Ospakizun erraldoi baten kronika (Berri Txarrak lagun artean)

Ospakizun erraldoi baten kronika (Berri Txarrak lagun artean) –

Berri Txarrak taldeak atzo Kobetamendin ospatu zuen festa antolatu zutenek, “ospakizun erraldoi baten kronika” helarazi digute; honako hauxe:

Atzapar Rock sakanako taldeak eman dio hasiera gaurko jaialditzarrari. Sakanako 14 eta 16 urte bitarteko neska mutilek osatutako taldeak, Berri Txarraken horren ezaguna den esaldia gorpuztu du: Ez dadila haria eten. Arratsaldeko 16:30etatik 20:30etara Ahotseneak kudeatu duen egitarauan etengabe aritu dira oraindik urte gutxiko ibilbidea duten zortzi talde, aurten plazaratu dituen disko berrietako kantak ordu erdiko emanaldietan aletuz, gure herrian musika proposamen anitz dagoela baieztatuz. Ez, haria ez da eten, dudarik gabe eta ez da etengo baldin eta gaur legez, euskal herritarrek bertoko musikarien lana aintzat hartzen jarraitzen badute. 

Ahotsenean musika proposamen etenik ez zuten bitartean, Basoa gunean Erraia, Meeting Point, Trakamatraka, Kolpez blai eta Ez da kasualitatea ikuskizunek milaka lagunen arreta eurenganatu dute. Musika, zirkoa, antzerkia, dantza, transmisioa eta bertsolaritza. Egungo euskal sortzaileen eskeintza garaikidea, kritikoa, hunkigarria, alai, hurbila. 

Zinez diogu arratsaldeko kultur eskeintzak jaialdi bihurtu duela kontzertua zena. Arratsaldeko lehen orduetatik Kobetamendira hurreratu diren milaka lagunen bisaietan ageri zen pozak giro itzela sortu, 21:15ean Broken Brothers Brass Band talde iruindarrak irakinarazi eta Gorka Urbizu, David Gonzalez eta Galder Izagirreren eskenaratzeak leherrarazi duena. Sumendi bilakatu da Kobetamendi. 

Ospakizun erraldoi baten kronika (Berri Txarrak lagun artean)
Argazkia: Tom Hagen.

Errenkadan, bata bestearen atzetik etorri dira 37 kanta, ikusentzuleek zein baino zen ozenago kantatu dutena, Berri Txarrakek etenaldi mugagabea egingo duela jakinki, taldearekiko zilbor hestea betikotuz. 

Apartekoa Lagun Artean honi zentzua eman dioten musikari gonbidatuen parte hartzea. Denak dena emanda aritu dira eta astean zehar Altsasuko Iortia kultur-etxean burutu dituzten entseguetako lan eskergak merezi izan duela frogatu dute.

Euskal talde bat, euskal musika, euskal kultura aitzakia bakar, inoiz bildu den jendetzarik handiena elkartu da gaurkoan Kobetamendin. 20.000 lagun inguru. Ahaztea kostatu zaigun ospakizun erraldoia. 

Jaialdia antolatu dugunon izenean, eskerrik asko hurreratu diren zaleei. Ez duzue gutxiago merezi.

__________________

Bestalde, Gaizka Peñafielek atzo Kobetamendin egin zituen argazkiak erabilpen librean eskegi ditu, hemen. Eta Berri Txarrak taldeak jotako setlista osatu du Oihan Txabarrik; azpian duzuena:


Argazkia: Gaizka Peñafiel.
Ospakizun erraldoi baten kronika (Berri Txarrak lagun artean)

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude