Herriak urri eta hiriak oro

Herriak urri eta hiriak oro –

Gaindegiak, Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategiak, geure geografiako hiriek eta herriek azken urteetan (2008-2018) izan duten bilakaera demografikoa aztertu du, eta mapa interaktibo batean jarri ikusgai; mapaz gain hainbat ondorio ere plazaratu dituzte. 

3.152.200 biztanle gara Euskal Herrian, horietatik %17,4 soilik landa eremuan. Gaindegiaren arabera “demografikoki geografia bereziki sentikorra da Estellerrian, Zuberoan, Erronkari-Zaraitzun, Auñamendin edo Garazi Baigorri bezalako eremuetan”, eta “funtzionalki eskualdeburuak dira lurralde orekari eusten dioten sujetoak”. Euskal Herria osatzen duten 686 udalerrietatik 339 udalerrik biztanleria galdu dute azken hamar urteetan. Horietatik, 291 udalerri landa-eremuan kokatzen dira.

Biztanleria fluxuekin erabat lotuta daude jaiotza eta heriotza tasak ere. Herri txiki batzuk daukaten biztanleria galera ez da, ziurrenik, biztanleria migrazioaren ondorioa, baizik eta heriotzena batetik, eta jaiotze faltena bestetik. Hots, herri horiek inertziaz iraun dute, XX.mendeko landatik hirigunerako migrazio uholde handiaren baitan egon zelako jende bat herrian geratu zena. Iraun dute, baina heriotza sinatuta. Adibide bat jartzearren, Ekalan (Goi-Amezkoak, Estellerria) 30 lagun baino gutxiago bizi badira, eta gazteenak 65 urte badauzka, Gaindegiak hemendik 20 urtera aterako duen azterketan herri huts bat gehiago dagoela esango digu.

Herriak urri eta hiriak oroKontutan hartzeko moduko beste fenomeno bat “lotarako herrien” fenomenoa dela azpimarratzen du Gaindegiak, bereziki Lapurdiren kasuan. Jarduera ekonomiko ia guztia xurgatzen dute BABek (Baiona-Angelu-Biarritz) eta kostaldeak, eta hiriaren elitizazio eta garestitze prozesua tarteko, geroz eta jende gehiago doa barnealdera bizitzera. Bizitzera baino, etxea erostera, bertan lo egiteko. Antzekoa gertatzen da Gasteiz inguruko makina bat herritan (Araba da muturreko adibidea, herrialdeko populazioaren %85a bizi baita hiriburuan), begiratu besterik ez zaio egin behar Iruñerriko gerriko urdinari (%6,8 igo da) , eta antzeko arrazoiengatik  hazi da hain era basatian Astigarraga (Gipuzkoa): 2008an 4.522 biztanle zeuzkan, eta iaz 6.272. Hirian lan egin baino etxebizitzaren prezio tarteko herri batera joatea EHren luze-zabalean dagoen fenomenoa dela interpretatu daiteke mapari begiratuta: Zarautz-Aia, Zarautz/Donosti-Orio, Irun-Hendaia, Bilbo-Uribe Kosta…

Tendentzia globala da, geroz eta jende gehiago bizi da hiriguneetan. Baina honek desoreka larriak dakartza: sozialak, ekologikoak, linguistikoak, kulturalak, ekonomikoak…

Nola bilatu orekak? Gakoetako bat ekonomian dago, eta landa eremuan lanpostu bideragarriak eta duinak sortzeko modu onena (boterea hartzeaz gain) antolakuntzan eta kooperatiban dagoela ziur naiz; Udalbiltzak esperientzia interesgarriak abiatu zituen, adibidez “Biba Xiberoa” eta “Pirineoan lan eta bizi” proiektuak. Bestalde, beti irudikatzen ditugu herri txikiekin lotutako ofizioak  (lurra, basoak, animaliak…), baina horietaz gain, aurrerapen teknologikoek zenbait ogibide landa eremuan garatzeko aukera eskaintzen dute: itzulpengintza, programazio informatikoa, komunikazio zerbitzuak…

Edo zer iruditzen zaizu zuri?

Herriak urri eta hiriak oro

Mairua naiz behelaino artean. ZUZEUko erredakzio kide; Bertsolari.eus aldizkarian koordinatzaile. Estellerria.

