Julian Irizar Antartikako izozmendien artean
Julian Irizar Antartikako izozmendien artean –
Haien burua euskalduntzat hartzen duten
diasporako anaia-arreba guztien
omenez eta oroitzapenez.
.
Euskal Herriak arlo guztietan nabarmendu diren seme-alaba gartsuak eman ditu. Horietako aunitz euskal lurretan jaioak, beste asko gure diaspora zabalean. Hauxe da Argentinan sortutako Julian Irizar itsasgizon handiaren kasua. Ikus dezagun.
.
1.- Julian Irizarren lehen itsas ibilerak
Julian Irizar Etxeberria 1869ko urtarrilaren 30ean jaio zen Argentinako Capilla del Señor izeneko herrian, Exaltación de la Cruz parrokian, hain zuzen. Aita, Joan Joxe Irizar, Oñatikoa zen eta ama, Ana Etxeberria, Zumarragakoa. Ameriketara, bizimodu hobe baten bila joanak ziren. Lehengo urteetan herriko kalean kokaturiko baserri moduko batean bizi izan ziren, eta gero herritik kanpo, landa zabalean. Aitak, herriaren kanpo aldean bazuen xaboitegi bat. Txikitako lagunen artean, Pedro Salaberri eta Maximo Barnetxea euskaldunak eduki zituen. Arreba Kontxita Zarateko kaian zen Itsasontzi Eskolan astronomia, nabigazioa eta aljebra erakusten zituen Luis Pastor gaztearekin ezkondu zen, eta orduz geroztik Julian itsas jarduerekin loturik agertzen zaigu. Mutikoaren zaletasuna ikusirik, irizartarrek Julian Buenos Aireseko Itsasontzi Eskolan matrikulatzea erabaki zuten, eta gazte-gaztea zela harantz abiatu zen bere ikasketak egitera.
1886an bere lehen itsas bidaia burutu zuen itsas armadako ontzi baten tripulazioan. Osora 3.600 milia. Bidaia burutzeko berrogei egun egin zituen itsasoan eta 36 egun lehorreko portuetan, Deseadon, Santa Cruzen, Estatuen irlan, Ushuaian eta Puntas Arenasen geldialdiak egin zituztelarik. Itsasoan erakutsitako trebezia zela eta, 1891n ontzi alfereza egin zuten. Europara agindutako bidaietako batean, Euskal Herria, bere gurasoen eta arbasoen herria, ezagutzeko aukera izan zuen. Eta orduz geroztik, ama-lurraren ximikoa bihotzean sarturik eraman zuen beti.
1892ko uztailaren 6an, Rosales ontzian Ingalaterrara zihoala, ekaitz handi batek hartu zuen. Hurrengo egunetan ekaitzak indar handiz jarraitu zuen itsasontzia larriki matxuratuz. Ontzia abandonatu behar zela eta, eskifaiako gizonek hiru txalupetan ihes egin zuten. Horietako bat Julian Irizarrek gidatzen zuen. Beste biak itsaso haserretu hartan desagertu ziren betiko eta Irizarrek gidatutakoak Punta Bravako labarretan jo zuen. Bertan zihoazen batzuk hil ziren arren, Irizar eta gizon gehienak salbatu ziren.
1894ko ekainaren 26an, Julian Irizar Argentinak Boliviarekin zituen mugak finkatzera bidali zuten, eta han ibili zen Pilcomayo ibaitik Ipaguazu alderaino nabigatzen eta mugarriak ongi finkatzen. 1895ean fragatako teniente egin zuten. Hurrengo urteetan, Argentinako gobernuak agindutako zenbait afera zirela eta, La Argentina eta Presidente Sarmiento izeneko fragatetan Txileko, Peruko eta Tierra de Fuego aldeko itsasoetan nabigatu zen.
.
2.- Otto Nordenskjöld suediar doktorearen espedizioa
1901eko abenduaren azken egunetan Otto Nordenskjöld suediar doktorearen agindupeko Antarctic ontzia Buenos Airesetik atera zen Antartikako itsaso izoztuetarantz. Espedizio hartan, eta doktore ospetsu horrekin batera, Europako geologo, botaniko, kartografo eta metereologo famatuenak zihoazen. 1902ko urtarrilaren 10ean, espedizioa Snow Hill-era iritsi zen eta bertan lehorreratu ziren Nordenskjöld eta beste sei ikertzaile. Aterpe modukoa altxatu zuten bertan, eramandako aparatuak barruan kokatu zituzten, eta negua bertan pasatzeko prestatu ziren.
