Banakoa
Banakoa –
Ekaitz Zilarmendik Dantzan atarian.
.
Kintoen tradizioa bizitzako mugimenduaren prozesuaren parte da. Etapa berri bati aurre egin aurretik, iragate erritua izango balitz bezala, hainbat desafio egin behar dituzte herriaren aurrean Aretxabaletako gazteek, kinttuek. 18 urte betetzen dituzten urteko San Juan bezperan, herriko plazara tantaia ekarri eta igo egiten dute. Hurrengo urteko otsailean, berriz, gazte talde horrek, Santaeskean egiten du; Santa Ageda bezperan baserriz baserri eta egunean bertan, kalean.
.
Baina ohitura honek badauka momentu garrantzitsu bat, nire ustez. Momentu hori, otsailaren 5ean hasi eta aratusteetako igandera arte luzatzen da: domekero, gazte horiek dantza egingo dute plazan. Arratsaldeko 19:00etan herria zain egoten da plazan. Txistulariek zabaltzen dute kalejira Durana kalean zehar Herriko Plazaraino. Atalataikoan eta lekaixoka etortzen dira dantzariak. Plazan lekua hartuaz bat, soka-dantza osatzen duten ertzetako kideek, desafioa dantzatzen dute. Ondoren, gazte guztiek, bata bestearen ondoren, banakoa dantzatzen dute. Gero ertzetako dantzari bakoitzak herrikide bana aukeratu eta aurreskua dantzatzen diote. Dantzari amaiera emateko, fandangoa eta arin-arina dantzatzen dute nahi duten herrikideekin batera, eta berriz ere atalataikoan, plazatik irteten dira. Ohitura honi hausterre-egunean ematen zaio amaiera, Txin erre ondoren.
2007an hasi nintzen ohitura hau dokumentatzen. Hasiera batean argazki solte batzuk zirenak, zentzua hartzen hasi ziren. Kintto hitza nondik datorren bilatzen hasi nintzen, baita ohitura honen beste aspektu batzuk aztertzen ere; besteak beste, duela zenbait urte ohitura nola ospatzen zuten. Denbora aurrera joan ahala, nire begirada propioa eman diot lanari eta atentzioa erritualaren zati batean jartzea erabaki nuen; Banakoan.
Lehen azaldu dudan bezala, Santa Ageda egunean hasi eta aratusteak arte, domekero herriaren aurrean dantzatzen dute. Norbanakoak, banakoaren bidez, bere burua aurkezten du herri edo komunitatearen aurrean. Gure herria, Aretxabaleta, sistema txiki bat da. Beste sistema txiki askorekin batera unibertsoaren parte den sistema. Gauza jakina da unibertsoa etengabeko mugimenduan dagoela, etengabeko eraldaketan. Kaotikoa da agian dantza honen mugimendua. Tarteka, unibertsoko elementuek fenomeno bereziak sortzen dituzten bezala, gure herrian ere, urtero lerrokatze berezia sortzen da. Sistemako elementuak modu berezian kokatzen dira, ordura arteko egoera eraldatuz.
Txikitasunean txiki diren elementuak, gure herriko gazteak, apur bat handiago bihurtzen dira egun horretan. Iragate erritual horretan, sistema osatzen duten izar txikiek, ohiturari jarraituz, banakoa dantzatzen dute, herriaren aurrean, eta eraldaketa horri bide ematen diote. Kintoen tradizioko banakoaren dantza birkokatzeko ariketa bat da, gazteek nondik datozen ahaztu ez dezaten eta ondoren osatuko dituzten sistema berri horietara hegan egiteko lur hartzea.