3 pentsamendu “Herriak urri eta hiriak oro”-ri buruz

  • Benat Castorene 2019-07-25 19:33

    Artikulu interesgarria, Beñat, eta ezinago aproposa.
    Delako desorekari buruz zure kezka anitzek konpartitzen dugu araiz, eta, pista bat horrela iradokitzen diguzularik :
    « … landa eremuan lanpostu bideragarriak eta duinak sortzeko modu onena (boterea hartzeaz gain) antolakuntzan eta kooperatiban dagoela ziur naiz » oraindik ere ados izanen gara.
    Koperatibek anitz eman dute Herriari eta segitzen dute ainitz emaiten, nahiz orai arrakastarekin piskat sekularisatu diren.
    Zer nahi gisaz, orai koperatiba (edo enpresa klasiko ) berri bat sortzea oso zaila bilakatu da XX.mendearen erdiarekin alderatuta.
    Izan ere, mundu merkatua, gizartea eta giza banakoa bera ere eraldatu egin dira.
    Behar da teknologia altuko produktu bat, kapitala mordo bat, eta, konpliktuena ekipa bat gaitza. Hau guzia errazago bilduko duzun Arrasate inguruan Aiako kaskoan baino.
    Iradokitzen duzun « antolakuntza » hura jorratu beharko da kooperatibaren eta baserriaren ereduetarik inspiratuz haratago joaiteko eta gaurko erronkari aurre egiteko.

  • Kaixo Beñat:

    Diozun moduan, ziur “enpresa klasiko” bat sortzen saiatzeak animaleko inbertsioa eta esfortzua eskatuko dituela, baina nik uste egun makina bat esperientzia berritzaile jorratu direla Euskal Herriaren luze zabalean.

    Batetik, uste dut SL bat sortzeko 3.000€-ko kapitala dela gutxienekoa, eta kooperatiba bat sortzeko laguntza juridiko, logistiko eta ekonomikoa ematen duten sareak daude. Etxera begira zinez txalotzekoa da Talaioseko lagunek egiten duten lana, kooperatiba txikiak sortzen lagunduz ezker-eskuin, bideragarritasun planak egiten, aholkularitza teknologikoa… Ez dago zertan bakarrik arriskatu gisa horretako abenturetan, bada bidean laguntza ematen duen jendea.

    Zenbait lanpostu garatu daitezke norabide horretan, herri txikietan? Aukerak oso zabalak dira: arropa diseinatzaile batek ez du zertan Baiona erdian bizi, ez eta arkitekto batek Bilboko zentroan, edo Euskal Herriko edozein txokotara bidaliko duten argazkilari profesional batek Iruñean… baina herri txiki batzuetan bizi egin behar da. Kexu gara Erronkari eta Zaraitzu, esaterako, husten dabiltzala eta, baina gertuen daukaten ospitalea Iruñekoa da. Barañainen bihotzeko batek ematen badizu akaso ongi hantxean iritsi zaitezke ospitalera; baina Itzaltzun ematen badizu, eta neguan, baaaa….

    Beraz, zer da lehenago? Arrautza edo oiloa? Lanpostuak edo azpiegiturak? Zeren lanposturik ez badago, ez da jendea bizi eta beraz ez dago zerbitzurik; eta nola ez dagoen zerbitzurik, geroz eta gogorragoa da herri txiki batzuetan bizitzea, eta ez dira lanpostuak sortzen…

    Estrategia integral sendoak soilik botere postuetatik egin daitezke. Herri mugimenduak eskain ditzake baliabideak jada herri txiki batean bizi nahi duen norbaiti erraztasunak jartzeko, baina ezin da erabat erakargarri bihurtu gainontzekoentzat ez bada ospitalik, eskolarik, edota bestelako zerbitzurik.

    Diozun bezala, baserriaren eredua ere kontutan hartu beharrekoa da, eta uste dut, zentzu horretan, Lurzaindia bezalako eragile bat hegoaldean beso zabalik hartu, zabaldu eta errotu behar litzatekeela, herri mugimenduetatik hasi eta instituzioen babesa jasoz ere.

  • Beñat Castorene 2019-07-26 17:47

    Beñt, ageri da gaiari pentsatu duzula jadanik. Talaiosi dagokionez, ez nuen ezagutzen, milesker, interesgarria emaiten du.
    Segi dezagun pentsaketan.
    Demagun zure arropa deseinatzaleak erabiltzen dituela lihoa eta artilea, eta, arropak Txinan egin arazi beharrean egin arazten dituela auzoko fabrika batean bertako laborariek ekoiztutako liho eta artilearekin, besterik ere ekoitziko eiki dute segituan. Sortzen ditutzu jadanik dotzena erdi baten ogibidea
    Gainera delako arkitektuak etxe ekologiko inteligenteen planoak ( eta murru piskat ere) egiteaz gain euskal filosofia eta euskal historia kurtsuak, ikastolan jasotzen ez dutenak, emaiten balitu horko ikasleei, segituan sortzen da euskal auzo bat prest aktiboki eta praktikan aurre egiteko globalizazioari.
    Normalean eta printzipioz ametsaren kontra nago, bainan hau ez da ametsa bat, baizik eta hipotesia bat euskaltasunari aterabide bat eman nahian.