Antarctic ontzia Ushuaiaraino joan zen eta gero Georgietara itzuli, bertan negua pasatzeko asmotan. Azaroan, itsasontzia Snow Hill-era itzultzeko prestatu zuten, baina irten nahi izan zutenean, ezinezkoa egin zitzaien inguruko itsasoa hormatuta baitzegoen. Hori ikusirik, eskifaiako hiru gizon, Andersson, Duse eta Grunden, Esperantza Badian lehorreratu ziren eta oinez, Nordenskjöld doktore suediarraren aterperaino iristen ahalegindu ziren. Ezin izan zuten Gustavo Printzea izeneko kanala zeharkatu eta atzera egin behar izan zuten, Esperantza badiara, hain zuzen, eta bertan, guztiz isolaturik, inoren berri eduki gabe, bederatzi hilabete egin behar izan zituzten.
Bitartean, Antarctic ontzia Erebus eta Terror izeneko golkoan sartzen ahalegindu zen, baina alferrik, itsaso izoztuak eta izozmendiek bidea ixten baitzioten. Horretan ari zela, ontzia, hormen artean harrapaturik, gelditu zen Danger uharteen inguruan, eta korronteak hegoalderantz eramaten zuen hiru milia orduko abiadurarekin. 1903ko urtarrilaren 10ean, izotzen presioak itsasontzian lehen arraildurak egin zituen eta 12an tripulazioak ontzia abandonatu behar izan zuen. Noraezean zebilen izozmendi batean bilatu zuten aterpe eta hor izan ziren hamasei egunez, txiripaz Paulet irlara iritsi zen arte. Momentu horretatik aitzina, espedizioa hiru taldetan banaturik gelditu zen, beraien artean inolako ezagutzarik eta komunikaziorik ez zuten hiru taldetan. Suediar espedizioak Antartikan zeraman bigarren urtea zen. Azkenean, Anderssonek Gustavo Printzea izeneko kanal hormatua zeharkatzea eta Nordenskjöld doktorearekin topatzea lortu zuen.
.
3.- Julian Irizar espedizioaren erreskatean
Bitartean, Europan eta Argentinan, espedizioaren berririk ez izatean, kezkatzen hasita zeuden. Horretarako argentinarrek Uruguay izeneko ontzia hornitu zuten, eta Julian Irizar buru ezarririk, suediar espedizioaren bila bidali zuten. Ontzian zihoazen sendagileen buru beste euskaldun bat jarri zuten, Joxe Gorrotxategi zirujaua. Erreskaterako prestaturiko itsasontzia 1903ko urriaren 8an itsasoratu zen. Urriaren 20an Ushuaiara iritsi zen, azaroaren 4an Shetland uharteetatik sei milietara zegoen. Azaroaren 5ean, Brickman uhartearen aurrean zegoenean, ontzia itsaso hormatuan barneratu zen. Azaroaren 6an, Etna uhartea eta Joinville uhartearen iparraldeko Fitz Roy lurmuturra ikustatu zituzten. 7an Seymour irlara iritsi ziren eta 7aren eta 11ren artean, aipaturiko uhartean, Snow Hill-en eta Paulet uhartean, Antarctic ontziko naufragoak jaso zituzten. Esperantza badian, suediar zientzialariek topatutako fosilak kaxa handitan Uruguay ontzira sartu zituzten. Eta hori dena burutu ondoren, eta ekaitz handi baten azpian zeudela, Brasfield itsasartetik barrena abiatu ziren.
