Emakumeak ikus-entzunezkoan: (H)emen elkarteak 3 urte
Emakumeak ikus-entzunezkoan: (H)emen elkarteak 3 urte –
2015ean asko miresten nituen (ditudan) bost emakumerekin kontaktuan jarri nintzen. Emakume hauek ikus-entzunezko profesionalak ziren (dira) eta azken urtean buruan bueltaka nenbilkien proiektu batez hitz egin nien hainbat elkarrizketa eta bilera informaletan. Euskal Herriko ikus-entzunezko sektorean lan egiten dugun emakumeak elkartzeko behar bat sentitzen genuen eta proiektuari hala-hola forma eman ondoren, 2016ko martxoan (H)emen Elkartea sortu genuen Miren Aperribay, Iratxe Fresneda, Olatz Beobide, Uxue Jimenez eta Kristina Zoritarekin batera. Helburu nagusi bezala ikus-entzunezko emakumeon ikusgarritasuna sustatzea eta gure arteko sinergiak eta elkarlanak bultzatzea izanik, gogoz eutsi genion elkartea aurrera ateratzeko erronkari. Ikus-entzunezko proiektu baten lantaldea sortzeko garaian emakumeak kontutan hartzea ezinbestekoa dela jabetuta eta emakume hauek aurkitzea errazteko, proiektuaren ardatz bihurtu den datu-base bat sortu genuen.
3 urte pasa dira proiektua Tabakaleran aurkeztu genuenetik eta harro egon gaitezke lortutakoarekin, gure aurreikuspenik itxaropentsuenenak ere gainditu dituen proiektu bat garatu baitugu denon artean: Komunitate sortzaile oparoa osatzen duten 200dik gora profesional eta 50etik gora kontratatzaile erregistratu dira gure datu-basean, ekitaldi profesional ugari antolatu ditugu (30 inguru), ikastaroak, aurkezpenak eta kolaborazioak Donostiako Zinemaldia, Giza Eskubideen Zinemaldia eta Lekeitioko Zine Bilerarekin besteak beste. Elkarlanak sortu dira gure bazkideen artean, eta gure ikusgarritasuna, ahalduntzea eta kolaborazioak posible egin ditu elkarteak. Oraindik agian ez da nabari, baina hemendik urte gutxira Euskal Herrian emakume zine zuzendari gehiago ikusiko ditugu, teknikari emakume gehiago, eta gure sektorean berdintasunera iristeko asko falta den arren, gehiago gara kontzientzia feminista batekin lantaldeak sortzen ditugunok eta horren eragina ikusiko da etorkizuneko produkzioetan, zalantzarik gabe.
Elkarteak 3 urte betetzen dituen honetan nik neuk eta nire alboan izan dudan Kristina Zoritak zuzendaritza uztea erabaki dugu, gure proiektu pertsonalak garatzeko asmoak tartean. Elkartean jarraituko dugu noski baina bazkidetzatik, egunero hazten ari den komunitate zoragarri honen parte izaten.
Elkartearen zuzendaritza esku onenetan uzten dugu eta sortu genuenean zituen helburu berberekin elkartea hazten lagunduko dute bikainki. Lehendakaritza Olatz Beobide eta Lara Izagirrek hartu dute, eta elkarteari jarraipen ezin hobea emango diote.
Pertsonalki, elkartearekin lortu dudan altxorrik handiena bidean egin ditudan lagunak eta lankideak dira, profesional eta pertsona itzelak, eta izugarri irakatsi didatenak.
(H)emen elkartearekin ikus-entzunezko emakumeok gure bidean aurrera jarraituko dugu, elkarrekin, eta ez dugu atzera pausorik emango, geldiezinak garelako.
(H)emen Elkarteari buruzko informazio gehiago:
Elkarrizketa Azpimarran: