Mendebaldeko Sahara jo mugan
Mendebaldeko Sahara jo mugan –
Euskal Herrian bizi den Saharar komunitateak, gaur, uztailak 25, 12.00etan Marokoko Kontsulatuaren Bilboko egoitzaren parean elkarretaratzea deitu du.
Ez da berria Marokok Lurralde okupatuetan bizi diren Sahararrak erasotu, torturatu edota erailtzea. Azken asteetan, errepresioak gora egin du Mendebaldeko Saharako Lurralde Okupatuetan. Zoritxarrez, gisa horretako albisteak ohikoak izaten dira, baina ezin gara horrelakoak entzutera ohitu salaketarik egin gabe.
Uztailaren 19an, Argeliak Afrikako futbol kopa irabazi eta hori ospatzera modu baketsuan kalera atera ziren sahararren aurka bortizki egin zuen poliziak borra, gas negargarria, ur kañoiak edota kautxuzko balak erabiliz. Gau hartan zein ondorengo egunetan istilu larriak izan dira Mendebaldeko Saharan eta hainbat saharar larriki zauritu, atxilotu eta torturatzeaz gain, poliziaren auto batek Sabah Othman, 24 urteko neska gaztea harrapatu eta erail zuen.
Sahararrek beren lurraldeetan bizitzeagatik pairatzen duten bortizkeria etengabeak ez du mugarik eta Nazioartea horren konplize zuzena da. Gertatzen diren giza eskubideen etengabeko urraketen aurrean, beste alde batera begiratu eta isiltasun horren truke onura ekonomikoak dituzte hainbat eta hainbat herrialdek: bertako arrantzaren espoliazioa areagotzen ari da eta era berean Marokok mugak zaintzen dizkie Saharaz azpiko migranteei bideak oztopatuz, besteak beste.
Ezinezkoa zaigu horrelako egoeren aurrean isilik egotea, eta beste behin ere gertaera hauek gogorki salatu nahi ditugu, baita Espainia eta Frantziak horien aurrean zein Marokok Saharan eragiten duen okupazio ilegalaren aurrean hartzen duten jarrera pasiboa ere.
Modu horretan, Euskal Herrian bizi den Saharar komunitateak bihar, uztailak 25, 12.00etan Marokoko Kontsulatuaren Bilboko egoitzaren parean azken gertakariak eta bereziki Sabah Azman gaztearen erailketa salatzeko deitu duen elkarretaratzera joateko deialdia zabaldu nahi dugu Askapenatik.
Sahara Hurra!