zer gertatzen da tabernak itxi eta gero? Musika kendu eta ixiltasunaz gozatzen gelditzen ote dira kamareroak?
Bertzeek eztakit zer eginen duten, nik nirea kontatuko dut:
Demagun ostiral gaua dela, goizaldeko 4ak. Gau osoan zerbezak ateratzen ari ondotik, azkenean bidali ditut azkeneko bezero mozkorrak. Ederki kostata bidali ere. Ateak eta leihoak itxi ditut. Ezker-eskuin begiratu eta ostatua hutsik. Azkenean… Atorraren maukak bildu eta hondarreko lanak egiteko prestatu naiz; kafetera garbitu, edalontzi hutsak bildu, dirua kontatu, eskoba pasatu, makinak itzali… gaueroko lanak.
Orain dela minutu eskasa oihuak eta begiak zeuden tokian, ixiltasuna eta hutsa. Ederra bakea. Lan egunaren bukaerako nekea, kea, betiko jendea eta betiko solasak buruan burrunbaka, taka, taka, taka… eta hori guzia lehenbailehen erantzi eta etxera joateko gogoa.
Gaueko azken zigarroa bildu bitartean pantailaren parean jarri naiz, musika karpetak bilatu ditut; reggae, folk, pop, munduko musikak, rock… gau osoan karpeta horietan bilaka aritu naiz jendearen gustuko musika jartzeko. Baita nere gustukoak ere, noski. Baina bada disko bat denek alde egiten dutenerako gordetzen dudana. Momentu honetarako, alegia. Ttikitan goxoki bat ematen zigutenean eta denen aurren jan beharrean, sakelan geroko gordetzen genuenean bezala, bakardadean dastatzeko.
Rock… Laddio Bolocko… As If By Remote… play!… eta piztu dut zigarroa. Soinu-mahaiaren gurpiltxoa hartu dut bi behatzen artean eta pixkanaka bolumena igotzen hasi naiz. Kun-kukun, kun ku-kun… hasi dira lehen bateria kolpeak xuabe-xuabe… Kun-ku-kun, kun-ku-kun… ozenago… Kun-kukun, kun-ku-kun… oraindik ozenago… kun-ku-kun, tukun-ku-kun… segundo batez begiak itxi ditut, arnasa sakon hartu eta hasperena eginez atera naiz mostradoretik. Ezinegon puntu bat ematen du horrelako bolumenarekin ostatua hutsik ikusteak.
Aulkiak igo ditut mahaietara kun-ku-kun, kun-ku-kun eskoba hartu dut kun-ku-kun, tukun-ku-kun zigarrokinak, paperezko serbilletak, palilloak, hautsa… egun guztiko bezeroen arrastoak multzo batean pilatzen joan naiz… eta bitartean belarrietatik kun-ku-kun, kun-ku-kun baltsamo bat bezala kun-ku-kun, tukun-ku-kun eta bat-batean saxo uholdea poroboroboroboroboooooooooooooo bizkarraldean hotzikara eragin dit poroboroboroboroboooooooooooooo irri ttikia ezpainetan, azkarrago eragin diot eskobari kun-ku-kun, kun-ku-kun, kun-ku-kun, tukun-ku-kun.
.
Asier Gogortza (Bera, 1976)
.