EuskarAbentura 2019 espedizioa Gipuzkoan sartuko da gaur
EuskarAbentura 2019 espedizioa Gipuzkoan sartuko da gaur –
Datozen lau egunetan Barnealdeko Donejakue bidean aurrera segituko dute, lurraldean barrena, Iruneraino.
- Araia – Zerain bitarteko 22 kilometroak osatuko dituzte gaur. Espedizio osoko etapa menditsuena izango da. Esfortzua saritzeko, herri-afaria eta kantaldia egingo dute iluntzean Zeraingo herritarrekin batera.
- Tolosan, Hernanin eta Irunen ere egingo dituzte geldialdiak.
Uztailaren 11n sartu ziren jzioquitarrak Araban. Oinezko kilometrorik gabeko eguna izan zen, ez hargatik motela. Nafarroa mendebaldeko Viana hiri historiko-monumentalean esnatu ziren, eta handik Donemiliaga Kukulara mugitu ziren autobusez. Bertako Yuso monastegia bisitatzeak EuskarAbenturaren leloa eta jzioquitarren beraien izenaren zentzua eta zergatia ulertzeko balio izan zien gazteei. Monastegi horretan baitaukate gordeta orain arte aurkitutako euskarazko esaldi idatzi zaharrenak jasotzen dituen eskuizkribuaren erreplika. Esaldiok glosak dira (Donemiliagako Glosak), Aemilianensis 60 latinezko kodexaren bazterretan X. mendearen bukaeran edo XI. mendearen hasieran euskaraz eskuz idatzitako oharrak dira: “Jzioqui dugu guec ajutu ez dugu”. Yusotik aterata, berriz ere autobusez, Araba aldera egin zuten, Gesaltzara. Gatzagak bisitatu ostean, herriko igerilekuan eman zituzten arratsaldeko azken orduak eta, eguna borobiltzeko, iluntzean, bertako belardian esterak eta lo-zakuak zabalduta, gora begira, astronomia tailerra egin zuten. Gaua izar azpian eman zuten (vivac).
Uztailaren 11ko argazki-galeria osoa HEMEN
Aurreneko ganorazko etapa arabarra uztailaren 12koa izan zen: Gesaltza – Argantzun. Gatzagen aurrean Beatriz Artolazabal Enplegu eta Gizarte Politika sailburuarekin, Agurtxane Llanos Eusko Jaurlaritzako Gazteria Zuzedariarekin eta Juan Carlos Medina Martinez Añana-Gesaltzako alkatearekin familia-argazkia egin eta berehala ekin zioten bideari, 19 kilometro zituzten begi aurrean. Ibilbide laua izan zen; gari-, garagar- nahiz ekilore-soroz inguratua, baina errepide gainekoa neurri handi batean eta, beraz, beroa erruz sufritu zuten taldekideek. Argantzun herrira iritsi bezain pronto, Zadorra ibaian freskatu ziren frontoian kanpalekua ezarri eta bazkaldu aurretik. Arratsalde mamitsua zetorkien: Argantzon Ikastola bisitatu zuten lehenik, 2003 urtean 11 umerekin abiatutakoa eta Argantzun nahiz Trebiñu euskalduntzeko lanean segitzen duena. Bisitak, bide batez, Trebiñuko egoera soziolinguistikoa ulertzeko balio izan zien jzioquitarrei. Ondoren, herriko frontoian, Kolore Guztietako Basoak elkarteko Urtzi Goiti biologo eta EHU/UPVko irakaslearen hitzaldia entzun zuten adi-adi, oihangintzaren ingurukoa eta, oro har, Euskal Herriko baso-paisaiak jasan dituen eta jasaten ari den aldaketen ingurukoa. Mezu nagusi bat helarazi zien: “Euskal Herriko baserri-paisaia galdu genuen, besteak beste, pinua modu masiboan landatzen hasi ginenean; monokultibo, baina, krisialdian da orain eta, beraz, abagune egokia da baso-kudeaketa alternatiboei begiratzeko”.
