1521, Nafarroaren liberazioa
1521, Nafarroaren liberazioa –
María del Rosario Cayetana Fitz-James Stuart y Silva andreak, Albako duquesa eta Espainiako “Handiak”, euskaraz kantatzen zuen abesti bakarra “Inazio gure Patroi handia” esanez hasten dena zen. Ignazioren bizitzaz eta Nafarroako konkistaren historiaz zerbait dakienari ez zaio harrigarria egingo, ez horixe! Dakienak bai baitaki, gure Ignazio gazte denboran, arma gizon eta gonazale porrokatua zen garaian, Fadrique Alvarez de Toledo, Albako II. dukearen zerbitzura zebilela. 1512an Nafarroaren konkistatzaileen buruaren eta Espainia osoko harrapari “Handiaren” zerbitura alegia.
1521eko maiatzaren 16an, ordea, Enrike II. zangozar errege nafarraren tropek Garazi berreskuratu ondoren, Errozabaleko zelaiak zeharkatu zituzten Iruñerako bidean. Espainiak jarritako erregeorde zen Antonio Manrique de Lara Naiarako dukea ihesean abiatu zen hiriburuzagiko euskalnafarrak atzetik segika zituela. Ignazio Lopez Loiolakoa (hala inscribatu omen zuten gaztelako armadan) Iruñean geratu zen gaztelako estandartea defendatzen. Akaso, oinaztar gipuzkoarra izanik, gupidaren merezimendua izango zuelakoan altxa ziren herritarren partetik.
Foixko Andre Lesparreko jauna buru zuten soldadu euskalnafar, bearnes eta frantziarrak maiatzaren 19an sartu ziren Iruñean. Bertan geratu ziren gaztelarrak, Ignazio Loiolakoa ere tartean, Santiago gazteluan gotortu ziren. Egun batzuk tiro, su eta bonbardaketa medio gaztelua suntsitu zuten eta Ignazio larri zauritu zuten. Zugastiko Esteban bere ahaideak jaso eta Azpeitira eraman zuen Ignazio. Maiatzaren 22rako Iruñea aske geratu zen eta Nafarroa independentea zen berriro. Liberazioa ospatu zuten euskalnafarrek ahalik eta ekainaren 30ean, Noaingo zelaietan, berriro erresuma galtzen hasi ziren arte.
Ignaziok altzairuzko armak utzi zituen egurrezko eta paperezko elizarenak hartzeko. Bidean, Frantzisko Jatsu Azpilikueta Xabierko nafar euskaldunarekin topo egin zuen Parisen. Xabierko Frantzisko portugaldarren kolonietan misiolari ari zela hil zen, bere azken hitzak “bizkainoz” emanez. Ignazio, berriz, Erromako Vatikanoaren mihisi artean zendu zen, elizaren eta Gaztelaren zerbitzura.
Bi kontutxo, Beñi:
“Dakienak baitbaidaki” ez, baizik “Dakienak bai baitaki”.
“Xabierko Frantzisko portugaldarren kolonietan misiolari ari zela hil zen, bere azken hitzak ‘bizkainoz’ emanez”.
Emango al zenuke horren erreferentziarik, mesedez?