Motxilak
Motxilak –
Motxila berarekin daramatzat ia 12 urte, ezin aldatu. Egunero hustu eta bete, alde batetik bestera eraman… askotan bizkarra mindu arte. Baina, Altus, Kanken, Eastpak,… ez dira bizkarrean eramaten ditugun motxila bakarrak. Hezkuntzan askotan esaten den moduan, pertsona bakoitzak bere esperientzia, irrika, beldur eta kezkaz betetako motxila darama.
Zergatik kontatzen dizuedan hau? Ikasleek dakarten motxila kontuan hartu behar dela esaten digutenean, askotan huts egiten dugulako. Motxila horiek garraiatzen dituzte, haur bakoitzaren bizitza-istorio eta esperientziak; egiten ditugun ikasle erradiografietan, askotan, ez dira ñabardura guztiak antzematen.
Duela egun batzuk, klaseak amaitu, eta ikasle guztiak, pixkana, gelatik ateratzen hasi ziren. Kerman azkena gelditu zen, eta matematikako liburua motxilan sartzeaz ez ahazteko eskatu nion. Negarrez hasi zen, ez baitzuen etxera joan nahi. Bere etxeko lanak ez ziren 42. orrialdeko problemak. Anaia txikiari bazkaltzen lagundu behar izaten dio, eta, ohetik mugitu ezin duen amonari, bazkaria eman eta komunera lagundu behar dio egunero. 12 urte besterik ez ditu.
Etxeko zamak kudeatzea helduaroko kontua omen da, baina, zenbat ikasle egongo ote dira, Kermanen egoera berdinean? Haur horiek isilpean mantentzen dutena jasatea, ezin liteke edozein motxilatan garraiatu. Horrelako egoerak ez identifikatzeak duen arriskuaz ohartuta al gaude?