Laurogei urte eta orain hau
Laurogei urte eta orain hau –
Amatiñok, Euskadi Irratiko Albiste Faktorian.
Hauteskundeak direla eta, ezker abertzaleak adierazi du politika egingo eta eragingo duela Espainiako Kongresuan. Benigno Baskaran eibartar sozialista historikoak esango lukeen moduan, laurogei urte eta orain hau!
Orain bost hamarkada, 1971an, frankismoa hilzorian zelarik eta nik 26 urte besterik ez, Eusko Alderdi Jeltzaleak gonbitea egin zien orduan sortu berri ziren talde ezker-abertzaleei, atzerrian zegoen Eusko Jaurlaritzan parte hartu zezaten. Erantzuna ezezko biribila izan zen, euskal gobernuarenak “aspaldiko kontu zaharrak” zirelakoan.
Orduko gazte haiek jeltzaleei leporatu zienez, 1936ko gerra hasi zenean hogeitaka urte zituzten gudariek berrogeita hamarretik gora zituzten Francoren heriotzaren bezperetan. Zaharregiak, antza, politikan ezer egiteko, eta, hartara, etorkizunik gabeko proposamen zaharkitua, antigoaleko Eusko Jaurlaritza.
Gero gertatu zen, ostera, 1959an hogeitaka urtez ETA sortarazi zuen gazteriak 60 urte kunplitu zuela Lizarrako itunaren garaietan, 70 urte luze ETAk armak utzi behar izan zuenerako, eta 80 urte, berriz, Espainiako Kongresuan eragin nahi izatea erabaki dutenerako. Hau da, Franco hil zenean gerra osteko jeltzaleak zaharrak baziren berrogeita hamar urte zituztelako, oraingo ezker abertzalearen ideologoak hirugarren edo laugarren adineko agure eta atso zaharrak baino ez dira.
Hirugarren adinekoak, bai, euskal erakundeetan parte hartzea erabaki zutenerako; laugarren adinekoak-edo, duela mende erdi Eusko Jaurlaritzan sartzeko gonbitea mespretxatu arren, orain lehendakaritza amesten dutenak. Eta benetan zaharrenetan azkenak, Madrilgo Kongresuaren politikagintzan eragitea erabaki dutenerako.
Zein erraza den gero 20 urterekin 50 urteko heldua zahartzat baztertu gura izatea; eta, zein zaila, 80 urteren bueltan, gazte berritzailearen itxurak egin nahi izatea.