Ekaitzak 12tik 15era iraun zuen. Azken egun horretan haize bortitzak masta nagusia eta trinketa hautsi eta bota zituen. Eskifaiako marinelek, aizkora eskuan hartuta, trinketa ababorretik itsasora jaurti zuten eta masta nagusia istriborretik. Handik, zenbait ordutara, aurrera jarraitu ahal izan zuten. Azaroaren 18an Observatorio izeneko irla ikustatu zuten eta 22an Santa Cruzera iritsi. Bertatik euren itzuleraren berri eman zioten telegrafoz Argentinako Itsas Armadako ministroari. Albiste ona jakitean, Argentina osoa poztu zen. Azaroaren 24an, Irizarrek gidatutako itsasontzia Pengüin uhartera iritsi zen, 29an Punta Medanoseko faroa ikustatu zuten eta geroxeago Recaladakoa. Jadanik, Rio de la Platan zeuden eta bertara, ongi etorri egitera, Argentinako gobernuko kideak eta itsas armadako goi kargudunak zeramatzaten Lafayette eta Buenos Aires baporeak hurbildu zitzaizkien. Hortik aurrera, bi baporeekin batera nabigatu ziren eta 1903ko abenduaren 2an, Buenos Aireseko portura iritrsi. Hiriburuko kaiak ongi etorria egin nahi zioten hiritarrez gainezka zeuden.
1904ko urtarrilaren 10ean omenaldi beroa egin zioten Irizar komandanteari Buenos Aireseko San Jose ikastetxean, eta Marciano Moltalvo bardo itsu famatuak sentimendu handiko zazpi bertso eskaini zizkion. Hona hemen horietako lau euskaraturik:
Hor dago! Gora begira,
bere aurpegi ederra erakutsiz,
itsaso sakoneko hondarra
ikertu nahiko balu bezala.
Bazirudien haizearen
hegaletan ibili nahi zuela,
zeru zabala eta poloak
menderatu nahiko balitu bezala.
Amildegiaren ertzean
kulunkan zebilen bizitza zuen
eta adore handiaz
salbazioa atzeman zuen.
Itsaso izoztuan, hil zorian,
ziren gizon haiek
gaur bizirik daude
gure marinelei esker.
Mila esker eta ohore,
guztion aldetik,
Brown komandantearen
jarraitzaile sutsuei,
eta bereziki Irizarren agindupeko
Uruguai korbetari.
Argentina osoak ongi etorri
beroa egiten dizue.
Ohore zuri, Irizar handia,
gure omenaldi beroa zuretzat.
Harro gaude zure bidaiaz,
munduarentzat argia izan baita.
Zure sorlekua den
Exaltación de la Cruz herriak
atsegin handiz ohoratzen zaitu,
eta gaur zaitu omentzen.
.
4.- Irizarrek egindako beste itsas bidaiak
1904an fragatako kapitain egin zuten eta 1905eko ekainaren 17an euskal jatorria zuen Corrienteseko familia bateko alaba zen Enkarni Birasororekin ezkondu zen. I. Mundu Gerla hasi zenean, Julian Irizar Frantzian zegoen. Argentinako gobernurako zenbait itsasontzi egiten ari ziren Frantziako ontzioletan, eta Irizar komandantea zen itsasontzi horiek kontrolatu eta Argentinara eraman behar zituena. Gerraren beharra zela eta, Frantziako gobernuak bere ontzioletan egiten ari ziren itsasontzi guztiak errekisatu zituen, eta Irizarrek bideratu zituen frantses gobernuarekin afera horretan egin beharreko negoziazio guztiak. 1919an Argentinara itzultzean, gobernuak kontralmirante izendatu zuen eta 1921ean Itsas Armadako Lehen Dibisioko komandante-buru. 1923an Estatu Batuetara bidali zuten, bertan berritzen ari ziren Rivadavia eta Moreno gudu-ontzien modernizazioa berma zezan. Lan hidrografiko ugari burutu zuen, horien artean Gerlacheko kanalaren planoak.
Geroago, Itsas Armadako Bigarren Dibisioko komandante-buru izendatu zuten. 1926an Itsas Armada Nazionaleko almiranteorde egin zuten eta 1932an Itsas Prefekto Nagusia. 1933an, 62 urte zituela, eta ia 50 urte Itsas Armada Nazionalaren zerbitzura zeramatzala, erretiratu zen. Handik bi urtera, hau da, 1935eko martxoaren 17an, hil zen Irizar itsasgizon zuhur eta ausarta. Haren hiletara Argentinako lehendakaria, ministroak, gainerako gobernukideak eta itsas armadako goi kargudunak joan ziren.
Hauxe da Ameriketan jaiotako euskal seme gartsu baten historia. Argentinan maitasunez eta miresmenaz oroitzen dute. Bada ordua, Euskal Herrian ere ezagutu dezagun. Agur eta ohore Irizar komandanteari!