Txillidaren Haizearen Orrazia Donostian

Txillidaren Haizearen Orrazia Donostian –

Honen aurrekoan, Alderdi Ederreko On Kixote eta Santxo Panzaren eskulturaz aritu nintzen, nola hark brastakoan Madrilekin eta Espainiaren arima esentzialarekin lotzen gintuen, eta oraingoan, berriz, Donostiaren beste ikono batetaz arituko natzaizue: Eduardo Txillidaz, eta haren Haizearen Orraziaz. Ezer kendu gabe Oteizaren Eraikuntza hutsari edota Basterretxearen Bakearen usoa-ri, Haizearen Orrazia besterik da.

Donostia eta Gipuzkoa euskaldunarekin lotzen ote gaitu Txillidak?, euskaltasun unibertsalarekin?, euskalduna izanik aldi berean unibertsala, gizadi osoaren ondare ote dugu? Zalantzan ibili nintzen honen aurrekoan, eusko edo euskal eskultore unibertsal gisa aurkeztu behar nizuen, eta azkenean, “euskal” jarri nuen. Jende gehienarentzat zalantza hutsala, baina artikulu hau irakurtzera abiatzen denarentzat, beharbada, izan dezake axolarik, eta helduko diot.

1975ean, artean Iparraldean egotera behartua zen Martin Ugaldek elkarrizketa luze bat egin zion Donibane Lohizunen, Txillida Donostiatik hara joanda, Ugaldek debekatua baitzuen Espainiako estatuan hanka jartzea, politikoki arriskutsua zelako, nor eta Martin Ugalde! Elkarrizketa horrek liburu itxura hartu zuen, eta Txillidari egindako galdera askotatik bat izan zen zenbat obra zituen Espainian, eta erantzuna izan zen 15 zeudela Espainian, museo eta norbanakoen bildumen artean, eta zenbat obratatik?, eta erantzuna izan zen munduan zehar 150 bat zituela, New York (Utica), Paris, Basilea, Turin, Stuttgart, Erroma, Zürich, Kolonia, Pittsburgh, Lund, Brusela, Houston, Londres, Vatikanoa, Chicago eta Washingtonen, berak gogoan zituela. Eta Euskal Herrian? Txikiren bat izan ezik, bat bera ere ez enkargatua edo erosia. Bat, ba omen zen 1975ean Donostiari oparitua. Jaizkibel mendian ere bai Rafael Elosegiri eskainitako hilarria, eta beste bat Fleming-i eskainia, eta gero Donostiari eskainiko zion Haizearen Orrazia aipatu zion Ugalderi, artean gauzatu gabeko ideia baina ordurako urteetan egosten ari zuena bere baitan.

Garbi ikusten da non zen estimatua eta aintzat hartua, eta non ez. 1975ean, Europan eta Ameriketan eskultore garrantzizkoa zen, eta gutxi(ago) aitortua Espainian, eta Euskal Herrian.

Herri- edo hirikide zuen Txillardegik, Ugaldek elkarrizketatu baino lehen, 1969an -Bruselan zen orduan Txillardegi, erbesteratua; ez dakit ezagutzen zuten elkar Txillidak eta Txillardegik; segur aski ez!- artikulu bat eskaini zion Zeruko Argia-n. Aitortzen zuen antigutar handiak ideia zipitzik ez zuela irudigintzaz, baina Le Monde egunkariko delako P.M. Grand kritikariak Picassoren kidetzat jotzen zuela Txillida, eta harrotzekoa zela zioen. Europan eta Ameriketan famatua izateaz gainera, “Abendu hortantxe egindako kritikan ageri denez, aspaldidanik bezela, Txillida’ren imajiñek euskal izena daramate: «Iru Burni» (1966), «Bakuntza» (1968), eta abar. Txillida, hitz batez, geure Txillida da. Bere burnia harrigarriak euskeraz bataiatzen dituelarik, ekarria unibertsala du; eta itxura euskalduna. Hortara jokatuz, geure bidea erakusten digu donostiar famatuak. Zeren-eta, artista edo idazle geran aldetik, gure ekarriak gizatarra izan behar baitu, gaurko arazoei erantzun bat; baiña ekarri horiek, unibertsalak izanagatik eta diralako, euskaldunak izan behar baitute formaz. Kultura eta hizkuntza baten seme gera; ala ez gera ezer (…) Aspaldi huntan gure herriak eman dituen artistak eta idazleak sorterriaz lotsatu egiten ziran: Zuloaga, Unamuno, Baroja, eta beste anitz. Txillida, aldiz, Euskal Herria’z lotsatu beharrean, nun-nahi euskalduntzat har dezaten nahi du. Ausardia haundia eta eskergarria! Bi arriskutatik iges egin du Txillida’k, beraz. Alde batetik. euskaldun izan nahiz, ez da jatorkerian edo folklorekerian erori: txapelik gabe, Txillida’ren burniak euskaldunak dira. Baiña, bestetik ere, sasihaunditasunak ez du itsutu eta bereherritik erauzi: Txillida ez da sustrairik gabeko artista bihurtu. Zorionak, beraz, behin eta berriz!”.

Martin Ugaldek ere, nola ez, euskaragatik eta euskaltasunagatik galdetu zion. Zehazki: nola sentitzen zuen “lo vasco”?: “Es lo mío… Mira, yo he nacido en esta tierra y la quiero como se quieren esas cosas esenciales sin que haya necesidad de pararme a pensar mucho…Yo comencé a descubrir mi tierra cuando comencé a salir de ella. Y sobre todo al regresar, porque cuando uno vuelve a la tierra desde Madrid o desde París, el salto es grande. (…) Tú oyes hablar francés, castellano, en cualquier parte del globo, pero para escucharle a nuestra lengua el sonido, su música tienes que acercarte aquí… Por eso, para darle a la lengua de mi pueblo este paseo por el mundo, este “jalgi hadi plazara” de Dechepare (.) puse nombres euskéricos a muchas esculturas mías y a toda mi obra gráfica. Y esto empezó muy pronto en mi obra, porque a la primera escultura no figurativa que hice (…) le puse “Illarriak”.

Iragan mendeko 80ko hamarkadaren azken aldera, Joxe Azurmendik eta Paulo Agirrebaltzategik elkarrizketatu zuten bere etxe Intzenean –ama aldeko amona Urretxuko Intzenea baserrikoa zuen, eta hortik izena-, Haizearen Orrazitik oso hurbil. Eta, jakina, haiek ere antzeko planteamenduak eta galderak egin zizkioten. Hona lagin bat:

Dimensión universal e identidad vasca. No cabe duda que su obra escultórica ha adquirido una dimensión europea y universal. Sus esculturas están esparcidas en numerosos museos europeos y americanos;(…) Con todo ello, Vd. siempre ha afirmado y reafirmado su identidad vasca y la radicación euskaldun de su obra.

-Efectivamente. Creo sinceramente que mi obra tiene profundas raíces vascas. Me siento radicado en este pueblo. Y mi escultura es en definitiva expresión de la tradición cultural vasca.

-Y el euskara, ¿la lengua vasca? Alguno ha dicho que su obra “habla euskara”. ¿Qué lugar ocupa, en su sentir, el euskara en la identificación del Pueblo Vasco? ¿Cómo ve la lucha y la labor por su recuperación?.

-Por desgracia yo no hablo suficientemente el euskara. Llevo ahí una profunda espina. Mis nietos, sin embargo, lo hablan perfectamente. Yo considero que el euskara es algo fundamental, decisivo en la identidad de este pueblo. Y es sumamente importante y esperanzador su actual proceso de recuperación. Hay que seguir decididamente por ese camino. Hasta que todos los habitantes lleguen a hablar esta nuestra lengua…”.

Ni bat natorkio J.M. Odriozolari, Levi-Straussen ildotik, dioenean: “Hizkuntzaz haraindi ez dago ezer, kulturaren munduan sartzen garen unetik. Artistak, beste lanbide askotan bezala, bere hizkera eta kode bereziak erabiliko ditu berariazko produktuaren ekoizpena mamitzeko. Nolanahi ere, kultur eta arte erreferentzia oro hizkuntza jakin batean edo bestean pentsatua eta hezurmamitua dagoenez, inspirazio-iturri eta sormen-gaiak ez dira hizkuntzaz haraindiko gertakari sozialak, testuinguru historiko eta kultural baten altzoan txertatuak daudelako”.

Eduardo Txillida bere baitan pentsaketan ari zenean, gaztelaniaz arituko zen gehienbat, materiala lantzen ari zenean ere bai; han edo hemen irakurritakoak burura zetozkionean ere hor nonbait, eta egindakoaren berri emateko adierazpide nagusia ere gaztelania izan zuen hain segur, eta frantsesa, ingelesa, alemana eta euskara beste maila axalekoago batean erabili zituen. Horrenbestez, euskotar euskultorea, baina, Txillardegik, Ugaldek, Azurmendik eta Agirrebaltzategik hedatu zuten bezala, bere jatorria goretsi zuen eskultore unibertsala ere bai, bere garai historikoa kontuan harturik, eta erakutsi zuen jarrera erakutsita, frankismoan bere obrei euskal izenak jarrita eta.

Bederatzi urte behar izan zituen Haizearen Orrazia amestutako tokian jarrita ikusteko. Gaztetan hara joateko ohitura handia zuen, bakarrik edo bere bikotelagunarekin. 1952an, jada, buruan egosia zuen. Hasieran, orrazi bakarra egitea pentsatzen zuen, baina azkenean 23 piezako serie batetik hiru aukeratu zituen. Ondarretako hondartzaren ipar-mendebaldeko muturrean, Legazpiko Patrizio Etxeberriaren galdarategian egindako hamarna tonako altzairuzko hiru atal, kurbadura artikulatuz osatuak, haizea orrazten!

Euskaldun gutxi egongo dira leku hau gustuko ez dutenak, eta euskaldunak bezala zeinahi tokitako herritarrak -hori bai, gero eta masifikatuago, baina hori beste gai bat da-. On Kixote Alderdi Ederren, Donostiaren erdigunean, eta Txillidaren Haizearen Orrazia, hondartza-mutur batean…

Baina erdigunearen eta hondartza-mutur baten arteko diferentziak iradokitzen dutena alde batera, eta eusko-euskal gorabeherak gorabehera -gauza berbera Oteiza eta Basterretxearekin daukagu- bai ondare ederra utzi digula eskultore unibertsal honek!

Txillidaren Haizearen Orrazia Donostian
Txillidaren Haizearen Orrazia Donostian
Txillidaren Haizearen Orrazia Donostian
Txillidaren Haizearen Orrazia Donostian
Txillidaren Haizearen Orrazia Donostian
Txillidaren Haizearen Orrazia Donostian
Txillidaren Haizearen Orrazia Donostian
Txillidaren Haizearen Orrazia Donostian
Txillidaren Haizearen Orrazia Donostian

Idazlea, irakaslea, hizkuntza-normalizazioko teknikaria (Azkoitia)