Uztailaren 12ko argazki-galeria osoa HEMEN
Aurrekoekin alderatuta, 13.etapa ezberdina izan zen, batez ere jzioquitarrek gurasoen bisita jaso zutelako. Egunak Argantzunen argitu zuen EuskarAbentura 2019 espedizioan parte hartzen ari diren 121gazteentzat eta eurekin batera bidean aurrera doazen familia urdineko kideentzat ere. Goizean goiz hasi zuten 17 kilometroko etapa, eta Villanueva de la Oca izeneko herrian hartu zuten Donejakue bidearen xenda, kasu honetan kontrako norabidean, Gasteizerantz alegia. Subillana herrian atseden hartu eta berrindartu ostean, Mendizorrotzara arteko azken kilometroak osatu zituzten. Hantxe zeuden Gasteizko Udaleko Marije Portillo Euskara Zerbitzu burua, Gazteriako zuzendaria den Oskar Fernandez eta Estitxu Pereda alkatetza zuzendaria, jzioquitarrei ongietorria emateko prest. Segidan, autobusez, Gamarrako igerilekuetara mugitu zen talde osoa. Hango belardian eserita bazkaldu zuten, eta 15:30ak aldera hasi ziren iristen lehen senideak: besarkadaz, musuz, eta gutiziz (urdaiazpikoa, patata tortillak, tartak, amonaren gailetak…) hornitu zituzten gazteak. Baina bisita laburra zela bazekiten, eta 17:00ak aldera EuskarAbentura 2019 espedizioak bere bidea berrartu zuen. Berriz ere autobusez, gazteak Gasteizko alde zaharreraino mugitu ziren, xerpek prestatutako Ginkana Ekologista gainditzea baitzuten eguneko azken proba. Hiriko puntu batetik bestera galderei erantzunez eta probak gaindituz gazteak mugiarazi zituen ginkana honetan, besteak beste, Zero Zabor eta AHTrik Ez elkarteetako kideak aritu ziren jzioquitarrei azalpenak eta informazioa ematen.
Uztailaren 13ko argazki-galeria osoa HEMEN
Arabako azken etapak, uztailaren 14koak, hiriburutik Araiara eraman zituen EuskarAbenturazaleak. Baina trenez egin zuten, eta soilik geltokitik herriko frontoirainoko tartea osatu zuten oinez. Goizean soziolinguistikaz aritu ziren ‘Araba eta euskara, geroz eta errima biziagoa’ izenburupean, EuskarAbentura elkarteko kide diren Ane Pedruzok eta Imanol Zabaletak gidatuta. Arratsaldean, ordea, Iñaki Viñaspre Arabako Bertso Txapelketako irabazlearen bisita jaso zuten eta sekulako saio parte-hartzailea egin zuten hiphop, rap, beat box, dantza eta mota guztietako inprobisazio erakustaldiak konbinatuz. Gainontzekoan, lasai antzean joan zen eguna, biharamuneko etapa gogorrerako indarra gorde nahi baitzuten batzuek eta besteek.
Uztailaren 14ko argazki-galeria osoa HEMEN
EuskarAbentura 2019 espedizioak Gipuzkoa barnealdean emango dituen egunetarako aurreikusitako etapak eta hitzordu garrantzitsuenak honakoak dira, hurrenez hurren:
– Uztailak 16: Zerain – Tolosa, 10km.
– Uztailak 17: Eguna Tolosan.
– Uztailak 18: Tolosa – Hernani, 22km.
– Uztailak 19: Hernani – Irun, 25km.
– Herri afaria eta kantaldia Zeraindarrekin batera. Uztailak 15, Zerain.
– Meategietara bisita eta karlismoari buruzko azalpen historikoak Asisko Urmeneta ilustratzailearen eskutik. Uztailak 16, Ormaiztegi.
– Soziolinguistika tailerra Kike Amonarrizekin batera. Uztailak 16, Tolosa.
– Gizarte ekonomiari buruzko mintegia Enekoitz Etxezarreta eta Ion Morandeira GEZKI-ko (Gizarte Ekonomia eta Zuzenbide Kooperatiboaren Institutua) kideen eskutik. Uztailak 17, Tolosa.
– Martin Ugalde Kultur Parkera eta Berria egunkariko erredakziora bisita. Uztailak 18, Andoain.
– Sexu eta genero identitate aniztasunari buruzko mintegia Hiruki Larroxa Kolektiboko Ibai Fresnedo eta Egoitz Arbiol kideekin batera. Uztailak 18, Hernani.
– Hernani eta Irun arteko etapa Jakoba Errekondo agronomo eta paisajistaren konpainian. Inguruko baratze eta basoen interpretazioa. Uztailak 19.
– ‘Muga eta mugalariak’ saioa Asisko Urmeneta ilustratzaileak gidatuta. Uztailak 19, Irun.
– Ikuspegi Inmigrazioaren Behatokiko Gorka Moreno kidearekin eta adin txikiko hainbat etorkinekin tertulia. Uztailak 19, Irun.
EuskarAbentura 2019 espedizioa Gipuzkoan sartuko da gaur